Bulego taldeak ez du Sonorica jaialdian joko
Bulego taldeak Sonorica Castro Urdialeseko jaialdian ez jotzea erabaki du, eta hala iragarri du sare sozialetan zabaldutako ohar batean. Uztailaren 18an jotzeko iragarrita zegoen azkoitiar taldea, baina atzera egitea eta bertan ez taularatzea erabaki du, “Bulegok helarazi nahi dituen askatasun balioekin zintzoak” izan behar duten ustean: “Palestinan gertatzen ari dena onartezina da eta kontraesanez betetako mundu batean jarraitzen dugun arren, kasu honetan gure posizionamendua ezinbestekoa zela sentitu dugu”.
Sonorica jaialdia, Viña Rock, Sonar, Resurrection Fest, Tsunami Xixon Festival eta Estatuko zein munduko beste hainbat jaialdi bezala (80, guztira), Superstruct Entertainment taldeari dagokio. Iaz, KKR inbertsio funtsak eta beste hainbat eroslek jaialdien talde hori erosi zuten, eta, beraz, Israelek Palestinan dituen asentamenduetan interesak dituen enpresa horrek loturak eraiki zituen musika jaialdi horiekin.
Horrekin ezeroso, hainbat taldek jaialdi horietara itzuliko ez direla edo, iragarrita egonik ere, joko ez dutela adierazi dute azken asteetan, El Salto hedabide digitalak jaialdien eta inbertsio funtsaren arteko loturen berri eman eta gero.
Superstructek ohar bat kaleratu du, informazio horien aurrean: “Ekitaldi eta jaialdietatik lortutako diru-sarrera eta irabazi guztiak gure negozioaren barruan geratzen dira osorik eta mundu osoko gure jaialdien garapen eta antolakuntzarako erabiltzen dira”, dio idatziak. Besterik da, noski, jaialdien bideragarritasuna funtsezkoa dela inbertsio funtsak irabaziak lortzeko, KKRk Superstructen duen parte-hartzea saltzea erabakiko balu, esaterako.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko