Ezpalak taldeak Resurrection Fest jaialdian jotzeari uko egin dio
Ezpalak taldeak ez du Resurrection Fest Galiziako jaialdian joko, hasieran bertako kartelean ageri baziren ere. Gipuzkoar taldeak aukerari uko egitea erabaki du El Salto hedabideak KKR jaialdi horren atzean dagoen inbertsio funtsak Israelek Palestinan okupatutako lurraldeetan dituen interesen berri eman ondoren.
Taldeak sare sozialetan azaldu duenez, oso zaila egiten zaie euren "ideiekin koherenteak eta konsekuenteak izatea eta jaialdi honetan edo inplikatutako beste batzuetan parte hartzea".
Bestalde, Resurrection Festeko langileei eskerrak eman dizkiete, "gure moduko talde bat kontuan hartu izanagatik eta gurekin izan duten tratu bikainagatik". "Palestina askatu" loeloarekin itxi dute oharra.
Bestalde, Pi L.T.k ere ez du joko Resurrection Festen, mungiarrak ere iragarrita bazeuden arren. Jaialdiaren webguneak eman du horren berri, taldeak ez baitu adierazpen publikorik egin.
Kohlberg Kravis Roberts (KKR) inbertsio enpresak espainiar Estatuan erosi dituen jaialdien artean dago Resurrection Fest, baita Sónar, Viña Rock, Resurrection Fest, O Son do Camiño, Arenal Sound, FIB eta Monegros Desert Festival ere.
Horiez gain, enpresaren datu publikoen arabera, Europa, AEB eta Israelgo software, zibersegurtasun eta datu enpresetan inbertsioak egin ditu KKRk azkenaldian.
Gizarte eragileek antolatutako protesten ondorio gisa, hainbat musikarik jaialdi horietan jotzeari uko egin diote. Euskal Herrian, Fermin Muguruza eta Kaotikok dagoeneko jakinarazi dute ez dutela Israelen interes ekonomikoak bultzatzen dituzten jaialdietan joko.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da