Hil egin da Manuel de la Calva, Duo Dinamicoko kidea, 88 urte zituela
Abeslaria Madrilgo Anderson Ospitalean hil da, 1958tik haren bikotekide artistikoa den Ramon Arcusak adierazi duenez.
Manuel de la Calva, ezkerrean, Ramon Arcusa taldekidearekin batera. Argazkia: Europa Press
Manuel de la Calva (Bartzelona, 1937) abeslaria, Duo Dinamico taldeko kidea, hil da astearte honetan, 88 urte zituela, Ramon Arcusa taldekideak sare sozialetan jakinarazi duenez.
Manuel de la Calvak Elizalde abiazio-motorren enpresan ezagutu zuen Ramon Arcusa, eta han lanean hasi ziren biak. Artean nerabeak zirela, garaiko idoloak imitatzeko elkartu ziren, eta, hala, 1958an, irratian aurkeztu ziren jendaurrean, The Dynamic Boys izenez. Saioaren aurkezleak, baina, Duo Dinamico gisa aurkeztu zituen.
Horrela, arrakasta ugariz markatutako ibilbide artistikoa hasi zuten, eta laster Atlantikoaren beste aldera jauzi egin zuten. 60ko hamarkadako lehen urteetan, gainera, lau film luzetan parte hartu zuten, protagonista gisa.
2014an, bikoteak Musika Bikaintasunaren Grammy Latinoa jaso zuen, musika-ibilbideagatik, eta beste sari batzuk ere jaso zituen, hala nola Laneko Merezimenduaren Urrezko Domina (2010) eta SGAEren Ohorezko Domina (2024).
Duo Dinamicoko ibilbideaz gainera, Manuel de la Calva konpositore, moldatzaile eta ekoizle ere izan zen beste artista batzuentzat; Julio Iglesias, Camilo Sesto, Nino Bravo eta Massielekin ibili zen, esaterako. Izan ere, 560 titulu baino gehiago erregistratu zituen SGAEn, 1960ko urritik bazkide izan zen erakundean.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko