“Nizugu” opera estreinatuko du Musika Hamabostaldiak
70 interprete igoko dira agertokira “publiko guztientzako moduko opera elebidunean”, Easo Abesbatzak eta Hamabostaldiak bultzatu duten seigarren ekoizpenean.
Donostiako Musika Hamabostaldiak eta Easo Abesbatzak “Nizugu” koprodukzioa estreinatuko dute gaur, asteartearekin, Victoria Eugenian, “euskal interpete gazteek taularatuko duten publiko guztientzako moduko opera”. Berrogeita hamar kantari eta hogei musikari izango dira oholtza gainean.
Neska-mutil guztiak Easo Eskolania, Easo Txiki eta Easo Sinfoniettako kideak dira, eta David de Oliveirak (zuzendari nagusia), Guillermo Amayak (zuzendari eszenikoa) eta Lucía Arzallusek (musika zuzendaria) zuzenduko dituzte.
Libretoaren egilea Marta Garcia da, musika Iñaki Carcavillak konposatu du; laneko elkarrizketak euskaraz dira, eta kantuen hitzak, gaztelaniaz.
2018an elkarlanean hasi zirenetik, Musika Hamabostaldiak eta Easo Abesbatzak estreinatuko duten seigarren ekoizpena da “Nizugu”, besteak beste “Itsasotik eskolara”, “Hirira” eta “Egia ala geruza” egin ondoren. Helburu bat dute bi-biok: generoa publiko berriei gerturatu, gazteek gazteentzat eginiko ikuskizunen bidez.
8 urte dituenetik 17 betetzen dituen arte mutiko batek hartzen dituen “ni” ezberdinek ardazten dute istorioa, eta haren gogoa hartzen dituzten sentipen eta jarrerak helarazten zaizkio ikusleari, hala nola jakin-mina, autoritateari aurre egiteko grina, gatazkak, hausnarketa eta autokontzientzia.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko