Azaroaren 14tik 21era
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hirokazu Kore-edak Zinebiko Ohorezko Mikeldi saria jasoko du

Zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdiak zuzendari japoniarraren lanen originaltasuna aitortu nahi du. Azaroaren 19an emango diote, Guggenheim museoaren auditorioan.
kore-eda
kore-eda

Zinebi, zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdia, azaroaren 14tik 21era izango da, Bizkaiko hiriburuan, eta aurten Hirokazu Kore-eda zinemagile eta gidoilari japoniarrari emango diote Ohorezko Mikeldi saria.

Haren filmografiaren originaltasuna, filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zinema panoraman duen esanahi pertsonala eta garrantzitsua aitortu nahi diote arduradunek goraipamenaren bidez.

Saria emateko ekitaldia azaroaren 19an izango da, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, “De tal padre, tal hijo” (2013) Kore-edaren beraren film luzea proiektatu aurretik.

Kore-eda (Tokio, 1962) zinema garaikideko zinemagile handienetakoa da, aditu guztien iritziz. Haren lanak poesia ukitu sakona duten gogoeta sakon eta iradokitzaileak dira nazioarteko ikus-entzuleentzat. Giza esperientziaren funtsezko zenbait elementuri buruzko istorio biziak eraikitzen ditu, familia, norbanakoaren eta taldearen oroimena, heriotza, dolua eta galeraren sentimendua gaitzat hartuta.

Zinemagile japoniarra azaroaren 18an helduko da Bilbora, edizio honetan jaialdiak eskaintzen dion zikloa inauguratzeko, eta Guggenheim museoaren auditorioan “Agosto sin él” bere film luzearen proiekziora joango da. Egun horretan bertan, eta “Sin embargo” film ertain dokumentala eman aurretik, Kore-eda Bilboko ikus-entzuleekin egongo da, besteak beste, zinema ulertzeko duen modua, bere filmak eszenaratzeko gakoetako batzuk, bere ardura etikoak, sozialak eta politikoak, eta zinema garaikideaz duen ikuspegia azaltzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Neguan joareak ozen entzuten diren ibar batean, Aiarak joaldun izatearekin amesten du.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Aurtengo Kimuak katalogoko film laburrak aukeratu dituzte

Zazpi film labur hauek hautatu dituzte euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko: ‘Aho beltza' (Alba Lozano), 'Al otro lado' (Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), 'Bitartean, gero' (Raúl Barreras), 'Hemen gaude' (Sébastien Boulard), 'High River' (Daniel Alegrete), 'Joare Tte' (Ekaitz Bertiz) eta 'Los Divulgators' (Pablo Hernando Esquisabel).

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Zinemaldiko kartel berriek zinemako zenbait ogibide dituzte protagonista gisa

Ricardo Darin aktore, ekoizle eta zuzendaria izango da Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko kartel ofizialaren protagonista. Jaialdia 2026ko irailaren 18tik 26ra bitarte egingo da. Kartelak Donostiako Wallijai estudioak diseinatu ditu. Darin protagonista den kartelaren kasuan, collagea sortu dute 2024an hartutako erretratu batetik abiatuta. Poster ofizialarekin batera, gainerako sekzioetako kartelak ere eman dira ezagutzera, zinemagintzako ogibideei omenaldi egin nahian. Hala, Darinen irudia duen posterrak interpretaziora garamatza, eta gainerakoek, berriz, honako hauekin dute zerikusia: gidoia (New Directors), soinua (Horizontes Latinos), zuzendaritza (Zabaltegi-Tabakalera), muntaia (Perlak), arte-zuzendaritza (Nest), makillajea (Culinary Zinema), efektu bereziak (Zinemira) eta ekoizpena (Made in Spain). Kartel horiei Klasikoak ekimeneko hiru kartelak gehituko zaizkie laster. Aurten, Jose Giovanni zinegile, eleberrigile eta gidoilari frantsesa omeduko dute hiru kartel horien bidez.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X