64. edizioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zinemaldiak Jacques Becker frantziarraren lanari begiratuko dio

Askoren iritziz, Renoir maisuaren parean dago Becker, zehazki, Jean Cocteau, Jean-Pierre Melville, Max Ophüls, Robert Bresson eta Jacques Tati egileen maila berean.
Jacques Becker
Jacques Becker

Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioak Jacques Becker zinemagile frantziarraren lanaren atzera begirako atala aurkeztuko du.

Jacques Becker Parisen jaio eta hil zen (1906-1960), eta hamahiru film luze besterik ez zuen egin denbora-tarte labur samarrean; 1942tik 1960ra bitartean. Kopuruz urria dirudien arren, maisulanetan oparoa izan zuen ibilbidea, Zinemaldiak ohar batean azaldu duenez. Horren adibide dira Casque d’Or (1952), Touchez pas au grisbi (1954) eta Le Trou (1960) filmak, Frantziako zinemaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bat dela esan ahal izateko nahikoak.

Ideologiaz komunista zen Becker, baina ez zuen sekula zinema soziala landu, ez bederen zentzu hertsian. Fronte Popularraren zineman jaso zuen prestakuntza Beckerrek, eta Jean Renoirren laguntzaile izan zen. La grande illusion (1937) filmaren egilearen eraginak jaso zituen, haren laguntzailea izan zenez, aipatutakoaz gain beste zazpi filmetan, baita Bigarren Mundu Gerraren aurretik Ameriketako Estatu Batuetako zinema klasikoarenak ere. Esate baterako, oso gustukoak zituen King Vidor eta Howard Hawks.

Klasizismoa igartzen da haren hasierako estiloan, baina berehala heldu zion modernotasunari, eta halabeharrez findu okupazio-garaian eta gerraostean. Ez da harritzekoa Cahiers du cinéma aldizkari ospetsuko kritikariek Frantziako gerraosteko zineman ontzat eman daitekeen zuzendari bakanetako bat dela esatea; izan ere, Truffaut, Godard eta tankerakoen iritzian –akademizismoaren etsai amorratuak haiek–, Renoir maisuaren parean dago Becker, zehazki, Jean Cocteau, Jean-Pierre Melville, Max Ophüls, Robert Bresson eta Jacques Tati egileen maila berean.

Izugarri zaintzen zituen xehetasunak Beckerrek, eta dotorea zen eszenaratzean zein atmosferak sortzen. Beckerrek inpresionismoa eta errealismoa uztartu zituen, arreta berezia eskaintzen baitzien kontakizunaren ingurune historikoari eta pertsonaien psikologiari.

Debut ofizialaren aurretik, Dernier atout (1942), Beckerrek pare bat film labur egin zituen, eta Fronte Popularraren hauteskunde-kanpainari buruz Frantziako Alderdi Komunistak sustatutako dokumental kolektibo batean ere parte hartu zuen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

“Argi gorriak” seriea martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman

Itziar Ituño protagonista duen komedia garratza ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago. Martxoaren 18an hiru atal estreinatuko dituzte, Kursaalen. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira seriearen sortzaileak, eta Gastesik berak zuzendu du. Antzeztaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas aktoreek osatzen dute. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X