Angel Alonso: 'Gure alea jarri nahi dugu Elkanoren irudia ezagutarazteko'
Ostiralean, uztailak 5, zinema aretoetan egingo duen zeharkaldia abiatuko du “Elkano, lehen mundu bira” Dibulitoon Studio gipuzkoar ekoiztetxeak egindako animaziozko pelikulak.
Angel Alonsok gidatu du familia osoari zuzenduta egindako abenturazko filma, eta Lurrean zehar egindako lehen itsastatzea du kontagai, Fernando Magallanesen gidaritzapean 1519an abiatu baina, hura hil eta gero, Joan Sebastian Elkano getariarraren agindupean burututako ia hiru urteko bidaia.
Alonsorekin hitz egin dugu, itsasaldi horren 500. urteurrenean estreinatuko den filmaz.
Zer kontatu nahi zenuten "Elkano, lehen mundu bira" filmean? Bidaia hartako zer alderdi gerturatu nahi dizkiozue ikusleari?
Dudarik gabe, arreta eman zigun Elkanoren figuraren inguruan dagoen ezjakintasunak. Oso deigarria iruditu zitzaigun nazioarteko azoka eta merkatuetan, proiektuaren inguruan hitz egiten genuenean, guztiok zutela Magallanesen berri baina Elkano, ostera, ezezagun hutsa zela. Nazioarte mailan, lehen mundu bira Magallanesek egin zuela esaten da, eta harrigarria iruditzen zitzaigun… Batzuetan, pertsonaia asmatu ote genuen ere galdetu izan digute.
Euskal ekoiztetxea izanik, ez zaigu bidezkoa iruditzen euskal marinel bat, lehen mundu biraren erantzulea, ezezaguna izatea. Horregatik jarri nahi izan dugu gure alea Elkanoren irudia ezagutarazte aldera.

Zein publikori zuzenduta dago filma?
Argi eta garbi, familientzako filma da. Gazteenek, gurasoek eta familiarte osoak gozatzeko pentsatutako pelikula da.
Nola dokumentatu zarete gertakari historikoaren berri emateko? Zein iturritara jo duzue?
Duela zehatz-mehatz 500 urteko istorioa izanik, lan eskerga egin dugu dokumentatzeko. Gehienbat, orduko grabatu eta marrazkiak erabili ditugu garai horretara ahalik eta gehien gerturatzeko, baita koadroak eta, noski, dokumentazio idatzia eta liburuak ere.
Nolanahi ere, animaziozko pelikula izanik, fantasia ukitu bat eman ahal izan diogu, beharrezkoa zela uste baikenuen bidaia bera zer izan zen aberastu eta modu gozoagoan kontatzeko.
Filma Malagako zinemaldian erakutsi zenuten, martxoan. Zer harrera izan zuen? Zer iritzi jaso zenituzten bertan?
Pelikula bat publikoaren aurrean aurkezten duzun bakoitzean, ikusitakoak zer erantzun izango duen galdetzen diozu zeure buruari, batik bat kontuan izanda umeak ez direla ikusle errazak.
Ume batek lehen hamar minutuetan pelikularekin bat egin ezean, nekez jarraituko du filma arretaz ikusten. Zorionez, Malagako emanaldira bertaratu ziren umeak, filma arretaz ikusteaz gain, harrituta agertu ziren abentura eta akzio gehien dituzten eszenen aurrean.

Heriotza, zapalkuntza, espansionismoaren ajeak… Nola irudikatu duzue bidaia honen epikaren itzaletan dauden alderdiak?
Gai zaila da, dudarik gabe, gertakari historikoetan oinarrituta dagoen pelikula bati buruz ari baikara.
Beti da erraza eztabaidatzea gertakariak horrela jazo ziren edo beste modu batera izan ziren, baina, egia esan, ez gara ari dokumental bat ikusteaz edo saio edo biografia bat irakurtzeaz. Fikziozko lan bat da, gertakari historiko batzuetan oinarrituta dagoena, baina abenturazko pelikula baten elementuak erabili behar dituzu.
Entretenitzea da kontua, eta ikusleari une atsegin bat ematea. Ez ahaztu familiei zuzendutako filma dela. Ezin gara sartu kontatzera historian benetan gertatu zena: lepo mozteak, hilketak, gaixotasunek eragindako heriotza agonikoak… Hori oso film ezberdina izango litzateke kontatu nahi genuenaren aldean.
Gatazkatsuak iruditzen zitzaizkigunak baztertu egin ditugu, eta pelikularen tonutik kanpo zegoela iruditu zaiguna “gozatzen” saiatu gara.
Teknikoki, zer izan da zailena pantailara eramateko?
Alde handiz, orain arte egin dugun pelikularik zailena izan da. Eta, nire ustez, oso zaila izango da etorkizunean honek izan dituenen mailako zailtasun teknikoak dituen film bat planteatzea.
Ekoiztetxe independente txiki bat garenez, beti saiatu gara elementu oso konplexuak saihesten: ura, ekaitzak, elurra, talde handiak… Hala ere, oraingoan, halabeharrez egin behar genien aurre, eta ahaleginak egin ditugu konponbide guztiak aurkitzeko eta gure aurrekontuaren halako ehun daukaten ekoizpenen mailan egoteko.
Batzuetan, arazo hauen aurrean, baliabiderik ezean, irudimen eta sormen handiagoan inbertitu behar izaten da. Pozik nago emaitzarekin. Uste dut azterketa gainditu dugula.

Musika asko zaindu duzue: Joseba Beristainek konposatu du, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (Fernando Velazquezek zuzenduta), Enrike Solinis & Euskal Barrokensemblek eta La Oreja de Van Goghek interpretatu dute. Zer ematen dio musikak istorioari?
Urte asko daramatzat Josebarekin lanean. Antzeko gustuak ditugu musikari dagokionez, eta, gainera, oso antzeko ikuskera dugu soinu banda bat zer den definitzeko orduan.
Zorionez, elkarrizketan hamar minutu baino ez generamatzala, bagenekien elkarrengandik zer espero genuen. Musikaria izan banintz egingo nukeen soinu banda egin du.
Lantaldearen gainerako kideez ari garela, esker ona besterik ezin dut adierazi. Ohorea eta plazera izan da alboan maila horretako profesionalak izatea: Donostiako Orfeoia, Euskadiko Orkestra, Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble eta, noski, La Oreja de Van Gogh. Eta hori guztia Fernando Velazquezen jakinduria handiarekin: jenioa da musikariak pieza bakoitzera gerturatzen eta horiei berorren indarra eta leuntasuna helarazten.
Gainera, teknikaria izanik, soinu teknikarien lana azpimarratu behar dut. Itzalean egon ohi dira, baina dena modu egokian uztartzearen erantzuleak dira.
Zer bide aurreikusten diozu pelikulari? Noraino iristea gustatuko litzaizuke?
Normala denez, ahalik eta ikusle gehienengana iristeko helburuz egin dugu pelikula. Badago une zail bat konturatzen zarenean konpainia handiek dena hartzen dutela eta oso zail egiten dutela zure filmak gustatuko litzaizukeen tokia hartzea.
Film bat aretoetan izatea oso zaila da, are gehiago zure lehiakideak Hollywoodeko konpainia erraldoiak direnean, neurriz kanpoko baliabide eta aurrekontuak dituztenak beren filmak modu pentsaezinetan erakusteko. Daviden eta Goliaten arteko borroka bezalakoa da, baina gudu honetan, gainera, ez dago Goliat bakarra, ezpada asko eta asko.
Espero dut nazioarteko salmentek posible egitea pelikula mundu mailan ezaguna izatea, hori baita gure helburua.
Nola ikusten duzu euskal animazioa? Baduzu beste proiekturik esku artean?
Dena iruditzen zait oso zaila. Batzuetan, ematen du dena kontra duzula eta zaila da ez etsitzea eta ekinean jarraitzea.
Hala ere, hiru urtez Elkanoren proiektuan murgilduta egon naizenez, fantasiazko eta SCIFI ilustratzaile gisa dudan lana (Angelitoon) alboratu dut. Egia esan, uste dut esparru horretan hartu dela batez ere nire lana aintzat. Nire irudiak nazioarteko aldizkari, liburu, komiki eta webguneetan publikatu dira AEBetan, Japonian, Zeelanda Berrian…
Esparru horretan ditut jarraitzaile gehien, eta lan pertsonal hori berreskuratu nahiko nuke, aktibo izateari utzi eta berehala, egun batetik bestera, desagertu egiten baitzara. Oso saiatua izan behar zara.
Animazioari dagokionez, hainbat urte daramatzat neure teknika garatzen, 2Den eta 3Den artean. Asko doitu dut teknika hori, eta oso pozik nago emaitzekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Ian Cortegoso 10 urteko bilbotarrak Nacho La Casaren "Un hijo" filmean egin du debuta
Ostiral honetan, maiatzaren 15ean, Ian Cortegoso 10 urteko aktore bilbotarra protagonista duen filma iritsi da zinema-aretoetara. Un hijo filmeko protagonista da, 8 urte zituenean grabatu zuena.
Aitor Etxebarriak musika jarri dio "The Black Mirror Experience" murgiltze-lanari
The Black Mirror Experience film espainiarra telesail ospetsuan oinarritutako murgiltze-lana da, eta Cannesko Zinemaldiko Immersive sail lehiakorreko sariaren bila dabil.
'Buzzheart' Dennis Iliadis greziarraren pelikula, Fanteko film luze onena
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdiak Hyena Sail Ofizialeko labur onena eta Bea Lemaren El cuerpo de Cristo euskal film labur onena ere saritu ditu.
Daniel Calparsoro 'El Confidente', ETAko sator bati buruzko istorio berri bat, filmatzen ari da Donostian
Aktore taldean Javier Gutierrez, Miguel Herran eta Itsaso Arana daude, besteak beste. EITB grabazioan sartu da.
Euskal Herriko zinema-areto komertzialetako emanaldien % 2,25 izan ziren euskaraz 2025ean
Pantailak Euskaraz ekimenak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak iaz euskal aretoetan egindako proiekzioak aztertu dituzte, eta datu “gordin bezain kezkagarriak” aurkeztu.
“Las hijas”: Alabak Cannesen daude
Yune Nogueiras protagonista duen filma thriller psikologiko bat da, Daniel Romero pelikularen zuzendariak eta Asier Guerricaechevarria bilbotarrak idatzia. Marché du Film topagunean parte hartzen ari da Cannesen, salmenta agenteen, banatzaileen eta jaialdietako programatzaileen faborearen xerka.
Altxaliliak Cannesen, izan nahi dutena izan daitezkeela aldarrikatzeko bidean
Altxaliliak Maia Iribarneren dokumental luzea Marché du Filmen, Cannesko zinema jaialdian industriak antolatzen duen topagunean, bidea egiten ari da egunotan, lankidetzarako aukeren bila. Ikusi pelikularen lehen irudiak.
Dena prest Cannesen, pantailak dirdiraka hasteko
Peter Jackson eta Barbra Streisand omenduko dituzte, eta izen handiak daude Sail Ofizialean: Almodovar, Farhadi, Pawlkowski, Sorogoyen, Kore-eda, Mungiu...
Fabio Testi aktore italiarrak Ohorezko Fant saria jasoko du
Larunbatean, fantasiazko zinemako jaialdiaren amaiera galan, jasoko du aktoreak beldurrezko eta fantasiazko generoetan nabarmendu den profesionalentzako saria.
Jules Mamonek "bestetasun, singulartasun eta munstroaren figuraz" jantzi du Zinegoaken kartela
LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak 23. edizioaren irudia aurkeztu du. “Bestea deitu duten hori eztabaidaren erdian” jarri nahi du Zinegoakek.