Donostiako Zinemaldiak zinema besarkatuko du berriz
Zalantzaz josiriko garaiotan, eskertzekoak dira helduleku zenbait, segurtasun gutxi batzuk bederen. Bada, Donostiako Zinemaldiak ez du huts egingo urteroko hitzorduari, eta ostiraletik aurrera (21:00etan jarraitu ahalko da irekiera gala, eitb.eus-en eta ETB1en) hamaika mundutarako ehunka leiho irekiko ditu murrizketen ondorioz publiko gosez diren hiriko zinema aretoetan.
Palmaresa ezezaguna da, noski, oraingoz. Azken galan, irailaren 25ean, iragarriko ditu Urrezko eta Zilarrezko Maskorren (aurten aktoreentzako sarietan ez da sexu bereizketarik egingo) eta sari nagusien irabazleak Dea Kulumbegashvili iazko Urrezko Maskorraren irabazlea buru duen epaimahaiak. Baina jakina da dagoeneko bi izen handi 69. edizio honi lotuta egongo direla, Zinemaldiaren ohorezko saria, Donostia saria, jasoko baitute: Marion Cotillard eta Johnny Depp.
Marion Cotillard aktoreak (Paris, 1975) ostiralean bertan jasoko du Donostiako jaialdiaren saria, Elena Iruretak, Asier Etxeandiak, Anne Igartiburuk eta Cayetana Guillen Cuervok aurkeztuko duten galan. Cotillardek Oscarra, Urrezko Globoa eta BAFTA sariak eskuratu zituen La Môme / La Vie en Rose (Olivier Dahan, 2007) filmean Édith Piafena egiteagatik, eta, besteak beste, Michael Mann, Christopher Nolan, Woody Allen, Steven Soderbergh, Ridley Scott eta Leos Carax zinemagileekin egin du lan.
Saria emateko ekitaldiaren ondoren, Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil film laburraren eta Zhang Yimou zuzendariaren Yi miao zhong / One Second film luzearen emanaldia dago programatuta.
Johnny Deppek (Owensboro, 1963), bestalde, irailaren 22an jasoko du saria, asteazkenarekin, 22:00etatik aurrera eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko den gala batean. Hollywoodeko zinemaren egungo izar handienetakoa da Depp, eta 21 urte zituela A Nightmare on Elm Street (1984) filmean debuta egin zuenetik zinema garaikidearen zuzendari handienetako askorekin egin du lan oso film ezagunetan: Emir Kusturica (Arizona Dream, 1992), Lasse Hallström (What's Eating Gilbert Grape?, 1993; eta Chocolat, 2000), Tim Burton (Ed Wood, 1994; eta Sleepy Hollow, 1999), Jim Jarmusch (Dead Man, 1995) eta Terry Gilliam (Fear and Loathing in Las Vegas, 1998). XXI. mendean, Pirates of the Caribbean sagako Jack Sparrow kapitainaren interpretazioa dela-eta (2003, 2006, 2007, 2011 eta 2017), belaunaldi berrien mirespena ere lortu du Deppek.
Deppentzako sariaren aurkako kritikak egon dira hainbat elkarteren ahotan, emakumeen aurkako tratu txarren itzala gainean baitu aktoreak, baina Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak "errugabetasun presuntzioa eta birgizarteratzeko eskubidea" aldarrikatu zituen gutun batean, kritikei erantzunez, eta hau gaineratu zuen: "Eskuragarri ditugun eta frogatuta dauden datuen arabera, Johnny Depp ez dute atxilotu, akusatu edo zigortu ezein emakumeren aurkako eraso edo indarkeriagatik".
Sail Ofiziala
Euskal zinemaren ikuspegitik, film bat nabarmentzen da Sail Ofizialeko hogei tituluen artean: Maixabel, Iciar Bollainen lana, EITBren parte-hartzea duena. Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da Maixabel Lasaren, Juan Mari Jauregui ETAk hildako politikariaren alargunaren, eta senarra hil ziotenen arteko elkarrizketak pantailaratzen dituen pelikula.
Gainera, beste hainbat film interesgarri izango dira, hala nola Zhan Yimouren azken lana (lehiatik kanpo), Terence Davisen, Lucile Hadzihalilovicen, Fernando Leon de Aranoaren (El buen patrón, Javier Bardem protagonista dela) eta Claire Simonen azken lanak.
Euskal zinema
Maixabel Sail Ofizialean ez ezik, Heltzear Mikel Gurrearen film laburra ere izango da lehian, Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta Zinemira euskal ekoizpenen sailean egongo dira ikusgai No somos nada, Aztarnak, Bolante baten historia, El radioaficionado, Erlauntza, Fantasía, Ilargi guztiak, Kuartk Valley, O gemer, Pandemic Tour 2020 Belako, Paperezko hegoak eta Kimuak katalogoko eta Itxitik deialdiko film laburrak.
Euskal zinemak, gainera, ohiko topagunea izango du Euskal Zinemaren Galan, irailaren 21ean, Victoria Eugenia antzokian, 22:30etik aurrera. Jai horretan, Kimuak euskal film laburrak hedatzeko programak Zinemira ohorezko saria jasoko du, eta Asier Altunak Hondalea filma estreinatuko du, Cristina Iglesias eskultoreak Santa Klara uhartean eginiko lanaren inguruko dokumentala.
EITBk Zinemaldian izango diren hamaika filmetan parte hartu du, eta, ohi duen legez, EITB Gala antolatu du (hilaren 22an izango da aurten). Gainera, "Irabazi arte" telesail berriaren lehen atala eskainiko du bertan. Euskarazko fikzioa da, gaztetxoentzat, eta nesken futbol talde baten bizipenak ekarriko dizkigu.
Izarrak nonahi
Aurten ere, hamaika aktore eta zuzendari ospetsu bertaratuko dira Donostiara. Batzuk aipatzearren, Marion Cotillard eta Johnny Depp sarituez gain, Javier Bardem, Jessica Chastain, Penelope Cruz, Charlotte Gainsbourg, Louis Garrel, Simon Rex, Sean Baker, Todd Haynes, Julia Ducournau, Audrey Diwan…
Zure interesekoa izan daiteke
Piztu ziren argi gorriak Hernaniko eskalextrikean
"Argi Gorriak" telesailaren zortzi ataletan, krudela oso da komedia, bizitza nola. Zortzi atal horietan, algarak izozten dizkizute gidoilariek eztarrian.
Stephen Colbertek "Eraztunen jauna" sagako film berria idatziko du, lehen liburuan oinarrituta
Film berria, Eraztunen jauna: eraztunaren komunitatea liburuko lehen kapituluetan oinarrituko da, Peter Jacksonen zinema-egokitzapenean sartu ez ziren kapituluetan, hain zuzen ere.
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.