"Suro" eta "La consagración de la primavera" filmak Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira Suro, Mikel Gurrea donostiar zinemagilearen (Heltzear, Txoria...) lehen film luzea, eta La consagración de la primavera, Fernando Francok zuzendu duen, Telmo Irureta protagonista duen eta Kowalski Films donostiar etxeak ekoitzi duen filma, Donostiako zinema jaialdiak gaur Madrilen, irailaren 16tik 24ra bertan proiektatuko diren Espainiako Estatuko filmak aurkezteko egin duen ekitaldian iragarri duenez. EITBk bi filmotan hartu du parte.
Horiez gain, beste sail batzuetan ikusgai izango dira A los libros y a las mujeres canto Maria Elorzaren lehen film luzea (New Directors); Hirugarren koadernoa Lur Olaizolaren lana (Zabaltegi-Tabakalera); Cuerdas Estibaliz Urresolarena (Zabaltegi-Tabakalera) eta Black Is Beltza 2: Ainhoa, Belodromoan ikusi ahalko dena.
Suro Mikel Gurreak berak eta Fran Kosterlitzek idatzi dute, katalanez dago filmatuta eta Ivan eta Elena (Pol Lopez eta Vicky Luengo) bikotearen istorioa kontatzen du. Oinordetzan jasotako kortxo ustiategi bat berriz martxan jartzea erabakiko dute bizibidea ateratzeko, baina, halako batean, zirt edo zart egin beharko dute, beren ingurua eraldatzen saiatu edo bertara egokituko diren erabaki, atzerritar jabeak izateak jartzen dien zamak eta bertako langileen eta etorkinen arteko tentsio gero eta handiagoak bultzatuta. Abenduaren 2an iritsiko da filma zinema aretoetara.
La consagración de la primavera-k, berriz, Lauraren (Valeria Sorolla) istorioa du ardatz, Madrilera iritsi berritan ikasleen egoitza batean ezarri den neska gaztearena. Gau batean, ausaz, David (Telmo Irureta) ezagutuko du, Isabel amarekin (Emma Suarez) bizi den eta garuneko paralisia duen mutil bat. Beraiekin hasiko duen harremanak heldutasunerako bidea erraztuko dio Laurari.
A los libros y a las mujeres canto filmean, Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) "epikarik eta armarik gabe" liburuak "suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka" zaintzen duen emakumeen armada bat omendu du.
Hirugarren koadernoa film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean proiektatuko da lehiaketatik kanpo, eta gidoi batean lanean ari diren zuzendari bat eta aktore bat erakusten ditu. Gidoi horrek Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-ek 1980 eta 1985 bitartean, ETA utzi eta Mexikon erbesteratuta zegoela idatzi zuen egunkariaren zati batzuk jasotzen ditu.
Cuerdas izeneko Estibaliz Urresolaren film laburra Cannesen estreinatu zuten Kritikaren Astean, eta Rita adineko emakumearen abesbatzaren istoriotik abiatzen du kontagaia. Entseatzeko lokala galtzear daudela, erabaki beharko dute beren haraneko enpresa kutsatzaileenetako baten babesletza onartzen duten ala ez.
Black Is Beltza 2: Ainhoa Fermin Muguruzaren animaziozko istorioaren bigarren zatia da. Ainhoa eta Josune iniziazio bidaia batean murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.
Pilar Palomero eta Jaime Rosales, Urrezko Maskorraren bila
Euskal filmez haratago, La maternal (Pilar Palomero) eta Girasoles silvestres (Jaime Rosales) pelikulak ere lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabazteko, Donostiako nazioarteko zinema jaialdiaren 70. edizioan.
La maternal Pilar Palomeroren (Zaragoza, 1980) bigarren film luzea da, bere debuta izan zen Las niñas filmarekin zuzendaritza eta gidoigintza onenen sariak irabazi eta gero, eta, oraingoan, 14 urteko neskato bat (Carla Quilez) du protagonista; ama izaten ikasteko prozesua erakutsiko digu.
Jaime Rosales (Bartzelona, 1970) ere itzuliko da Donostiako jaialdiaren Sail Ofizialera Tiro en la nuca lanarekin (2008) Fipresci saria jaso eta gero. Girasoles silvestres pelikulan, Anna Castillo bizitza hobe baten bila ari den ama bat da.
Gainera, Alberto Rodriguezek Modelo 77 pelikula aurkeztuko du Zinemaldia irekitzeko, jakina zenez.
Horrez gain, El sostre groc Isabel Coixeten ez-fikziozko lana Sail Ofizialeko emanaldi berezia izango da, eta Apagón Movistar+en bost ataleko telesaila ere erakutsiko dute lehiatik at, zeina Rodrigo Sorogoyenek, Raul Arevalok, Isa Campok, Alberto Rodriguezek eta Isaki Lacuestak zuzendu baitute.
Perlak atalean, Isaki Lacuestaren eta Rodrigo Sorogoyenen azken lanak erakutsiko dituzte, Un año, una noche eta As bestas, hurrenez hurren. Gainera, Los renglones torcidos de Diosek itxiko du sail hori, Oriol Paulok zuzendu duen Torcuato Luca de Tenaren eleberri arrakastatsuaren egokitzapenak, Barbara Lennie eta Eduard Fernandez protagonista dituena. Loreto Mauelon aktoreak ere egin du lan filmean.
Belodromoan, Black Is Beltza 2: Ainhoa ez ezik, honako film hauek ere ikusi ahalko dira: Rainbow, Ozeko aztiaren Paco Leonen bertsioa; eta Sintiéndolo mucho, Fernando Leon de Aranoak Joaquin Sabinari buruz egin duen dokumentala.
Zure interesekoa izan daiteke
Zinebi jaialdiak Pablo Berger eta Esther Garcia sarituko ditu
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioa azaroaren 21ean abiatu, eta hilaren 28an itxiko dute, amaiera-gala eta sari-banaketa eginda.
Javier Gurrutxagak ohorezko Serantes saria jaso du Santurtziko Zinemaldian
Javier Gurrutxaga showman donostiarrak jaso du Santurtziko Zinemaldiko ohorezko Serantes saria. Bestalde, "Tragedium" eta "Erreka zoko hortan" film laburrek irabazi dute EITBren Euskal Pantailak saria.
Koldo Almandoz “Azken agurra” komedia filmatzen hasi da
Donostiar zinemagilearen hurrengo filmak “ironiaz, samurtasunez eta zentzu humanista sakonez” begiratzen die bizitzari eta heriotzari.
“Gaua”, urkijotarrentzat
Paul Urkijo arabar zinemagileak bere hirugarren film luzea estreinatu du, “Gaua”, irudi txundigarriz generoko filmen osagaiak eta euskal mitologiaren kondairak sendotzen dituen pelikula.
“Argi gorriak” seriea azaroaren 7an estreinatuko dute, Bartzelonako Serielizados jaialdian
Itziar Ituño protagonista duen “komedia garratzak” thriller ukitua du. Jaialdiaren Sail Ofizialean lehiatuko da, 2026an EITBko Primeran plataforman estreinatu aurretik.
Xanti Rodriguez eta Amancay Gaztañaga "Piztiak" seriea filmatzen ari dira
EITBren parte-hartzea duen lana 2026an ikusi ahalko da Primeran plataforman. Yune Nogueiras da Gaztañaga eta Rodriguez zuzentzen ari diren lanaren protagonista.
“Llámame Sinsorga” dokumentala azaroaren 28an estreinatuko dute zinemetan
Marta Gomezek eta Paula Iglesiasek zuzendu dute, eta La Sinsorga Bilboko espazio feministaren sortzeko lnak ditu ardatz.
"Aro berria" filmaren trailerra
Azaroaren 28an iritsiko da zinema aretoetara Irati Gorostidi zuzendariaren lehen film luzea, Donostiako Zinemaldiko New Directors atalean epaimahaiaren aipamen berezia jaso eta gero. EITBren parte-hartzea duen filma ur-kontagailuen fabrika bateko langileen batzarrarekin hasten da: azkenean aurrera egingo ez duen greba bat eztabaidatuko dute. Desengainatuta, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dituzte errotiko transformaziorako dituzten nahiak. Batzuek, fabrika utzi, eta mendietako komunitate isolatu batean integratuko dira, non dozenaka gaztek bilaketa bizia egingo duten, esperientzia katartiko partekatuen medioz.
Zinemakumeak Gara jaialdiak Alauda Ruiz de Azua, Maria Ripoll eta Al Borde Films ekoiztetxea sarituko ditu
Emakumeek zuzendutako filmen jaialdiaren 30. edizioa urriaren 27tik 30era egingo dute, Bilbon. Ruiz de Azuak eta Ripollek Simone de Beauvoir saria jasoko dute, eta Al Borde Filmsek, Bihargi EITB saria.
Zinegileek Moriarti ekoiztetxea saritu dute "Maspalomas" lanagatik
Zinema industriaren barruan zuzendarien kolektiboa ordezkatzeko sortu zen Accion elkarteak Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaran ekoiztetxea saritu du larunbat honetan Espainiako Zinema Akademian izan den ekitaldian.