Mikel Gurrea: "Indiferentzia da film batek sor dezakeen erantzunik okerrena"
Gaitza da zuzendari batek bere lehen film luzea Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztea, ezohikoa, baina Suro Mikel Gurrea zuzendariak (Donostia, 1985) katalanez filmatutako pelikula ikusten duenari, filma aurrera doan heinean, harridura eta errezelo hori baretu eta, bukatzen denerako, erabat desagertuko zaio.
Heltzear bere aurreko film labur soil, erakargarri eta iradokitzailean erakutsitako estiloari eutsi, eta hamaika hari mutur eskaintzen dituen film joria sortu du Gurreak oraingoan (ere), ikuslea besteak beste, inkomunikazioaz, idealismoaz eta norberak sisteman duen tokiaz hausnartzera bultzatzeko.
Pelikulako hausnarketagai eta hunkidura-bideak apaindura funsgabe barik baina jauntza teknikoz (trantsizio jostari eta dotore batzuk, horren erakusgarri) daude pantailaratuta Suron, interpretazio azpimarragarriek (Vicky Luengo eta Pol Lopez dira protagonistak) eta inguruaren funtsa, nola horren edertasuna hala basatasuna eta laztasuna, primeran erakusten duen argazkilaritza lanak hauspotuta.
Gurrearekin hitz egin dugu, Bartzelona hiria utzi eta landa eremuan artelatz sail bat esplotatzeko bidean espazio berriak asmatu, bete eta defendatu beharko dituen bikote baten bizitza eta hori baino askoz gehiago ere erakusten duen pelikulari buruz.
Hainbat hari mutur eskaintzen dizkio ikusleari Surok. Zein izan zen mataza osatzen hasteko lehengaia? Nondik hasi zen pelikula zeure buruan hazten?
2010ean, Bartzelonan unibertsitatea bukatu ostean, atzerrira joateko beka bat eskatu nuen, eta eman zidaten arte, nora jo ez nekiela gelditu nintzen. Orduan, garaiko nire bikotekidearen senideen bitartez, lana aurkitu nuen uda batez sasoikako langile gisa kortxoaren kanpainan lan egiteko.
Hor, testuraz eta soinuz oso interesgarria egin zitzaidan unibertso bat deskubritu nuen, oso zinematografikoa iruditu zitzaidana, eta sentsazio kontrajarriak sentitu nituen: lur jabe batzuen bitartez iritsi nintzen lanera baina ni ez naiz lur jabea, katalana hitz egiten dut baina ez naiz katalana, langile moduan ari nintzen baina joan-etorriko gauza bat zen niretzat… Dena dela, denok helburu bera genuen: ahalik eta kortxo tona gehien ateratzea eguneko.
Horrek agertokia jarri zuen, beraz, Ivanen eta Helenaren istoriorako.
Bai, orduan pentsatu nuen unibertso aberats hori film batean ipiniko nuela. Gero, Londresera joan nintzen ikastera eta abar, eta lehen film luzea pentsatzen hasi nintzenean, 32 urte nituen, eta bikote harreman luze batean nengoen.
Orduan, bidegurutze horretan geunden, nola bizi nahi ote genuen erabakitzen: hirian ala landa eremuan, haurrik izan nahi ote dugu, bizi al gaitezke modu jasangarri eta bidezkoagoan… Sentsazio horiekin hasi nintzen Helena eta Ivanen istorioa idazten.
Francisco Kosterlitz izan duzu lagun gidoia idazteko orduan. Zer bilatu duzu berarengan eta nolakoa izan zen idazte prozesua?
Jatorria pertsonala izanagatik, fikziozko lana da erabat, ez dauka autobiografikotik ezer. Ikusmira Berriak programan hasi nintzen idazten, Pol Lopez aktorearekin inprobisazioak eginez, eta saio horietan jaio zen Helenaren pertsonaiaren beharra. Pelikulak bi ikuspuntu izango zituela ikusi nuen.
Gero, Vicky Luengo sartu zen rol horretarako, eta, gidoiaren lau bat bertsio neramatzanean, ekoizleek gidoilari batekin lan egitea proposatu eta Fran aurkeztu zidaten; berehala egin genuen klik. Oso harreman polita izan genuen, eta lan handia egin zuen.
Amaiera aldera, bera urrundu egin zen, eta nik amaitu nuen azkeneko bertsioa.
Eta azkeneko bertsio horrek ere moldaketak izan zituen filmatze lanetan.
Bai. Beharbada, esan beharra dago pelikula honetan gidoia irakurri eta horri jarraitu dioten bakarrak Vicky Luengo eta Pol Lopez izan direla. Gainerakoek, basoko langileak direnez eta ez aktore profesionalak (orain Ilyass El Ouahdani bide horretan dago), ez zuten inoiz gidoirik irakurri edo eszenarik buruz ikasi; istorioa azaldu nien besterik ez.
Hortaz, lana organikoagoa izan zen, eta idazketa prozesuak errodajean zehar jarraitu zuen.
Zer eman dio filmari Heltzearen egin zenuen bezala aktore ez-profesional horiek erabili izanak?
Heltzeari eta Surori buruz ari bagara, badago bi filmetan oso fisikoa den zerbait; pelikularen testuingurua pertsonaietan dago markatuta. Niretzat ezinezkoa zen Heltzearen kasuan eskalada eta Suroren kasuan basoko lana fikzionatzea. Aktore lana egin zuten ez-aktoreengan, aizkorari heltzeko moduan, beraien gorputzetan, aurpegietan eta ibiltzeko eran ikusi nahi nituen inguru horrek markatzen zituen ezaugarriak.
Aldi berean, esango dut Pol Lopez eta Vicky Luengo , Suroko bi protagonistak, "oso aktore" direla, ibilbide luzea baitute lan horretan. Eta talka horretan oso interesgarria egiten zitzaidan zerbait zegoen: Helena eta Ivan kanpotik datoz, kode batzuk dituzte dagoeneko bereganatuta, eta iruditu zitzaidan pelikularako ona izango zela arroztasun hori, iritsi diren tokiko kodeekiko haustura hori.
Oso polita izan zen horrela lan egitea. Vicky eta Pol jazz banda bateko bakarlariek bezala lan egin dute: eszenetan zehar ez-aktoreekin batera inprobisa zezaketen, baina gero bazuten partitura bat, gidoia, eta han lur hartu behar zuten.
Emaitzan hala da, zalantzarik gabe, baina, ikusten dudanez, prozesuan ere zama handia hartu dute bere bizkar Luengok eta Lopezek. Zer esango zenuke beren lanari buruz?
Pol oso laguna dut, bera izan zen nire lehen film laburreko protagonista, eta badago harreman bat. Pelikula protoideia bat zenean ere, nirekin jolastera etortzeko proposamena egin nion. Niretzat, oso interesgarria da oso gutxi eginda aurpegiarekin barne gatazka bat islatzeko duen ahalmena. Ivan bezalako pertsonaia batentzat funtsezkoa zen, tentsioa erakusteko.
Vickyren kasuan, gaitasun erraldoia du leuntasunetik indar handiko momentuetara pasatzeko.
Oso eskuzabalak izan dira biak hasieratik, jakitun baitziren ez genekiela nola aterako zen lana gainontzeko artistak antzezle formaziorik ez edukita.
Espazio handia uzten diozu ikuslearen interpretazioari, amaiera ederra bera da horren adibide argia. Hamaika dilema aurkezten ditu istorioak, baina ez dago ikuslea bideratzeko erabaki agerikorik. Nor izaten duzu buruan pelikulak egiteko orduan?
Ez dakit, nik dakidana da zer proposatu nahi diodan ikusleari, baina ez dut bera ezagutzen. Idealki, edonor litzateke, ze buruan ez daukat ikusleen inolako sailkapenik.
Baina gustatzen zait pentsatzea pelikularekin zeozer eragin nahi diodala ikusleari, eta "zeozer" hori zabala da. Ezadostasuna bada, bada zeozer. Indiferentzia da film batek jaso dezakeen erantzunik okerrena, filma ikusi eta pentsatzea "ez dit ezer eragin".
Hortik dator, agian, erantzunik ez emateko interes hori, galderak eta gogoetak plazaratzekoa, eta film honetan badago asmo bat ikusleak aukera dezan Ivanen eta Helenaren arteko gatazkan non kokatuko duen bere burua. Bat Helenaren aldera lerratuko da; bestea, Ivanenera; norbaitek salto egin dezake batetik bestera, edo beste batek distantziaz ikus dezake pelikula, era analitikoagoan.
Nik hori guztia oso ondo jasotzen dut, okerren jasoko nukeena da norbaitek esatea pelikula arrastorik utzi gabe pasatu zaiola gainetik.
Film politiko eta soziala da, intimoa bezain; lokala, unibertsala bezain. Nola egiten da konkretutik orokorrerako edo orokorretik konkreturako bide hori?
Konkretutik orokorrera joateko aukera badago, baina hori bilatzea ez da nire bidea. Xehetasun txikienetatik egiten dut tira. Suroren funtsean artelatzaren azala zuritzen dutenean azaleratzen den edertasun, bortizkeria eta tentsioa daude; hori anplifikatu egiten da gero, beharbada, baina ez dut inondik inora bilatu analisi soziologikoa egitea.
Pelikulak ikusleari aukera hori ematen badio, ongietorria da, baina nik ez diot hori behartzen pelikulari. Pentsatu nahi dut nire lana pertsonaiekin dela, horko mikrokosmos horrekin; iruditzen zait traditu egingo ditudala saiatzen banaiz beraien gainetik gaingeruza batzuk ezartzen.
Pelikulan, munduan bezala, komunikazio falta dago gatazka gehienen funtsean, filmean oso presente dauden isiluneak dira horren erakusgarri. Zerk eragiten du komunikazio falta orokor hori?
Bikote harreman luze baten degradazioari buruz ari garela, badago beldur bat atzean. Ivan eta Helena etorkizunerako proiekzio bati begira bizi dira, baina orainean elkarri begiratzeko gaitasuna galtzear dira.
Beharbada, proiekzio horietan zentratu ordez elkarri begiratu eta "nola zaude?" galdetuko baliote elkarri, hobe izango zen. Kontatzen ez ditugunak ez ditugu ezagutzen, eta, ondorioz, ez diegu heltzen.
Egia da bi pertsonaiek energia nabarmen bat dutela elkarren artean, oso erakargarria baina tenkatzen oso erraza, erakargarritasun hori oso azkar bilakatzen baita gatazka. Baina zoritxarrez, beren kasuan, bizitzaren hainbat esparrutan bezala, gatazka ere bada lotura bat, eta askotan, lotura bat etetea oso zaila izaten da, ze gutxienez lotura daukazu, nahiz eta gatazkatsua izan. Uste dut hori gertatzen zaiela beraiei.
Lehen film luzearekin zure jaioterriko Zinemaldiko Sail Ofizialean izatea lorpen gaitza da. Aurtengoa ezberdina izango al da, sari nagusirako bidean zaudenez gero?
Lasai hartu eta gozatu nahiko nuke, beste kontu bat da ahal izango ote dudan kar-kar.
Gozatu egingo dut. Nire lehen aldia da zentzu askotan, eta bizi egin nahi dut. Oso hunkigarria da nire lehen film luzearekin Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean egotea, apal hartzen dut eta oso eskertuta nago.
Gainera, harmonia poetiko moduko bat dago. Badauka zentzua Ikusmira Berriak programan jaio zen pelikula Donostian estreinatu eta zirkulua ixteak. Jaioterrian izanik, inguru intimoa ere presente egongo da, horiek bizi eta pairatu baitute pelikula, niri eusten didaten heinean.
Zinemagile banaiz, hein handi batean A mailako zinema jaialdi bat duen hiri batean hazi eta hezi naizelako da, nerabe nintzenetik leiho bat eskaini baitidate munduko zinemari, leihatila baten ordez.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai, pare bat film luzeren proiektuak garatzen ari naiz orain, nahiko murgilduta nago horietan.
Neska lagunak aurkitzen ez dudan Roberto Bolañoren aipu bat pasatu zidan, gutxi gorabehera hau esaten zuena: "Ipuin bat idazteko asmoz ipuin bakarra idazten hasten dena inozoa da; bakarra idatzi beharrean bi idazten dituena ere inozoa da; saiatu idazten hamabi ipuin aldi berean, horrela akaso baten bat bukatuko duzu eta".
"Suro"ren ikasgaia hori izan da. Bizpahiru gauza garatzen ari naiz orain, abiada zeinek hartzen duen ikusten, hurrengo proiektua zein izango den erabaki arte.
*Abenduaren 2an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara Suro EITBren parte-hartzea duen filma, nazioarteko hainbat jaialditan egon eta gero.
Zure interesekoa izan daiteke
Martxoak 3 Elkarteak Paul Laverty sarituko du Langilearen Inguruko Zinema Astean
Arkabia Gasteizko aretoa izango da jaialdiaren egoitza, eta eskoziar gidoilaria, Ken Loachen ohiko lankidea, itxiera galan izango da. Zikloan, Estibaliz Urresolak eta Irati Gorostidik ere hartuko dute parte, eta, besteak beste, The Old Oak, Cuerdas eta Contadores ikusi ahalko dira.
Fant zinema jaialdiak Eugenio Mira zuzendaria sarituko du
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Film Laburren Sail Ofizialak 19 lan proiektatuko ditu, horietako hamar euskal ekoizpenak. Fantasiazko zinemaren jaialdiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo dute.
Crossover jaialdiak Donostia telesailen hiriburu bihurtuko du aste honetan
Bederatzigarren edizioak estreinaldiak, topaketak eta larunbatera arteko jarduerak bilduko ditu, euskarazko programazio zabalarekin.
Chuck Norris hil da
Aktorearen ibilbidea arte martzialei lotuta dago. 90eko hamarkadan, Walker Texas Ranger telesailak arrakasta eman zion.
Iñarritu: "Kamera ikusleari eman diot eta bakoitzak esperientzia ezberdina biziko du"
Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagile mexikarrak "Carne y arena" instalazioa aurkeztu du EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan. Zuzendariak espazio honetan sortzen diren sentsazio eta bizipenak azaldu dizkigu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.
Oscar sarietako unerik onenak
Oscar sariek une gogoangarriak eta look apurtzaileak utzi dituzte. Hemen adibide batzuk.