Mikel Gurrea: "Ikusle bakoitzak bere harreman propioa sortu behar du pelikularekin"
Nerabezaroaren eta helduaroaren arteko muga, kirol eskalada eta euskal gatazka. Hiru elementu horiek harilkatu ditu Mikel Gurrea zinemagileak (Donostia, 1985) "Heltzear" hamazazpi minutuko istorio handian.
Donostian 2000. urtean girotutako filmari fisikotasuna eta izerdia dario, Sara protagonistak (Haizea Oses) hormetan gora egiten dituen igoerei oso gertutik jarraituta, baina hausnarketarako hauspo ere bada film arrakastatsua (Veneziako zinemaldian inoiz lehiatu den euskarazko lehen lana da, eta Kimuak katalogorako ere hautatu dute), ikuslearenganako gurasokeriari itzuri erabatekoa eginez ikusle adina gogoeta-bide irekitzen baititu pelikulak, oso modu sotil, iradokitzaile eta erakargarrian.
Hain zuzen ere, Veneziatik bertatik erantzun zien gure galderei Gurreak, bere lana Donostiako Zinemaldian erakutsi aurretik, lehen emanaldi publikoaren aurretik "urduri, irrikan eta pozik".
Kimuakerako aukeratua, Veneziako jaialdian eta Donostiako Zinemaldian lehian… Espero zenuen horrelako oniritzirik "Heltzear" film laburrarekin?
Ez, ez nuen espero. 2020ko udan nire lehenbiziko film luzea grabatzekotan ginen, baina pandemia etorri zen eta aurreprodukzio osoa eten behar izan genuen, gerora grabatu dugun film hau udan bakarrik egin zitekeelako.
Tarte horretan zerbait egiteko beharra sentitzen nuen, eta urteak neramatzan "Heltzear"en muina garatzen. Beraz, orduan egin genuen.
Horregatik, filmarekin etorri den guztia sorpresa atsegina izan da; are gehiago, ez genuelako ezer espero.
Eskalada, nerabezaroaren eta helduaroaren arteko muga eta euskal gatazka dira filmaren hiru zutabe tematikoak. Nola otu zitzaizun hirurak harilkatzea?
Nire biografiaren hiru ezaugarri nabarmen dira, eta nire biografian oinarritu naiz erabateko fikzio bat sortzeko. Ni ez naiz egoera horietan egon, baina hiru geruza horiek badaude nire oroimenean.
2000. urtean, euskal gatazkak gure testuinguru soziopolitikoa zeharkatzen zuen, eta, paradoxala dirudien arren, gatazka eta bizitza, bere zentzurik zabalenean, eskutik helduta doaz; bestalde, nerabezaroa agertzen da, aldaketa aro nagusi gisa, 15 urte bainituen 2000. urtean; eta azkenik, kirol eskalada dago, 15 urte nituenetik 18 bete nituen arte oso sakon bizi izan nuen kirola baita.
Intuizio baten bitartez, pentsatu nuen hiru geruza horiek harremanetan jarriz gero zer iradoki zitekeen. Ikuslea zein den, gauza bat edo beste proposatuko dio, eta hori interesatzen zitzaidan.
Askotan, absentziak idealizaziora bultzatzen gaitu, baina Sarak, filmeko protagonistak, ez du Beñat nebaren oroitzapen hobengaberik, nahiz eta falta nabaritu. Indar handia jarri duzu hori erakusteko eta sinplifikazioa saihesteko, ezta?
Bai. Filmak ez dizu esaten zehatz-mehatz Beñat neba non dagoen, zer paper edo inplikazio izan duen euskal gatazkan, nahiz eta badakigun gatazkak Beñat letra larriz zeharkatu duela. Ez dakigu bizi den, hil den, preso dagoen…
Benetan dakiguna da Sarak neba faltan botatzen duela, baina baita nebaren oroitzapenak aztoratu egiten duela ere. Kontraesanak ditu.
Filmak hainbat proposamen egiten dizkio ikusleari, sotilki, eta honek bete behar du zuk zuzendari gisa egin diozun gonbita. Nola zaindu duzu gehiegi ez esateko arriskua saihestearen eta ikuslea akuilatzearen arteko oreka?
Nire sinesmena eta hautua da ikusleria argia dela, ikusleak sortzaileak baino gehiago dakiela eta bakoitzak bere harreman propioa sortu behar duela pelikularekin. Hori praktikan jartzeko, soilera jo nuen pelikulan.
Oso gutxi erakusten da, oso gutxi ikusten da. Sara ikusten dugu, eskalatzen. Eta horrek pelikula bat egiten du? Bada, beste bi geruzekin harremanetan jartzen duzunean, metafora posible guztiak ateratzen dira.
Beraz, bai, gakoa da zer esan eta zer ez. Baina gezurra esango nizuke pelikularen ardatza den off ahotsean edizio asko dagoela esanez gero. Bakarrizketa bat izango balitz bezala idatzi nuen, eta, neba-arreben arteko elkarrizketa izanik, gauza asko ez dira aipatzen.
Zinemak istorioak esplikatu beharra du askotan, eta gehiegi azaltzen dira, esplizituegiak izaten gara. Baina harremanetan zintzotasun emozionala dagoenean, ez duzu horrenbeste aipatzen ekintza edo tokia zehatz-mehatz, horrek eragiten dizuna baizik. Niretzat, hor zegoen muina.
Ikusleari ematen diozun erantzukizun eta askatasun horren ondorioz, igarri duzu interpretazio oso ezberdinik filmaren aurrean, ikusleak euskal gatazkarekin duen harremanaren arabera, esaterako?
Hori izan zen apur bat zalantzarik handiena muntaketa prozesuan. Pelikularen % 75 prest genuenean, ireki egin genuen eta lagunei eta kolaboratzaileei pasatu genien, oso bizipen eta esperientzia ezberdinetako euskal herritarrei, Estatuko jendeari eta atzerriko jendeari: norvegiar bat, irlandar bat, Irango bat, Libanoko batzuk…
Hau esan genien: "Filma ikusi eta berehala utzi, mesedez, audio mezu bat WhatsAppen, eta esan zer ikusi duzuen". Eta oso polita izan da. Harrigarria izan da zenbateraino guztiek bat egin duten sentsazioan.
Gehientsuenek identifikatu zituzten gakoak. Denek identifikatu zuten Sarak Beñat maite zuela, faltan botatzen zuela eta Beñaten figurak barne gatazka bat eragiten ziola, amaieran ez erabat baina apur bat baretu zena. Eta hori zen filmarekin bilatzen genuena. Gu ase ginen, eta horrela utzi genuen.
Haizea Oses eskalatzailea eta aktore ez-profesionala da filmeko protagonista erabatekoa, Sara. Nola aurkitu zenuen eta zerk konbentzitu zintuen filmaren gidaritza berari emateko?
Hasiera batean, "Heltzear" existitzen ez zenean, nire biografian oinarritutako film luze baterako proiektua nuen. Azkenean, "Suro" nire hurrengo film luzea tartean sartu zen, eta lehen proiektu hori bazter batean gelditu zen.
Hala ere, idazten ari nintzela, Euskal Herriko rokodromo, boulder, gaztetxe eta frontoi atzealde guztietan ibili ginen gazte eskalatzaileak eta beraien kultura ezagutzeko. Aretxabaletako teknifikazio zentroan orduan 12 urte zituen neskato bat ezagutu genuen, Haizea, baina film horretarako ezin izan genuen berarekin ezer egin pertsonaia nagusiago baten bila ari baikinen.
Dena dela, zer adierazkorra eta kamerarekin zer ausarta zen komentatu genuen. Gero, "Heltzear" idazten hasi nintzenean, berarekin gogoratu nintzen, elkarrizketa bat izan genuen, berehala konturatu nintzen zeukan hura oraindik ere bazeukala, eta lanean hasi ginen.
"Suro" film luzea filmatu duzu Katalunian udan. Zer aurreratu diezagukezu proiektu horren inguruan?
Abuztuaren 19an amaitu genuen filmatzen, bost astez Gironako Alt Empordà eskualdean lan egin eta gero. Istorioak hau kontatzen du: hogeita hamar urte inguruko Bartzelona hiriko bikote batek masia batera bizitzen joatea erabakiko du, beren idealekin lotuago dagoen bizimodu bat izateko: garbiagoa, justuagoa, jasangarriagoa…
Baina etxea berritzeko dirua beharko dute, eta bere lurretan artelatzak daudela jakingo dute. Horrek proiekzio komun batetik bi begirada izatera eramango ditu, eta Ivanek eta Elenak era ezberdinean ikusiko dute beren errealitate berri hori.
Donostiarra izanik, zer esan nahi du zuretzat Zinemaldian parte hartzeak? Nola bizi ohi duzu Zinemaldia eta nola uste duzu biziko duzula aurtengoa?
Oso hunkigarria da niretzat, poztasun oso berezia ematen dit. Hein handi batean, zinemagilea banaiz familiak zaletasun hori pasatu didalako da, baina baita donostiarra naizelako eta Zinemaldia gaztetatik bizi izan dudalako ere.
Gaztetatik epaimahai gaztearen inguruan ibili naiz, Donostian bestela ikusi ezingo zitezkeen pelikulak ikusi ditut Zinemaldian, Ikusmira Berriak Zinemaldiaren garapen programan parte hartu dut "Suro" filmarekin…
Niretzat gure film txikitxoa Zabaltegi-Tabakalera sailean lehian izatea oso berezia da, eta, gainera, lantalde osoarekin partekatu ahal izango dugu.
Zure interesekoa izan daiteke
Ian Cortegoso 10 urteko bilbotarrak Nacho La Casaren "Un hijo" filmean egin du debuta
Ostiral honetan, maiatzaren 15ean, Ian Cortegoso 10 urteko aktore bilbotarra protagonista duen filma iritsi da zinema-aretoetara. Un hijo filmeko protagonista da, 8 urte zituenean grabatu zuena.
Aitor Etxebarriak musika jarri dio "The Black Mirror Experience" murgiltze-lanari
The Black Mirror Experience film espainiarra telesail ospetsuan oinarritutako murgiltze-lana da, eta Cannesko Zinemaldiko Immersive sail lehiakorreko sariaren bila dabil.
'Buzzheart' Dennis Iliadis greziarraren pelikula, Fanteko film luze onena
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdiak Hyena Sail Ofizialeko labur onena eta Bea Lemaren El cuerpo de Cristo euskal film labur onena ere saritu ditu.
Daniel Calparsoro 'El Confidente', ETAko sator bati buruzko istorio berri bat, filmatzen ari da Donostian
Aktore taldean Javier Gutierrez, Miguel Herran eta Itsaso Arana daude, besteak beste. EITB grabazioan sartu da.
Euskal Herriko zinema-areto komertzialetako emanaldien % 2,25 izan ziren euskaraz 2025ean
Pantailak Euskaraz ekimenak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak iaz euskal aretoetan egindako proiekzioak aztertu dituzte, eta datu “gordin bezain kezkagarriak” aurkeztu.
“Las hijas”: Alabak Cannesen daude
Yune Nogueiras protagonista duen filma thriller psikologiko bat da, Daniel Romero pelikularen zuzendariak eta Asier Guerricaechevarria bilbotarrak idatzia. Marché du Film topagunean parte hartzen ari da Cannesen, salmenta agenteen, banatzaileen eta jaialdietako programatzaileen faborearen xerka.
Altxaliliak Cannesen, izan nahi dutena izan daitezkeela aldarrikatzeko bidean
Altxaliliak Maia Iribarneren dokumental luzea Marché du Filmen, Cannesko zinema jaialdian industriak antolatzen duen topagunean, bidea egiten ari da egunotan, lankidetzarako aukeren bila. Ikusi pelikularen lehen irudiak.
Dena prest Cannesen, pantailak dirdiraka hasteko
Peter Jackson eta Barbra Streisand omenduko dituzte, eta izen handiak daude Sail Ofizialean: Almodovar, Farhadi, Pawlkowski, Sorogoyen, Kore-eda, Mungiu...
Fabio Testi aktore italiarrak Ohorezko Fant saria jasoko du
Larunbatean, fantasiazko zinemako jaialdiaren amaiera galan, jasoko du aktoreak beldurrezko eta fantasiazko generoetan nabarmendu den profesionalentzako saria.
Jules Mamonek "bestetasun, singulartasun eta munstroaren figuraz" jantzi du Zinegoaken kartela
LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak 23. edizioaren irudia aurkeztu du. “Bestea deitu duten hori eztabaidaren erdian” jarri nahi du Zinegoakek.