David Perez Sañudoren "Sacamantecas" film berriaren txanda iritsi da
EITBren partaidetza duen filma Sail Ofizialaren parte da, lehiaketatik kanpo. Gaurko estreinaldiaren ondoren, RTVE-EITB Galan emango dute bihar, 22:00etan, Victoria Eugenia Antzokian.
Gaur, igandea, hasiko da Donostian Sacamantecas David Perez Sañudoren lan berriaz hitz egiten. Sail Ofizialean estreinatuko da, lehiatik kanpo, 8:30etan Antzoki Zaharrean. Bihar, astelehena, RTVE-EITB Galako protagonista izango da, 22:00etan Victoria Eugenia Antzokian.
La Claqueta PC, Amania Films, La Cruda Realidad eta Caviar belgikarraren euskarazko ekoizpena da, eta EITBren parte-hartzea du, 74. Zinemaldiko beste 19 produkzio bezala.
XIX. mendeko Araban girotuta dago istorioa. Juan Diaz de Garayo da tituluko Sacamantecas, hau da, Gasteizko kanpoaldean emakumeak itotzeagatik ezaguna den nekazari analfabetoa. Zergatik emakumeak hiltzen bukatu zuen ulertzen saiatzen da pelikula, Perez Sañudok berak azaldu duenez. Berarekin batera, Sergio Grandak ere sinatu du gidoia.
Alberto de la Torre izango da Diaz de Garayo hiltzailea, eta bera susmagarritzat hartzen hasiko da Patricia Lopez Arnaiz (Angela Berrosteguieta, biktima baten ahizpa). Protagonistekin batera ibili dira baita Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoy eta Haizea Carneros ere.
Perez Sañudo bilbotarraren hirugarren aldia da Zinemaldian. New Directors sailean ibilitakoa da, 2024an Azken erromantikoak filmarekin eta 2020an Ane-rekin (2020an) batera. Azken film horrek gidoi egokitu onenaren Goya saria irabazi zuen, Marina Paresekin batera.
8:30etako Antzoki Zaharrean estreinatu ondoren, emanaldi nagusia RTVE-EITB Galaren baitan egingo dute. Pelikulak beste bi saio ere baditu zain: asteartean 22:00etan Antiguo Berrin eta ostiralean 23:15ean Victoria Eugenia Antzokian. Sarrera guztiak agortuta daude.
''Sacamantecas'', zinera