David Perez Sañudo: "Kontatzen ez dena ikusten dena baino interesgarriagoa da"
Ane bere lehen filmarekin 2020an Euskal Zinemaren Irizar saria eta euskal gidoi onenaren saria irabazi zituen tokian bueltan da David Perez Sañudo (Bilbao, 1987) lau urte geroago. Zinemaldian berriz, New Directors sailean berriz, Azken erromantikoak euskarazko filma erakutsiko du oraingoan, Los últimos románticos Txani Rodriguezen eleberrian oinarrituta erromantizismoa gehiegi erromantizatzeari muzin egiten dion filma.
Miren Gaztañaga aktorearen lana du ardatz EITBren parte-hartzea duen pelikulak; horretan, Irune gorpuztu du Gaztañagak, gorputz eta arima, desagertzen ari den mundu zahar baten eta oraindik jaio ez den zerbaiten artean harrapatuta bizi den pertsonaia. Bizitzak irekitako zauriak sendatzen saiatuko da Irune, bere modura, horien eragilea inkomunikazioa, prekarietatea, biolentzia eta dolua direla.
Perez Sañudorekin hitz egin dugu, Azken erromantikoakez eta azken erromantikoez.
Nola bizi nahi duzu oraingoan Zinemaldiko esperientzia?
Donostiako Zinemaldian parte hartzea berezia da, lekurik onena da euskarazko film batentzat.
Nahiz eta New Directors sailean aurkeztu, oso konforme gaude pelikularekin, aurrerapauso bat eman dugu, eta espero dut harrera ona izatea.
Mirenen lana gustatzea nahi nuke bereziki.
Nola iritsi zen Los últimos románticos Txani Rodriguezen nobela zinemara ekartzeko prozesua?
La Claqueta eta Irusoin ekoiztetxeek proposatu zidaten. Eleberria irakurrita neukan, eta pila bat gustatu zitzaidan.
Erraza izan zen erabakia hartzea.
Eleberritik zerk egon behar zuen bai ala bai filmean eta zer gelditu da kanpoan, formatu aldaketarengatik edo dena delakoagatik?
Oso zaila izan da eleberria moldatzea. Atmosfera mantentzen da, baina, aldi berean, nobela hausnarketez beteta dago eta ikus-entzunezkoen gramatika desberdina da.
Horregatik, aldaketa batzuk proposatu ditugu; beste batzuk, berriz, kanpoan geratu dira. Hala ere, filmak bere horretan gorde du funtsa, generoen nahasketa eta nobelaren estilo arraro eta berezia.
Miren Gaztañaga da, zalantzarik gabe, Azken erromantikoaken ardatza. Zergatik aukeratu zenuen Gaztañaga eta nola landu duzue Irune Zubizarretaren pertsonaia?
Casting prozesua oso gogorra eta konplexua izan zen. Mirenek oso casting ona egin zuen, eta horregatik aukeratu genuen. Dudarik gabe, pelikularen elementurik garrantzitsuena da.
Esposizio handia du, psikologikoa zein fisikoa. Ez dut topikorik esan nahi, baina bere lana itzela da benetan: freskoa, desberdina. Bere gaitasunak, antzerki-munduko esperientziak eta fisikoak inpaktu potentea eragingo dio ikusleari.
Irune pertsonaiak entzun egiten du, hitz egin baino gehiago. Ez da nolanahiko lana aktore batentzat… Zer lanketa dago horren atzean?
Aktorea izatea ez da testua botatzea, ez hori bakarrik, behintzat. Entzumenak markatzen du Iruneren mundua, eta filmaren atmosfera ere bai.
Baina, beste alde batetik, monologo potenteak ere baditu Irunek. Kontua da pertsonaia jakin batzuekin egiten duela berba, eta beste batzuekin, ez.
Komunikatzeko zailtasuna etengabe dago hor, istorioaren atzean, filmaren harietako bat da isiltasuna. Nolako erronka da zinemagile batentzat ez dagoena irudikatzea? Nola erakusten da faltan dagoena?
Oso interesgarria iruditzen zait galdera. Niretzat, kontatzen ez dena ikusten dena baino interesgarriagoa da. Pelikulak erritmo luzakorra du hasieran, erronka botatzen dio ikusleari, baina poliki-poliki erritmoa bizitu egingo da, hirugarren aktoa dinamikoagoa bihurtzen da eta pelikula, irekiagoa.
Sinboloak eta keinuak dira protagonistak. Azken urteetan, zinemaren kodeak (jaialdietako kodeak) errepikatu egiten dira: fikzioaren eta dokumentalaren arteko muga lausoak, musikarik gabeko filmak, Dardenne estilokoak… Oso interesgarria da, baina estetika berdina proposatzen dute film askok.
Gu gure gramatika propioari jarraitzen saiatu gara. Ez dakit emaitza ona den ala ez, baina saiakera hor dago.
Zaintzak, kapitalismoaren ajeak, elkartasuna, tratu txarrak, enpatia, prekarietatea, bukatzen ari den munduaren eta datorrenaren arteko talka… Hamaika hari mutur eskaintzen ditu filmak, baina zein esango zenuke dela horiei guztiei eusten dien enborra?
Esango nuke "erromantiko" kontzeptuak markatzen duela pelikularen tenpoa. Erromantikoak, kasu honetan, esan nahi du zerbait idealizatua egotea, maitasun harremanen lehen urratsetan pertsonen ezaugarriak distortsionatzen direnean bezala.
Euskal Herrian, beste edozein tokitan bezala, ideia erromantikoak edonon ditugu. Adibidez, Bizkaiko Ezkerraldeko iraganaren irudi mitifikatua daukagu: 70eko eta 80ko hamarkadetan, mugimendu sozial oso dinamikoa eta aktiboa zegoen, langileen mobilizazio ahalmen handikoa eta, era berean, oparoaldi ekonomikoaren nolabaiteko irudiarekin, ingurune metalizatu batean.
Toki batzuetan, nobelako Laudion adibidez, industria ez da jada garai batean zena, eta udalerriaren ideia hura ez da bueltatuko. Pelikulak atmosfera erromantiko hori indartzen du: orainik gabeko toki bat, joan den iragan bat duena eta oso probablea ez den etorkizun bat nahi duena.
Uste dut euskal zinemak gehiegi aipatzen dituela hemengo historiaren, jendearen eta lurraldearen ezaugarri positibo eta gogoangarriak, baina niretzat zinema ekintza politikoa da eta, edozein tokitan bezala, hobetzeko alderdiak daude.
Nire konpromisoa arreta ematen didaten gauzetan dago beti, horretan saiatzen naiz joeren alde ez joaten, harrera ona izan dezakeena bilatu gabe.
Hala ere, filmak planteatzen duenez, isiltasunen atzean, komunitate ahularen eta indibidualismo behartuaren atzean, badaude azken erromantiko batzuk, mundu osoa sutan dagoen bitartean. Zein dira erromantiko horiek, zure ustez, hemen eta orain?
Erromantikoak dira arauetatik kanpo gelditzen direnak. Zerbait desagertzen ari denean geratzen den azkena erromantiko bat da.
Baina kontuz kontzeptuarekin, erromantikoak ez du, halabeharrez, aukerarik onena egiten. Hor dago gakoa: erresistentziaren konnotazioak nahastu egiten dira ideia erromantikoaren alderdi distortsionatuarekin eta are kursiarekin.
Azken finean, "azken erromantikoak" kontzeptua omenaldi bat da, baina aldi berean kritika bat ere bai.
Zer etorkizun opa diozu pelikulari?
Oso urte zaila da zinema aretoetan lekua aurkitzeko, baina, nire ikuspuntutik, gure filma berezia da, sakona, konplexua.
Gustatuko litzaidake ikusleen artean interesa piztea, ez aurten bakarrik. Bi, bost edo hamar urte barruko ikusleei ere aurkezten diegu filma.
Zure interesekoa izan daiteke
Samantha Hudson espainiar musikaria da Beldurrezko Astearen kartelaren protagonista
Donostiako zinema jaialdiaren kartelak Cinemasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa omendu du, horren 50. urteurrenean. Argazkiaren koordinazioaz Pedro Mambrú arduratu da, eta Javier Bermejo eta Chus Feijóo dira bere egileak.
Ez zinen zu, Lapulapuk hil zintuen zu, Ni inguratzen lehena
Magalhaes filmak Lope de Agirre, Fritzcarraldo, Hernan Cortés, Diego de Ibarra zein Pascual de Andoyagaren antzeko konkistatzaile, menderatzaile, esploratzaile, esplotatzaile, nabigatzaile iluminatuekin zerikusi franko izan zuen Porton jaiotako Fernão de Magalhãesen delirioa azaltzen du.
Brydie O’Connor zuzendariaren "Barbara Forever" dokumentala, 2026ko Zinegoak jaialdiko sari nagusiaren irabazlea
Lanak Barbara Hammer zinegile ezagunaren bizitza, obra eta ondarea aztertzen ditu bere artxiboko materialaren bidez. Aurtengo edizioko filmik nabarmenena izan da, hiru sari irabazi baititu.
"Dekoratua" filmak Paul Grimault saria irabazi du Annecyko zinema jaialdian
Uniko euskal ekoiztetxearen filmak animaziozko zinema jaialdiaren sari garrantzitsuenetan hirugarrena bereganatu du.
ZUZENEAN: Zinegoak jaialdiaren amaiera gala
Mikel Rueda “Boga” seriea zuzentzen ari da EITBrentzat
Sei ataleko seriea Mikel Santiagok eta Txemi Parrak sortu dute, eta Mikel Losada eta Iraia Elias ditu protagonista. Primeran EITBren plataforman egongo da ikusgai.
Haurtzaroari begira jarri da Marina Palacio "Y así seguirán las cosas" filmean
Euskal zuzendariak haurtzaroari eta despopulazioari buruzko istorio bat kontatuko du bere lehen film luzean. Aitarekin batera idatzi du, eta sei urtean filmatuko dute, Palentzian.
Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.