Euskal zinema, Granadara begira
Granada hiria aukeratu du aurten Espainiako Zinema Akademiak Goya sarien 39. edizioa egiteko. Andaluziako hirian sarituko dituzte, beraz, 2024an zinemagintzan argiroen distiratu duten film eta profesionalak larunbatean, 22:00etatik aurrera.
Aurten ere, euskal zinemak itzal nabarmena izango du espainiar zinemaren gauean, 33 izendapen bildu baitituzte euskal film eta profesionalek. La infiltrada Arantxa Echevarria bilbotar zuzendariaren filma, berbarako, 13 sailetan dago izendatuta, eta Marco Moriarti zinemagile hirukotearen pelikula, 5etan.
La infiltrada Bowfinger donostiar etxearen ekoizpenak ETAn infiltratu zen Espainiako polizia nazional baten benetako istorioa du kontagai, eta, besteak beste, film onenaren, zuzendari onenaren (Arantxa Echevarria), jatorrizko gidoi onenaren (Echevarria bera eta Amelia Mora), jatorrizko musikaren (Fernando Velazquez getxoztarra), produkzio zuzendaritza onenaren (Axier Perez Serrano) eta efektu berezi onenen (Mariano Garcia Marty, Jon Serrano eta Juliana Lasuncion) ataletan sartu dute sarirako hautagaien artean.
Echevarriaren filmak Marco izango du aurkari sail horietako batzuetan. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendu duten filmak Enric Marco Batlleren bizipenak ditu oinarri, Flossenbürgeko kontzentrazio-eremuan egon zeneko istorio faltsua zabaldu zuen CNTren idazkari nagusiarenak. Bost izendapen bildu ditu guztira Marco Eduard Fernandez protagonista duen filmak: Fernandezena gizonezko aktore protagonistaren atalean, zuzendaritza onenarena (Aitor Arregi eta Jon Garaño), jatorrizko gidoi onenarena (Aitor Arregi, Jon Garaño, Jorge Gil Munarriz eta Jose Mari Goenaga), makillaje eta ile-apaintze onenarena (Karmele Soler, Sergio Perez Berbel, Nacho Diaz) eta efektu berezi onenena (Jon Serrano, Mariano Garcia Marty eta David Heras).
Benetako gertakari batean oinarrituta dago, halaber, izendapen gehien bildu dituzten euskal ekoizpenetan hirugarrena, Soy Nevenka Iciar Bollainen filma. 90eko hamarkadan udal zinegotzi bati Ponferrada udalerriko alkateak egin zizkion sexu-abusuak eta herriaren babesik eza kontatzen du 4 sailetan izendatutako pelikulak, eta, besteak beste, Urko Olazabalek egindako interpretazio lana hartu du aintzat Espainiako Akademiak. Maixabelekin bigarren mailako gizonezko aktore onenaren saria irabazi eta gero, gizonezko aktore onenaren sailekoa irabaz lezake larunbatean aktore bilbotarrak.
Film laburrak
Formatu laburreko euskal filmek toki handia hartu dute izendatuen zerrendan. Fikziozko film labur onenaren atalean Betiko gaua Eneko Sagardoyren lana, euskarazko lan izendatu bakarra, eta Mamantula Ion de Sosaren filma lehiatuko dira, eta animaziozko film laburren atalean hiru euskal film daude bost izendatuen artean: La mujer ilustrada (Isabel Herguera), Cafuné (Carlos Fernandez de Vigo eta Lorena Ares) eta El cambio de rueda (Begoña Arostegui).
Gainera, Semillas de Kivu Amania Films eta Uniko ekoiztetxeen lana film labur dokumental onenaren sailean izendatuta dago.
Euskal profesionalak
Horiez gain, Alberto Iglesias maisua eta Fernando Velazquez getxoztarra jatorrizko musika onenaren atalean lehiatuko dira, The room next door eta La infiltrada lanetan egin duten lanari esker.
Patricia Lopez Arnaiz gasteiztar goyadun aktorea ere izendatuta dago, emakumezko aktore protagonistaren atalean, Los destellos pelikulan egindako lanarengatik, Joana M. Ortueta La casa filmaren gidoi egokituagatik eta Karol Tornaria nafarra makillaje eta ile-apaintze onenaren atalean, El 47 filmagatik.
Betiko gaua izendatuen arteko euskarazko film bakarra izanagatik, aipagarria da bai Eneko Sagardoyren film hori berori bai Los destellos (lau izendapen) bai Salve Maria (bi izendapen) euskal emakume idazleen lanetan oinarrituta daudela, hurrenez hurren, Nerea Ibarzabal, Eider Rodriguez eta Katixa Agirreren liburuetan, hain zuzen ere.
EITBren parte-hartzea duten filmek, La infiltradak, Marcok, Betiko gauak eta La mujer ilustradak, hogei izendapen bildu dituzte.
El 47 izendapenen buruan
39. edizio honetarako, El 47 filmak bildu ditu izendapen gehien, hamalau, Segundo premiok hamaika, La habitación de al ladok hamar, La virgen rojak bederatzi eta Casa en flamesek eta La estrella azulek zortzi.
Maribel Verdu eta Leonor Watling aktoreek aurkeztuko dute ekitaldia, eta, berorretan, Aitana Sanchez Gijonek Ohorezko Goya eta Richard Gerek Nazioarteko Goya jasoko dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Michaël R. Roskamen 'Le Faux Soir' filmarekin emango diote amaiera Zinemaldiari
II. Mundu Gerran Belgikako Erresistentziaren operazio batean gertatutakoa azaltzen duen filma lehiaketatik kanpo proiektatuko da irailaren 26an, Kursaalen, palmaresa iragarri ondoren.
Fatih Akinen "Ghost Song" filmak inauguratuko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Zuzendari alemaniarraren film berriaren mundu mailako estreinaldiak irekiko du irailaren 18an Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofiziala. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioan proiektatuko da filma, eta Akinek Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Los Javis, Araujo, Dhont edo Hamaguchiren film berriak eskainiko dituzte Zinemaldiko Perlak sailean
Guztira 16 film luze proiektatuko dira Perlak sailean eta guztiak, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren 'Juste une illusion' izan ezik, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira.
Zinemaldiko Belodromoko saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko
Donostiako belodromoak 'Karateka' eta 'Muguruza FM 40 Tour' filmen mundu mailako estreinaldiak hartuko ditu, baita 'Go! azen' telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ere.
Hayden Panettiere aktorea hil da, 'Scream' eta 'Heroes'-eko protagonista, 36 urte zituela
Aktorearen ordezkariak baieztatu du albistea, baina oraingoz ez dute jakinarazi zergatik hil den.
Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko diren sei film gehiago iragarri ditu
Jesse Eisenbergen eta Fred Cavayeren lanak, besteak beste, aurretik iragarritako hamar izenburuei batuko zaizkie Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Leihoa irekita izan arren, pantailarik ez
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.