Urriaren 10ean estreinatuko dute “Karmele” filma
Karmele Asier Altuna zuzendariaren (Amama, Aupa Etxebeste!, Agur, Etxebeste) film luzea urriaren 10ean estreinatuko da. EITBren parte-hartzea duen filma Donostiako Zinemaldian ikusiko da lehenago, nolanahi den, Sail Ofizialaren barruan baina lehiatik kanpo, proiekzio berezi batean.
Fikziozko filma Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uriberen eleberrian oinarrituta dago, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy ditu protagonista eta Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran ere ageri dira antzeztaldean.
Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratuko dira 1937an, gerraren ondorioz. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasoko du, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko.
Bide horretan, Txomin ezagutuko du, tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maiteminduko da. Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera itzuliko da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.
Aitor Etxebarria (musika), Ander Sistiaga (ekoizpen zuzendaria), Javier Agirre (argazki zuzendaria), Zaloa Ziluaga (arte zuzendaria), Alazne Ameztoy (soinua) eta Nerea Torrijos (jantziak) profesionalak daude lantaldean.