'Los domingos' eta Jose Ramon Soroiz garaile Forque sarietan, Goyen atarian
Donostian Urrezko Maskorra eskuratu ostean, Alauda Ruiz de Azuaren filmak irabazi du larunbat honetan fikziozko film luze onenaren saria. Patricia Lopez Arnaizek eta Soroizek eskuratu dituzte aktore onenen golardoak.
Patricia Lopez Arnaiz, saria jaso ostean. Argazkia: EFE
Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos lanak fikziozko film luze onenaren saria jaso du larunbat honetan Forque sarietan, eta Patricia Lopez Arnaizek, berriz, emakumezko aktore onenarena.
Los domingos "erlijio doktrinamenduak zure pertzepzioa edo sentimenduak nola distortsionatu ditzakeen aztertzen duen filma da", esan du Alauda Ruiz de Azua zuzendariak gaueko sari nagusia jasotakoan.
Fikziozko film luze onenaren saria eskuratzeaz gain, emakumezko interpretazio onenaren saria eman diote Patricia Lopez Arnaiz protagonistari.
Gizonezkoen kategorian, Jose Ramon Soroiz saritu dute Maspalomas adineko pertsonen homosexualitateari buruzko filmean egin duen lanagatik. Aktoreak Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariei eskaini die saria, "gidoi zoragarria duen film ederra" egiteagatik.
Enrique Cerezo buru duen Egeda irabazi-asmorik gabeko erakundean bildutako ikus-entzunezkoen ekoizleek ematen dituzten Forque sarien 31. edizioa Goya sarien atarikoa izan da.
Telesail onenaren saria Anatomía de un instante lanak jaso du, Javier Cercasek 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpeari buruz idatzitako liburuan oinarrituta Alberto Rodriguezek zuzendutako telesailak.
Zure interesekoa izan daiteke
La bola negrak Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da