Zinemasteak hamar euskal pelikula eskainiko ditu Gasteizko bere egoitza berrian
Gaua, Los domingos, Maspalomas, Decorado, Karmele, Jone, batzuetan… Zinemastea euskal zinemaren Gasteizko jaialdiak hamar euskal film berri proiektatuko ditu urtarrilaren 23tik 30era Arkabian, Vital Fundazioak Gasteizko Posta kalean ireki duen espazioan. Urtarrilaren 31n, Europa jauregiak jaialdiaren itxiera gala hartuko du, eta epaimahai batek ebatzitako sarien banaketa: filmik onena, zuzendari onena, gidoi onena, aktore nagusi onena, antzeztaldeko aktore onena eta, aurten lehenengoz, jatorrizko soinu banda onena.
Proiekzioak 19:30ean izango dira astegunetan, larunbatean eta igandean, hilak 24 eta 25, saio bikoitza egongo da (16:45 eta 19:30) eta emanaldiaren ondoren solasaldiak egongo dira pelikuletako protagonistekin: zinemagileak, aktoreak, gidoilariak… Saio guztietara eta itxiera ekitaldira sartzeko bonuak (22 euro) eta eguneko sarrerak (3 euro) salgai daude dagoeneko jaialdiaren webgunean; amaiera galako gonbidapenak Arkabian (Posta kalea, 13-15) lor daitezke gaurtik aurrera.
Bi sari gehiago egongo dira, gainera, film onenaren publikoaren saria eta Gutako Bat saria, zinemarekin lotuta arabar pertsonen lana goraipatzeko.
Ostiralerako, hilak 23, Gaua Paul Urkijoren hirugarren film luzea programatu dute, larunbatean Decorado (16:45) eta Todo lo que no sé (19:30) Ana Lambarriren pelikula ikusi ahalko dira, eta igandean Jone, batzuetan Sara Fantovarena (16:45) eta Faisaien irla Asier Urbieta zuzendariaren lehen film luzea (19:30).
Asteari ekiteko, astelehenean Singular Alberto Gastesiren bigarren film luzea emango dute (19:30), asteartean Los domingos Urrezko Maskorraren irabazlea, asteazkenean Maspalomas, ostegunean Karmele eta ostiralean, urtarrilak 30, El mal Juanma Bajo Ulloaren pelikularik berriena.
Zure interesekoa izan daiteke