Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ikatzak dena zikintzen du eta nik izan ez zenagatik egiten dut negar

Donostiako Zinemaldian desiragai, ikusgai, dauden 263 filmen artean, bi aipatuko dizkizuet, merezi dutelako: "Inurri itsuak" eta "Simulacro".

Donostiako Zinemaldian desiragai, ikusgai, dauden 263 filmen artean, 31 ditugu, neurri batean, tamaina batean, euskal ekoizpenak. Izango ditugu pantaila, plataforma, paper, irrati zein telebista saio nahikoak denez mintzatu ahal izateko, baina zine jaialdia hasi berritan, bi aipatuko dizkizuet, merezi dutelako eta bat jaialdiarekin batera piztuko baita, hilaren 18an, aretoetan, eta besteak bi emanaldi baititu, larunbatean eta igandean.

Igor Legarreta Bilboko Fant jaialdian ezagutu genuen, 2020an. Hantxe aurkeztu zuen Ilargi guztiak, antzinako ukitu garratz ederra duen film fantastikoa. Haizea Carnerosek, Itziar Ituñok, Josean Bengoetxeak eta Zorion Eguileorrek hartzen zuten parte bertan, eta Imanol Nabeak barruko eta kanpoko paisaiaren argi ilunak sortu.

Oraingoan, erronka itzela proposatu/onartu du Igorrek, Bizkaia populatu zuten gizakien inguruko saga eta barne heraldika oso bat osatu zuen Ramiro Pinilla idazle markaz fuerakoaren Las ciegas hormigas Bizkaiko kostaldeko epopeia hertsi, busti, zikin, tristea, patuak begiz joa, pantailara ekartzea, igualik ez duen zinema talde baten konplizitate itsuaz, laguntza trinkoaz.

Aipu eta goraipamenak merezi dituzten kontu anitz daude egokitzapen honetan, girotze lana, esaterako. Espainiako Gerra bukatu berri, izenik ez duen herrixka batean gaude. Itsasoak ez du hemen ez errukirik ez esperantzarik. Gizakiek gizakiekin ere ez.

Ikatza behar da bizirik irauteko. Ez dago, baina, erosteko sosik. Labe Garaietarako kargamentuetatik erortzen dena harrapatu behar. Baina ikatz-hauts, ikatz-abar, ikatz-errauts, ikatz-koskor horiek ere jabea dute, Bilboko handikiak. Beraz, ikatz-uzta hori debekatua da…

Hori da nobelaren eta pelikularen mamia, ardatza. Gizakiak zein natura, zein su gutxi dagoen sutondoan gertatzen dena ezagutu ahal izateko. Saiatu bederen. Izugarria pelikula. Hezea. Ospela. Gogorra.

Bikaina, halaber, ezpainetan bezala eztarrian eta belarrietan ere dastatzeko moduko mintzoa. Euskarara, Bizkaiko kostaldeko euskarara, Pinillaren gaztelania (beti-beti euskarak bustia) ekartzeko egin duten hori balentria da zeharo.

Lagun ezin hobeak izan ditu afan horretan Igorrek: Harkaitz Cano eta Gorka Lazkano. Paul Urkijoren Gauaren inguruan hizketan geundela esan zigun behin berak, hainbat filmetan euskararen arduraduna izandakoak: "Garai haietako emakume libreek patxarana edaten zuten eta nokaz mintzo".

Ikusi eta entzun, ezinbesteko duzue Inurri itsuak…

Bilbon ezagutu genuen Nitya Lopez Saitua ere. Bizkaiko beste zine bilkuran, Zinebin, alegia. Ordurako film labur dexente zituen eginak: Infraganti, Txoriak txori, Deadly Draw… Ordurako, eskarmentu polita ari zen hartzen zinema kontuetan. Bizitzako kointzidentziak direla medio, ordurako Nityak Igorren hirugarren zuzendari laguntzaile gisa jardun zuen… Ilargi guztiak hartan. Ez zen bere lan bakarra. Laguntzaile Ane, Maixabel, El buen patrón pelikuletan ere. Bigarren unitatearen arduraduna Irabazi Arte! eta Hondar ahoak telesailetan. Ofizioa bereganatua, Niña Coyote eta Chico Tornado taldearen Zerua irabazi kantaren bideoa filmatu zuen.

Larunbatean estreinatuko du Donostian, Zinemira sailean, bere lehenengo luzea: Simulacro/Family Drill (Simulazioa). Nola definitu? Autofikzioa bide? Metazinema ote? Nityak askok Azken Erromatikoak filmean ezagutu genuen Iraia Elias eta Los domingos, Cuerdas eta 20.000 especies de abejas lanetan dugun Miguel Garcés aktoreak bere gurasoena egin dezaten konbentzitzen ditu. Bera ere, gidoigilea, zuzendaria eta kamera gizona izateaz gain, pantailan agertuko da, bera baita Leire Saitua eta Jesús Lopez Mindeguia horien semea. Pantailan agertuko da, bai, zuzendari beharretan baina baita seme bezala ere, une eta pasarte askotan kamera aurrean dagoena fikzioa, dokumentala, erreportajea edo ikus-entzunezko gogoeta ausarta den ala ez, ala bai, ez dakizula.

Ez du inporta. Nityak zerbait berreskuratu nahi du. Oroipen bat, existitu, suertatu, gertatu ez zen gertaera baten oroipena. Egia erreala izateak ez du autorea kezkatzen. Ikusleak ere ez. Izenburuak berak dio. Hiru hizkuntza nagusitan esan ere: Simulacro/Family Drill (Simulazioa).

Lau urte zituela, hain polit eta sakon elkar maite zuten guraso horiek banandu egin ziren. Bisitatu nahi du Nityak haustura horren aurreko urteak, momentuak. Jakin, bizi ez zuen hori guztia nahi du kontatu. Berreraiki. Bizi. Badaki engainua izango dela. Ez du inporta. Horretarako dago zinema gurean eta gugan… Bukaera aldera, Ibon Belandia entzuten dugu kantari. Aquello du izenburu abestiak, eta honela dio: "Ez dut ikusten dudanagatik negar egiten egun, ikusi ez nuen hargatik baizik, horrela izan ez balitz bestela izango baitzen".

31 euskal ekoizpen Donostian. Aperitifa bezala, ikus itzazue Igorrena eta Nityarena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X