Zinemaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Inurri itsuak”, bizitza zikina

Igor Legarretak “Las ciegas hormigas” zinemaratu du, Ramiro Pinillak giza biziraupenari idatziriko eleberri ilun eta epikoa. Legarretak eraiki duen western klasikoan, euria, iluntasuna eta ankerkeria gailentzen zaizkio basamortuari, eguzkiari eta menturari.
"Inurri itsuak"
"Inurri itsuak"

Sabas Jauregik, Urko Olazabalek gorpuzten duen Inurri itsuak filmeko protagonistak, ezin du gizaki izan, ez daki edo ez diote uzten; uko egin dio edo ukatu egin diote sentitzeko, zalantza egiteko, enpatizatzeko, hunkitzeko, aldatzeko, hausnartzeko eta atzera egiteko ahalmena. Horren guztiaren gainetik, nola eleberrian hala pelikulan, Sabasek bere legeen arabera bizirauteko grina lehenetsiko du, denaren eta denon gainetik.

1930eko hamarkadan, Legarretak kameraren atzetik trebetasunez berpiztu duen gau ekaiztsu batez –euriak ikuslea bustiko du, haizeak astindu eta uhinen aparrak zipriztindu–, ikatzez beteriko zamaontzi bat Getxoko kostaldean hondartuko da. Langile klaseko eta baserriko getxoztar familiek, jauregitarrek tartean, noizbait neguan hotzak ez egoteko aukera bat ikusiko dute orduan.  

"Inurri itsuak" Igor Legarreta Urko Olazabal Argazkia: Nicolás de Assas

Igor Legarreta zuzendaria eta Urko Olazabal aktorea. Argazkia: Nicolás de Assas.

Sebasen bizi sen aseezinak mantenuaren bilaketa tragiko batera bultzatuko du familia osoa, eta senide guztien egunerokoa eta geroa belztuko du erabaki horrek, ikatzak Bizkaiko hondartzetako harea bezala.

Urko Olazabal eta Itziar Ituño aktoreen pertsonaiak buru dituen familiak –Ituñok interpretazio dirdiratsua egiten du Josefaren larruan, haren eboluzio dramatiko interesgarria irudikatzeko– miseriatik salbatzeko bere zirrikitua bilatuko du, zikindu egiten duen mundu lohi batean, zeinetan, pelikulako pertsonaia batek esaten duenez, denak duen jabe bat, ikatzak, itsasoak eta guk geuk.

Itziar Ituño "Inurri itsuak" pelikulan

Itziar Ituño aktorea, "Inurri itsuak" filmean

Inurri itsuak Bizkaiko euskaran filmatu dute, EITBren parte hartzearekin, eta western epikoen egitura eta giro klasikoetan oinarritzen du filmak Ramiro Pinillaren kontakizun ezkor eta beltza. Pelikulak aurrera egin ahala, hari narratiboa tenkatzen joango da, eta agerian geldituko da lanaren balioa handitzen duen geruza soziala.

Inurri itsuak pelikulan, esperantza ez da azaleratzen, Ismael jauregitarren seme txikiak egun batean Beltza arrantzatzeko duen ametsean izan ezik. Izan ere, esperantzarako tarte txikia gelditzen zaio gizatasuna ukatu diotenari, eta ez da bidezkoa itxaropen hori ez Ramiro Pinillari ez Igor Legarretari eskatzea. Eurek beren begirada eskaintzen digute, inguratzen gaituen iluntasun ikatzezkoa ikusteko gai izan gaitezen, bederen. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X