Lau atxilotuek 200 kilo lehergai gordetzen zituzten Galdakaon
Guardia Zibilak ETAko lau ustezko kide atxilotu ditu astearte honetan Bilbon eta Galdakaon (Bizkaia), Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Hain zuzen ere, atxilotutakoak Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria, Lorena Lopez eta Daniel Pastor dira. Lehenengo hirurak Bizkaiko hiriburuan atzeman dituzte, eta laugarrena, Galdakaon.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministro eta lehen presidenteordeak ez du zehaztu zer atentatutan parte hartzea egozten dieten, eta "Bizkaian eta inguruetan" jazotako batzuk argitzeko ikertuko dutela baino ez du aurreratu. Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek jakinarazi dutenez, baina, baliteke gaur atxilotuek Eduardo Puelles poliziaburuaren aurkako atentatuan parte hartu izana. Puelles 2009ko ekainaren 19an hil zuen erakunde terroristak, Arrigorriagan (Bizkaia), haren autoan lapa-bonba bat eztandarazita.
Agerraldi labur batean, Rubalcabak baieztatu du atxilotuei 200 kilo lehergai atzeman dizkietela eta laurak ETAren talde ''legal'' (Poliziak fitxatu gabekoa) bateko kideak zirela.
Ikerketa, ministroaren esanetan, 2008ko urrian hasi zuten, Garikoitz Aspiazu Txeroki ETAko ustezko buruzagi militar ohia atxilotu zutenean.
Operazio honekin, 23 dira dagoeneko ETArekin lotuta atxilotutakoak erakunde terroristak su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria iragarri eta gero.
Miaketak
Barne Ministerioaren hitzetan, miaketetan beste hainbat gauza atzeman dituzte, hala nola subfusil bat bi kargadorerekin, errebolber bat eta munizioa, Ertzaintzaren eta Lurreko Armadaren agiri faltsuak eta bonbak egiteko materiala.
200 kilo lehergaiak Daniel Pastorren lokal batean zeuden, Galdakaoko Aperribay auzoan, pistola batzuekin batera. Arma horiek atentaturen batean erabili izan dituzten aztertzen ari da Guardia Zibila.
Lokal horretan, gainera, detonagailuak, aluminio hautsa eta bonbak egiteko beste material batzuk ere aurkitu dituzte.
Bilbon, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria bizi diren etxebizitzan, ere lehergaiak eta bonbak egiteko tresnak atzeman dituzte.
Institutu Armatuak Lorena Lopezen etxebizitza ere miatu du Bilbon, eta Pastorrena Galdakaon.
Egozten dizkieten atentatuak
Puellesen hilketa ez ezik, beste hainbat atentatu ere egozten dizkiete terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek, hala nola garai hartan Burgosen eta Kantabrian jazotakoak. Larriena 2009ko uztailaren 29an gertatu zen, hots, Puelles hil eta 40 egunera. Egun horretan, furgoneta-bonba batek Burgosko kuartel-etxea suntsitu eta 65 pertsona zauritu zituen.

(Eduardo Puellesen aurkako atentatuaren irudi bat. EFE)
Urte berean, maiatzean, Kantabrian, bonba bat leherrarazi zuten Guriezoko errepikagailu baten aurka.
Guardia Zibilaren ustez, baliteke ETAko ustezko kide hauek Bilbo inguruan argitu gabe dauden beste hiru atentaturekin ere zerikusia izatea. Hauekin, hain justu: 2007ko urrian eta 2008ko apirilean Abusu auzoan Gabriel Gines bizkartzainaren (larri zauritu zen) eta PSE-EEren egoitza baten aurka egindakoak; eta 2008ko irailean Zorrotzan polizia baten aurka egindakoa (bonba bat jarri zioten autoan, baina ez zen lehertu).
Puelles, 16 urte ETAren aurkako borrokan
Eduardo Puelles ETAk Euskadin hildako pertsona bakarra izan da duela bi urte Patxi Lopez sozialista lehendakari bihurtu zenetik.
49 urtekoa zen, ezkonduta zegoen eta 16 eta 21 urteko bi seme zituen. Espainiako Poliziaren Bilboko Informazio burua zen, eta 16 urte zeramatzan ETAren aurkako borrokan lan egiten.
Puellesen ostean, ETAk Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak hil zituen Mallorcan.
Erakunde terroristaren azken hilketa iazko martxoaren 16an izan zen. Orduan, Jean Serge-Nerin polizia frantziarra tirokatu zuen, Paristik gertu.
&' || 'nbsp;
Zure interesekoa izan daiteke
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".