Krisia Nafarroan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Barcinak Roberto Jimenezi esandako hitzak gaitzestu ditu PSNk

Bestalde, Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariaren iritziz, UPNren eta PSNren Gobernu akordioa hautsita, aukera "demokratikoena" hauteskundeak deitzea da.
Barcinak Jimenez presidenteordea kargutik kendu zuen ostiralean. Efe.

PSNren Lurraldeko Batzordeak gaitzestu egin ditu Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiari esandako "gezurrak, deskalifikazioak eta purrustadak". Batzordeak aho batez onartu du gaitzespena.

"Nafarroako Gobernuko presidentetzak alderdien anbizioen eta gizakien ahultasunen gainetik egon behar du, ez bakarrik erakundei zor diegun errespetuarengatik, herritarrei izan beharreko begiruneagatik ere" adierazi dute Nafarroako sozialistek UPNren eta PSNren Gobernu-akordioaren hausturaren ondoren.

Larunbat honetan onartutako idatzian, UPNk PSN Gobernutik "kanporatzea aldebakarreko erabakia" izan dela berretsi dute, "egia esan dugulako". "Ez da leialtasun faltagatik izan, egia esateagatik baizik", azaldu dute.

Ezker abertzaleak hauteskundeak deitzea eskatu du

UPNren eta PSNren koalizio Gobernuaren hausturaren ostean, "aukera demokratikoena hauteskundeak deitzea" dela adierazi du Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak. Morenoren hitzetan, "herritarrek ordezkaritza politiko berria aukeratzeko parada izan behar dute".

Morenok prentsaurrekoa eman du, Pernando Barrena ezker abertzaleko kidearekin. Bertan, adierazi duenez, "UPN bakarrik geratu da, eta jadanik ez du aurrekontuak eta murrizketak aurrera ateratzeko beharrezko gehiengoa".

UPNk ez du hauteskunderik deituko

Nafarroan "momentuz" ez dutela hauteskunderik deituko azpimarratu du Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak, alderdiaren asmoa bakarrean agintzea da.

UPN-PSN koalizioa hautsi arren, Garcia Adanero itxaropentsu agertu da Alderdi Sozialistarekin elkarlanean aritzeko aukeraren inguruan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X