Epaileak ETAko lau kide ohi auzipetu ditu 2002ko Santa Polako atentatuarekin lotuta
Epaian, "hilketa terrorista, lesio terroristak eta 2002ko abuztuaren 4ko atentatuak eragindako kalte terroristak" egotzi dizkie Piñak laurei.
Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epaileak Marisol Iparagirre, Anboto, Jon Olarra Guridi, Felix Ignacio Esparza eta Ainhoa Mujika ETAko buruzagi ohiak auzipetu ditu Santa Polako (Alacant) Guardia Zibilaren kuarteleko atentatuarekin lotuta. Eraso hartan, bi pertsona hil eta dozenaka zauritu zituzten.
Epaian, "hilketa terrorista, lesio terroristak eta 2002ko abuztuaren 4ko atentatuak eragindako kalte terroristak" egotzi dizkie Piñak laurei. Gainera, iragan abuztuan, Mikel Albisu eta Ramon Sagarzazu auzipetu zituzten, atentatu horrekin lotura zutelakoan.
Epaileak argudiatu duenaren arabera, "irmotu egin dira Anbotoren, Olarra Guridiren, Esparzaren eta Mujikaren aurkako kriminalitate zantzuak".
Piñak azaldu du Olarra Guridi eta Mujika "taldeen kontrolaz, koordinazioaz eta horniketaz arduratzen zen Otsagi egitura militarraren zuzendaritzan" zeudela. Esparzari, berriz, "aparatu logistikoa zuzentzea" leporatu dio, arrazoituta "atentatuetan erabilitako materiala lortu, prestatu eta banatzea" zela bere lana.
Amaitzeko, epaiaren arabera, Anboto "finantza aparatuaren buru" zen, eta "jarduera terroristari eusteko baliabide ekonomikoen kudeaketan eta banaketan" parte hartzen zuen.