Ilegalizazioarekin arreta desbideratzea leporatu dio Mintegik Rajoyri
Laura Mintegi EH Bilduren buruak uste du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak koalizio abertzalearen balizko ilegalizazioaz hitz egiten duenean "arreta desbideratu" nahi duela "bake prozesuan aurrera egiteko duen arduraren inguruan".
Mintegik prentsaurrekoa eman du gaur Donostian, eta Rajoyren adierazpenak izan ditu hizpide. Espainiako presidenteak iragarri zuen Gobernuak "lege urraketaren bat" ikusten badu eta "beharrezko" jotzen badu, Bilduren "ilegalizazioa" eskatuko duela auzitegietan.
Horren harira, Mintegik adierazi duenez, Gobernuak "arreta desbideratu nahi du bake mezua zabaldu nahi duen koalizio bati kontra eginez", bakea lortzeko "egin beharko lituzkeen ekintzen inguruan gogoeta egin gabe".
"Bakea beharrezkoa da eta eragile politiko eta sozial guztiek egin beharko dute lan, baita Espainiako eta Frantziako gobernuek ere", azpimarratu du.
Horren harira, Aieteko konferentziak "bi gobernuei dei egin ziela" gogorarazi du.