PSOEko Batzorde Federalak ezarriko du primarioetako egutegia
Azkenean, Alfredo Perez Rubalcabak bere irizpidea nagusitzea lortu du, eta PSOEko Batzorde Federalak ezarriko du hauteskunde primarioetako egutegia. Izan ere, Konferentzia Politikoak atzera bota ditu hauteskunde primarioetako egutegia zehaztea eskatzen zuten ebazpenak. Halaber, hautagaiei bidea erraztu diete, aurkeztu behar dituzten sinadura kopurua erdira jaitsita.
Aurrerago erabakiko dute hauteskunde primarioak itzuli bakarrera edo bi itzulitara egingo diren.
Bestalde, afiliatu gabe egon arren botoa emateko eskubidea izango dute 16 urtetik gorako pertsonek, aurrez errolda batean izena ematen badute.
Abalen jaitsiera
PSOEko Konferentzia Politikoak % 10etik % 5era jaitsi du alderdiko hauteskunde primarioetara aurkezteko hautagaiek aurkeztu behar duten abal kopurua.
Abalak % 10etik % 5era jaitsita, hautagaiek militanteen 11.000 sinadura biltzea nahikoa izango dute. Orain arte, hautagaiek 22.000 sinadura behar zituzten.
Eduardo Madina sozialistek Diputatuen Kongresuan duten talde parlamentarioko idazkari nagusiak begi onez hartu du abalen kopurua jaisteko erabakia. Azaldu duenez, hautaketa prozesuan "demokrazia gehiago egotea" ahalbideratuko du.
Konferentzia Politikoko lehen eguna
PSOEren buruzagi nagusiek, lurraldeetako agintariek, kargudun publikoek eta oinarrizko militanteek PSOE alderdiaren proiektua berritzeko konferentzia politikoari hasiera eman diote larunbat honetan Madrilen. Espainiarako proiektu bateratu bat zehazteko beharra azpimarratu dute sozialistek, alderdia nahasten denean botoak galtzen dituztela argudiatuta. Sozialisten hautagaia aukeratzeko primarioen gaia bolo-bolo dabilen honetan, batasunerako deia egin dute gaur sozialistek.
Susana Diaz Andaluziako presidentearen hitzaldi batek eman dio hasiera konferentzia politikoari, eta Espainiaren batasuna defendatzeko eta elkarbizitzan eta elkarrekiko ulermenean oinarritutako proiektu bateratu bat aurrera eramateko eskatu die PSOEri eta PSCri.
Diazek mezu zuzena bidali dio PSCko kideei: "Zuekin gaude, beharrezkoak zarete, eta sozialistok ordezkatzen dugu proiektu politikoa aurrera eramateko behar zaituztegu".
"Alderdiak Espainiarako proiektu argia izan duenean emaitza onak izan ditu, eta proiektu hori albo batera uzten duenean, nahasi, eta proiektua eta botoak galtzen ditu", Elena Valenciano PSOEko idazkari nagusiordeak ohartarazi duenez.
Valencianoren hitzetan, ezin da Katalunian gertatzen ari denaren aurrean ezin ikusiarena egin. Hori dela eta, proiektu federalaren aldeko apustua egin du, "Espainiako herri guztien berezitasunak aitortuak izan daitezen".
2.500 pertsonatik gora bildu dira gaurko saioan, eta hauteskunde primarioen eta Rubalcabaren buruzagitzaren inguruko eztabaidaren erdian egin da.
Konferentziarekin, sozialisten proiektua berritu nahi dute, herritarren gehiengoarekin bat egiteko eta, herritar aurrerakoiak elkartuz, 2015eko hauteskundeetan PPri irabazteko.
Buruzagi sozialistek ekonomia, enplegua, ongizatea eta demokrazia izango dituzte hizpide, eta ikus-entzuleen artean egongo dira gizarteko bestelako ordezkariak, PSOEn afiliatu gabeak, eta baita mugimendu ezkertiarretako eta IUko pertsona esanguratsu batzuk ere.
Primarioetako egutegia
Konferentzia Politikoa hasi baino lehenago, Alfredo Perez Rubalcaba buruzagi sozialista Andaluziako eta Astuariseko presidenteekin eta Pere Navarro PSCko buruzagiarekin elkartu da.
Bileraren ostean, Tomas Gomez, Emiliano Garcia-Page eta Guillermo Fernandez Vara sozialistek primarioetako data zehazteko beharra azpimarratu dute.
Fernandez Vararen hitzetan, Rubalcabak gidatu behar du prozesu hori, baina argi du ez dela Rubalcaba etorkizuneko PSOEren buruzagia izango.
Eduardo Madina talde parlamentario sozialistaren idazkari nagusiak azaldu duenez, Batzorde Federalari dagokio hauteskunde primarioetako data ezartzea. Ziurrenera, abenduaren 14an edo beranduenera urtarrila hasieran elkartuko da Batzorde Federala.
Lopez, Madina, Chacon, Garcia-Page...
Balizko hautagaiak mugimenduak egiten hasi dira azken egunetan.
Horien artean, Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSE-EEko idazkari nagusiak eta Carme Chacon ministro ohiak baieztatu egin dute hautagai izango direla, eskatzen badiete.
Beste bi balizko hautagaik, Eduardo Madina talde parlamentario sozialistaren idazkari nagusiak eta Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako sozialisten buruak, oraindik ere aurkeztu edo ez aztertzen ari direla esan dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.