Bilboko Portuko Agintaritzak bere gain hartuko du salgaien terminalaren kudeaketa
Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza akordio batera iritsi dira Bilboko Portuko Agintaritzaren ondarean Salgaien Garraioko Terminala eta haren eremu intermodala, jabari publikoko lurretan dagoena, integratzeko. Horren ondorioz, euskal erakundeak bere gain hartuko du haren titulartasuna eta zuzeneko kudeaketa.
Hala adostu dute Angel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoa ministroak eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak. Bilera egin dute astearte honetan Madrilen, Aldebiko Lankidetza Batzordean.
Bi administrazioek konpromisoa hartu dute integrazio hori gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio-jarduerak bultzatzeko, terminalaren eremu intermodala barne, edukiontziak kargatzen eta deskargatzen diren tokia, alegia.
Bestalde, Migrazio Koordinaziorako Aldebiko Azpibatzorde bat sortzea adostu dute, migrazio politikekin lotutako hainbat eremuri buruzko proposamenak aztertu eta formulatzeko, Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dutenez.
Azpibatzorde horrek, besteak beste, honako gai hauek jorratuko ditu: atzerritartasun-baimenen kudeaketa, jatorriko kontratazioa eta lan-politika migratzailea, Euskadi iparraldeko mugatzat hartzeko aukera, atzerritartasunaren arloko zehapen-araubidea eta Atzerritarren Barneratze Zentroen kudeaketa.