Polemika
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tolosako eta Andoaingo alkateek ez dute babesten udaltzainek Intxaurrondon formazioa jasotzea

Tolosako alkateak "zabaldutako informaren zati handi bat faltsua, okerra edo manipulatua" dela azaldu du. Horrez gainera, biek eskatu dute "hauteskunde-interesak eta alderdikoiak" alde batera uzteko.

Andoaingo udaletxea. 

EAJk atzo salatu zuenearen arabera, Andoaingo eta Tolosako udalek, biak EH Bilduren agindupean, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera bidali zituzten herriko udaltzainak, tiro eta prestakuntza praktikak egitera. Bi herri horietako alkateek mezuak zabaldu dituzte gaur, asteartea, erabakia ez dutela babesten azalduz eta zabaldutako informazioaren zati bat faltsua dela adieraziz.

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok sare sozialetan zabaldutako mezu bidez, argitu nahi izan du zabaldutako informazioaren "zati handi bat faltsua, okerra edo manipulatua" izan dela. 

Bere hitzetan, udaltzainek Guardia Zibilaren Gipuzkoako Komandantziaren eskutik Intxaurrondon jasotako prestakuntza "Arma eta Lehergaiei buruzko 137/1993 Errege Dekretuaren inguruko prestakuntza teorikoa izan zen". Udaltzainburuak hartutako "erabaki teknikoa" izan zela argitu nahi izan du eta zehaztu du arrazoien artean dagoela "Tolosako Eskopetarien jaiaren antolaketan eta arma-ikuskapenetan udaltzainek duten eginkizuna eta horretarako araudia ezagutzeko beharra". "Tamalez, gaur egun, gai honen eskumen esklusiboa Guardia Zibilarena da", gehitu du.

Horrez gainera, Martinez de Rituertok argi utzi nahi izan du ez duela erabaki hori babesten. Hala ere, informazio guztia biltzen ari direla eta aurrerago azalpen gehiago emango dituztela jakinarazi du.

Azkenik, mezua bidali nahi izan die "polemika antzu hau hauspotu duten eragileei"; "garbi joka" dezatela eta "hauteskunde-interesak eta alderdikoiak albo batera" utz ditzatela eskatu die. 

Andoaingo alkate Andoni Alvarezek adierazi du egia dela hainbat udaltzain Intxaurrondoko kuartelean egon direla prestakuntza jasotzen, baina argitu du ez duela erabakia babesten. 

"Argi utzi nahi dut erabaki hori ez dela Alkatetzarena izan eta ez dugula babesten", adierazi du. "Horren berri izan genuenetik, gertatutakoari buruzko informazioa biltzeko eta herritarrei azalpenak emateko erantzukizuna hartu dugu", gaineratu du.

Alvarezek azaldu du, gainera, lanean ari direla eta "neurri egokiak" hartuko dituztela. 

"Amaitzeko, alkateak eta udalerriak herrietatik kanpoko interes elektoralista eta alderdikoien zerbitzura ez erabiltzeko eskatu nahi dut", azpimarratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X