Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteak "harriduraz" hartu du Tolosako eta Andoaingo udaltzainak Intxaurrondora praktikak egitera bidali izana
Bestalde, Eudelek ere ez zuen kasuaren berri, eta eurek Arkautiko formakuntzak gomendatzen duela gogorarazi du.
Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteak "harriduraz" hartu du Tolosako eta Andoaingo udaltzainek tiro ariketa eta prestakuntza praktikak Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jaso izana. Estepan Goioaga Euskadiko Udaltzainburuen Elkartearen presidenteak adierazi du, euskal polizia eredua defendatzen den heinean, ez duela ulertzen udal horiek zergatik bideratu dituzten agenteak Guardia Zibilarengana.
Goioagaren arabera, Intxaurrondon Arkautik eskaintzen duen prestakuntza praktika jaso dute, eta hori da ulertzen zailena, baina bere hitzetan "salbuespena" da gertatutakoa.
Bestalde, Eudelek aditzera eman du ez zuela kasuaren berri, eta Arkautiko formakuntzak gomendatzen dituela gogorarazi du. Horren esanetan, "ez da ohikoa", eta Arkautira joatea gomendatzen die beti udalei.
Bien bitartean, Tolosako eta Andoaingo alkateen dimisioa eskatu du EAJk, baina bi udal horiek oraindik ez dute horren inguruko adierazpenik egin.