Martuteneko espetxea zegoen lekuan etxebizitzak egiteko erakunde arteko akordioa aste honetan lor lezakete
Estatuko Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hiru aldeko bilera egingo dute asteazkenean Madrilen. Bertan akordioa lor lezakete Txomin Enea II hirigintza-proiektua bultzatzeko.
Asteazkenean irits liteke Txomin Enea II sustatzeko erakunde arteko akordioa, Donostian babes publikoko 400 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duena. Helburua da Martuteneko espetxea zegoen orubean, eraikina eraitsi eta etxebizitzak eraikitzea. Kartzela izandakoa hutsik dago, ekainean preso guztiak Zubietako zentro berrira lekualdatu zituztenetik.
Egitasmoak aurrera egiteko, beharrezkoa da hiru erakundeen arteko akordioa: Espainiako Estatua da espetxe zaharraren jabea, Donostiako Udala da hirigintza-plangintzaren arduraduna eta lursailen jabea, eta Eusko Jaurlaritzak du etxebizitza babestuak eraikitzeko eta finantzatzeko eskumen nagusia.
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Euskadi Irratian azaldu duenaren arabera, Casa47 Estatuko enpresa publikoaren ardura izango da kartzelak hartzen zuen lur-saila, eremu osoaren % 40 inguru (gainontzekoa Udalarena da). Aurreikuspena da datorren urteko lehen seihilekoan eraistea, ondoren eraikuntzari ekin ahal izateko, eta enpresa horrek berak hartuko du eraikitzeko ardura. Itxasok azpimarratu du lehen aldiz eraikiko dituela Estatuak EAEn etxebizitzak.
Jon Insausti Donostiako alkateak duela bi aste iragarri zuen “harreman eta akordio instituzionalen agenda areagotuko” zuela eta, besteak beste, aipatu zuen bilera eskatu ziola Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroari, “Txomin II-ren birpartzelazioari buruzko akordioa sinatzeko eta, horrela, etxebizitzak lehenbailehen eraiki ahal izateko”. Eskatutako hitzordua asteazken arratsaldean izango da, Etxebizitza Ministerioan.
Zure interesekoa izan daiteke
Perez Iglesiasek ohartarazi du Bilboko indarkeriak "ur bide bat" irekitzen duela demokrazian
Denis Itxaso: “Etxegabetze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Gaur egingo dira Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"