Amaitu da Martuteneko presoak Zubietako espetxe berrira lekualdatzeko prozesua
Ertzaintzaren konboi batek 230 preso eraman ditu asteazken honetan Martutenetik Zubietako espetxe berrira, segurtasun neurri zorrotzekin. Operatibo honekin amaitutzat eman da espetxe zaharraren huste historikoa.
Martuteneko kartzelatiko lekualdatzearen irudi bat. Irudia: EFE
Astelehenean Zubietako presondegi berria ofizialki inauguratu ostean, asteazken honetan amaitu da Martuteneko espetxe zaharreko presoak kartzela berrira lekualdatzeko prozesua. Ertzaintzaren dozena erdi furgonetak eta polizia-ibilgailuek osatutako konboi batek hainbat bidaia egin ditu goizean zehar.
Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez, preso batzuk atzo, asteartea, eraman zituzten espetxe berrira; gehienak, ordea, gaur lekualdatu dituzte. Segurtasun neurri zorrotzak agerikoak izan dira bi kartzelak bereizten dituen errepidean: kontrol ugari egon dira errepideetan eta helikoptero bat ere ibili da gainbegiratzen.
Jakinarazi dutenez, guztira, Martutenetik 230 preso eraman ditu Ertzaintzak; izan ere, hirugarren graduan dauden 40-50 pertsona euren kabuz joango dira espetxe berrira.
Zubietako espetxeak 45,5 milioi euroko inbertsioa izan du, 400 presorentzako edukiera eta 255 langileko plantilla.