Sei txanda, presoak Euskal Herrira ekartzeko eskaera-prozesuan
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskaerak egiten hasi da.
Joan den abenduaren 28an iragarri zuten bezala, eskaerak banan-banan, txandaka eta egungo legedia oinarri hartuta egingo dituzte. Oraingoz, 16 presok egiten dute eskaria: gaixotasun larriak dituzten presoek eta 70 urtetik gorakoek. Martxoa eta ekaina bitartean gauzatuko dituzte eskaera guztiak.
Estatu espainiarreko kartzeletan dauden presoek Zaballako espetxera (Gasteiz) hurbiltzea eskatuko dute; Frantzian preso daudenek, berriz, Euskal Herritik hurbilen dagoen kartzelara.
LEHENENGO TXANDA
- Lehenengo txanda gaixotasun larriak dituzten presoek eta 70 urte baino gehiagokoek osatzen dute. Euskal Herrira eramateaz gain, aske uztea ere eskatuko dute. Guztira 16 preso dira.
BIGARREN TXANDA
- Bigarren txanda espetxean 20 urte baino gehiago daramatzaten presoek eta EPPKren bozeramaileek osatzen dute. Zaballara eramateko eskaerak apirilaren hasieran egingo dituzte. Guztira 80 bat preso dira.
HIRUGARREN TXANDA
- Hirugarren txanda kartzelan 15 urte baino gehiago daramatzaten presoek osatzen dute. Apirilaren bigarren hamabostaldian egingo dituzte eskaerak. Guztira 74 preso dira.
LAUGARREN TXANDA
- Laugarren txanda espetxean 10 eta 15 urte bitartean daramatzaten presoek osatzen dute. Maiatzaren hasieran egingo dituzte eskaerak. Guztira 170 preso dira egoera horretan daudenak.
BOSGARREN TXANDA
- Bosgarren txanda kartzelan bost eta hamar urte bitartean daramatzaten presoek osatzen dute. Maiatzaren bukaeran egingo dituzte eskaerak. Guztira 100 bat preso dira.
SEIGARREN TXANDA
- Azken txanda espetxean bost urte baino gutxiago daramatzaten presoek osatzen dute. Ekainean egingo dituzte eskaerak. Guztira 70 bat preso dira.