Jordi Pujolen Parlamentuko agerraldia irailaren 26an izango da
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak irailaren 26an egingo du agerraldia Kataluniako Parlamentuan, 16:00etan, 30 urtez atzerrian izan duen diruaren inguruko azalpenak emateko.
Uztailaren 25ean, Jordi Pujolek aitortu zuen familiak atzerrian zuen dirutza bat, aitaren oinordekotzarekin lotutakoa, erregularizatu zuela, eta "barkamena" eskatu zuen horren kudeaketan egindako "akatsengatik".
Gai Instituzionalen Batzordeko Mahaiak gaur goizean erabaki du Pujolen agerraldia noiz egin, presidentearekin adostu ostean. Pujolek bere borondatez emango ditu azalpenak Parlamentuan, talde guztiek, CiUk barne, hala eskatuta.
Sergi Sabria batzordeko presidenteak azaldu duenez, Pujolen agerraldia ohikoen gisakoa izango da. Beraz, presidente ohiak ordu-erdi izango du azalpenak emateko, eta gero taldeek hamar minutuko tarteak izango dituzte galderak egiteko.
Nuria Gispert Parlamentuko presidenteak eta Pujolek berak berretsi dute galderei erantzungo diela, "azalpenak emateko gogoa" duelako.
Agerraldi horrez gain, talde guztiek, CiUk izan ezik, ikerketa batzorde bat eratzea nahi dute, Pujolen auzia aztertu eta kontratazio publikoen ustezko iruzur fiskala jorratzeko.
Batzorde horren eskari formala egin behar dute orain, eta gero bozkatu. Litekeena da urriaren 1ean eta 2an egingo dituzten saioetan hartzea ikerketa batzorde horren inguruko erabakia.
Zure interesekoa izan daiteke
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri