EAJ, EH Bildu eta PSEren plantoak PPren mozioa bertan behera utzi du
Diru-laguntza sozialetan iruzurrari aurre egiteko sistema aldatzeko mozioa bertan behera utzi du PPk. Honenbestez, atzera egin du. Alderdi Popularraren ahotan, eztabaida “zirku” bat izatea saihestu nahi zuten. Aldez aurretik, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk planto egiteko akordio bat lortu dute.
PPren mozioa gai-zerrendako hirugarren puntua zen Gasteizko Ganberaren saioan. Bi hilabeteko epean Lanbideko Barne Kontrolerako Unitatea sortzea eskatzen zion PPk Eusko Jaurlaritzari mozioan, “diru-laguntza sozialen kontrola eta jarraipena egiteko”.
Azkenik, ekimena atzera botatzea erabaki du PPk eta ez da saioan eztabaidatu.
Talde politikoek zuzenketarik aurkeztu ez dutela argudiatu dute PPko iturriek erabakia hartzeko. Lanik ez egitea eta diru-laguntzetaz bizitzea leporatu die Javier Maroto Gasteizko alkateak etorkin magrebtarrrei azken asteetan.
Horregatik, eztabaida “konstruktibo” bat lortzeko mozioa bertan behera uztea erabaki dutela azaldu dute iturriek. PPren arabera, helburua aurrerago legez besteko proposamena aurkeztea da, gainerako taldeekin “akordioak lortzeko xedearekin”.
“Planto”
Ondoren, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk PPri “planto” egin behar ziotela onartu dute talde guztietako bozeramaileek prentsaurrekoan. Proposamenaren eztabaidan parte hartu behar ez zutela iragarri dute. Era berean, PPren ekimenari erantzun bateratu eman behar zioten.
Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak agerraldia egin du bere alderdiaren borondatea azaltzeko. “Planto batek” testua atzera botatzera “behartu” dienik ukatu du Quirogak. Eztabaida atzeratuz “benetako debate bat lortuko dugu eta ez zirku bat”, erantsi du.
Bestalde, “atzerritarren eta txiroen aurkako kanpaina bat elikatu nahi duenari bakarrik uztea” eskatu du Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak, PPri erreferentzia eginez. “Babes sozialeko sistemari eraso egiten dioten” ekimen guztiak bertan behera uzteko eskatu dio Blancok PPri.
PPk Euskadin indarrean dagoen babes sozialeko sistema arriskuan jarri nahi duela salatu du Amaia Arregik (EAJ).
Zentzu horretan, “politika sozialen aurkako PPren erasoaldia” eta “txiroen eta etorkinen kontrako kanpaina” salatu ditu Bixen Itxaso sozialistak. Eztabaida “faltsuak eta xenofoak” direla kritikatu du PSE-EEko ordezkariak.
Azkenik, PPk “demagogia merkea eta populismoa” egin nahi duela adierazi du Gorka Maneirok (UPyD), baina “plantorik” egin behar ez zuela azaldu du.