Gasteizko Udala pertsonatu egingo da Alfonso Alonsoren aurka
Gasteizko Udaleko gobernua pertsonatu egingo da Herri Kontuen Euskal Epaitegian Alfonso Alonso (PP) alkate ohiaren aurka, San Antonioko lokalen alokairuaren auzian.
Erabaki formala bihar hartuko du Udalak, eta "egin beharreko izapideak" abiatzea aginduko dio orduan abokatuari, "Gasteizen interesak defendatzeko".
Javier Maroto (PP) alkate ohiaren udal gobernuak uko egin zion auzian pertsonatzeari. Aipatutako alokairua sinatu zutenean, Maroto Ogasun zinegotzia zen.
Kontu Epaitegiak auzia ikertu zuen, eta Alonsoren udal gobernuari "erantzukizunak" eskatu ahal zaizkiela ebatzi zuen. Izan ere, teknikariek gomendu zutena baino gehiago ordaindu zuen San Antonio kaleko lokal batzuk alokatzeko.
Aurreko legegintzaldian, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu pertsonatu egin ziren auzian, eta salaketa aurkeztu zuten Alonsoren taldearen aurka. Gainera, epaiketa abiatzea ere eskatu zuten, erantzukizunak zehazteko.