Kataluniako hauteskundeen gakoak
Zer hautatuko dute hauteskundeetan?
Kataluniako gizarteak hauteskunde autonomikoak ditu irailaren 27 honetan. Bozek Parlamentu berria osatzeko helburua dute, baina inork gutxik jartzen du zalantzan kutsu plebiszitarioa dutela. Emaitzen arabera, independentziaren bidea hartzeko legitimitatea edukiko dute indar soberanistek. Estatuaz bereizteko prozesua abiatzea edo Estatuarekiko loturak mantentzea, horratx katalanek egin beharreko hautua.
Independentziaren aldeko indarrek eskuratuko dituzten boto eta eserleku kopurua da gakoa. Parlamentua osatzen duten 135 eserlekuetatik 68 dira gehiengo osoa. Hori lortuta, prozesu soberanista abiatzeko modua izango lukete Junts Pel Sik eta CUPek. Gehiengoa estuagoa balitz, bide malkartsuagoa edukiko lukete biek ala biek. Nolanahi ere, badirudi CUPek izango duela giltza.
Nortzuk aurkeztu dira hauteskundeetara?
Hauteskunde hauetarako propio aurkezteko sortu diren bi hautagaitza daude: Junts pel Si eta Catalunya Si que es Pot. Indar nagusien hautagai guztiak berriak dira.
Artur Mas presidentetzarako hautagaiak laugarrena da Raul Romeva ICVko eurodiputatu ohia buru duen Junts pel Si zerrendan (CDCk, ERCk eta independentziaren aldeko mugimendu sozialek babestutakoa). Aipatzekoa da azken hamarkadetan Katalunian izandako koalizio garrantzitsuena, CIU, apurtu egin dela hitzordu honetarako.
PSCk Miquel Iceta buruzagiaren aldeko apustua egin du. Sozialistak Konstituzioaren erreforma izango du proposamen nagusi.
PPk ere aurpegi "berria" izango du lehiarako. Alicia Sanchez Camacho barik, Xavier Garcia Albiol Badalonako alkate ohia aukeratu du.
Albert Rivera Espainiako hauteskundeetarako Ciutadans alderdiaren hautagai izango denez, Ines Arrimadas diputatua izango da zerrendaburua.
ICV-EUiA eta Podemos, berriz, Catalunya Sí que es Pot markapean lehiatuko dira, eta Lluis Rabellen karisma bultzatzen jarriko dituzte indarrak.
CUPek kapitalismoaren kontrako aldarriari helduko dio Antonio Bañosen zuzendaritzapean. UDCk, bestalde, Ramon Espadaler izango du hautagai.
Zein da boto zuriaren, balio gabekoaren eta abstentzioaren arteko aldea?
Boto zuria: Gutun-azala hutsik uztea edo horren barruan paper zuri bat sartzea da boto zuria ematea, eta, teorian behintzat, hauteskunde sistema babesten duzula baina zure gustukoa den alderdirik ez dagoela esan nahi du.
Boto zuriek eragin zuzena dute emaitzetan. Izan ere, handitu egiten dute erakundeetan sartzeko beharrezkoa den gutxieneko boto kopurua (% 5ekoa igandeko hauteskundeetan) . Hau da, zenbat eta boto zuri gehiago, gero eta handiagoa izango da ordezkaritza lortzeko beharrezko den gutxieneko boto kopurua. Hori dela eta, zuriz bozkatzeak alderdi handien alde egitea dakar.
Boto baliogabea: Gutun-azalean boto-papera ez den beste gauzak sartzea edo papera bera eraldatzea da balio gabeko boza ematea.
Boto baldarra dela esan ohi da, eta ez du eraginik azken emaitzan. Hori bai, zenbatu egiten dituzte.
Abstentzioa: Ez bozkatzea da. Edozein alderdiri egin diezaioke mesede edo kalte, etxean geratzen direnak noren boto-emaile diren arabera. Bozkatzera ez joateko arrazoiak askotarikoak izan daitezke (gaixorik egotea edo hauteskundeak direla ez jakitea, adibidez), baina herritarrek politikaren eta hauteskunde sistemaren aurrean duten interesa neurtzeko erabili ohi da.
Nortzuk bozkatuko dute?
5.510.798 katalan daude bozkatzera deituta, 2012ko azaroaren 25ean baino 96.930 lagun gehiago.
Hauteskunde erroldatik 3,9 milioi lagun Bartzelonan bizi dira; 547.291, Tarragonan; 495.557, Gironan, eta 299.113, Lleidan.
Guztira 40 hautagaitza lehiatuko dira, horietatik bederatzi Bartzelonako barrutian aurkeztu dira, 11 Gironan eta 10na Lleidan eta Tarragonan.
Boto eskubidea duten 200.000 katalan atzerrian bizi dira. Abstentzioaren aldeko hautua egin izan dute.
Korreo bidezko botoa % 56 hazi da oraingo honetan eta litekeena da parte-hartzea aurreko hauteskundeetan baino handiagoa izatea.
Nolakoa izango da hauteskunde eguna?
Goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-kolegioak eta hamaika ordu beranduago itxiko dira, hau da, arratsaldeko zortzietan.
Hautestontziak irekita dauden bitartean, komunikabideek ezin dute galdeketen emaitzarik ezagutzera eman. Arratsaldeko zortzietan, kolegioak itxi ondoren, kaleratu ahal izango dituzte emaitzak.
Parte hartze datuak birritan jakinaraziko dituzte: 13:30ean eta 18:30ean.
eitb.eus-ek zuzenean jarraituko du hauteskunde eguna. Kataluniako gobernuak, bestalde, www.resultat.parlament2015.cat webgunean eskainiko ditu datu guztiak. Horrez gain, 'Eleccions 27S' izeneko aplikazioa plazaratu dute.
Noiz osatuko da Parlamentua?
Hauteskundeen behin behineko emaitza igande gauean jakinaraziko da. Behin betiko emaitzak, ordea, urriaren 4an argitaratuko dira, betiere erreklamazio edo errekurtsorik ez badago.
Ganbera osatzeko 20 egun natural izango dituzte (gehienez jota, urriaren 26ra arte). Ondoren, 10 egun dituzte inbestidura saioa egiteko.
Artur Mas jarduneko presidenteak 20 egun horietan deitu beharko du Parlamentuaren osaketa saioa, eta horretarako adin mahai bat eratuko da ganberan.
Behin parlamentua eratuta, inbestidura saioa deitu beharko dute. Presidente aukeratzeko gehiengo osoaren babesa beharko dute hautagaiek. Lortu ez balitz, datozen bi egunetan beste saio bat deitu beharko dute. Gehiengo soilaren babesa beharko du bigarren horretan. Ezein hautagaik babes hori lortzen ez badu bi hilabeteko epean, jarduneko presidenteak hauteskundeak deitu beharko ditu berriro.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.