Konstituzionalak ebazpen independentista baliogabetu du
Kataluniako Parlamentuak azaroaren 3an onartutako ebazpen independentista bertan behera uztea erabaki du gaur Auzitegi Konstituzionalak, berri-agentziek zabaldu dutenez. Modu horretan, Espainiako Gobernuak adierazpenaren aurka jarritako helegitea ontzat eman du.
Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkuran parte hartu duten epaileek bozkatu dute, eta adierazpena baliogabetzea onartu, aho batez eta inoizko azkarren.
Atzo eta gaur bildu dira berme auzitegiko magistratuak, eta guztiek sinatu dute adierazpen independentista baliogabetzeko ebazpena.
Espainiako Gobernuak Kataluniako Parlamentuak onartutako adierazpenaren aurka aurkeztutako helegitea arazoaren 11n onartu zuen tramitera Auzitegi Konstituzionalak. Alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea eman zien aldeei Auzitegiak, eta epea agortzear zela, azaroaren 27an, Kataluniako Parlamentuak bere alegazioak aurkeztu zituen.
Konstituzionalak aste honetako osoko bilkuraren gai-ordenan sartu zuen berehala gaia. Atzo eztabaidatu zuten magistratuek, eta gaur etorri da erabakia.
Epaileen argudioak
Epaileek ez dute zehaztu zer gertatuko zaien ebazpenaren sinatzaileei euren agindua urratzen badute.
Epaiaren arabera, idatziak Konstituzioaren hainbat artikulu urratzen ditu. Zehazki, 1.1.a, 1.2.a, 2.a, 9.1.a eta 168.a, hau da, subjektu subiranoaren batasuna, aginte publikoak Konstituzioaren menpe daudela eta Konstituzioa bera erreformatzeko moduak aipatzen dituztenak
Halaber, nazioaren subiranotasuna "herri espainiarrean" dagoela eta horrek "halabeharrez" batuta egon behar duela adierazi dute.
Kataluniako Estatutuari dagokionez, lehen artikuluan autogobernua Konstituzioaren araberakoa dela zehazten dela ohartarazi dute.
Bestalde, Konstituzionalak gogorarazi du Konstituzioa erreformatu egin daitekeela, ez baitzioten lex perpetua izaera eman, baina horretarako aurreikusitako prozedurak jarraitu behar direla gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri