Konstituzionalak baliogabetu egin ditu Kataluniaren estatu-egiturak
Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi ditu Kataluniako Zerga Agentzia eta Parlamentak onartu zituen beste hainbat estatu-egitura, aho batez hartutako ebazpen batean. Dena dela, auzitegiak onartu egin ditu, baldintzekin, independentistek onartutako beste hainbat erakunde, tartean Babes Sozialerako Agentzia.
Bermeen auzitegiak inkonstituzional jo ditu, Zerga Agentziaz gain, Kataluniako Zerga Administrazio egitasmoa, Kataluniako azpiegituren katalogoa; energia, telekomunikazio, informazio sistema eta tren garraio egitasmoa; Kataluniako meteorologia zerbitzua eta portu publikoetako merkataritza gune handiena.
Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena konplexua da eta, Zerga Agentziari eta beste egitura batzuei dagokionez argia den arren, hainbat xehetasun ematen ditu Kataluniako Parlamentuak sortutako beste erakunde batzuekin lotuta.
Hala, konstituzional jo du, ebazpenak zehazten dituen mugen barruan, Kataluniako administrazio publikoen ondarearen inbetarioa egitea eta aipatu Babes Sozialerako Agentzia sortzea.
Babes Sozialerako Agentziaren helburua "babes sozialerako diru-laguntzen eskumen propioak edo Estatuak emanak bere gain" hartzea da, Generalitateko hainbat departamenturen esku uzteko, eta etorkizunean diru-laguntza gehiago ematea erabakiko balitz, horiek kudeatzea.
Hala, azken erakunde horren inguruan interpretazio ebazpena deritzona eman dute, hau da, araua ez baliogabetzeko bete behar dituen baldintzak ezarri ditu eta, besteak beste, Gizarte Segurantzan eraginik ezin duela izan jarri du muga gisa.
Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen behin behinean Kataluniako Zerga Agentzia, Espainiako Gobernuaren helegitea jaso ostean. Orain, bertan behera utzi du sakoneko azterketa eginda.
Baliogabetutako neurri gehienak 2015eko Aurrekontu Legeari eta Aurrekontuei Laguntzeko legeari lotutakoak dira, Kataluniarentzat estatu-egiturak sortzea aurreikusten baitzuten, CiUk eta ERCk hala adostuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri