Kontsulta adostua eskatu diote Puigdemontek eta Junquerasek Rajoyri
Erresuma Batuak eta Eskoziak egin zuten gisan, Kataluniaren independentziaren inguruko 'erreferendum adostua' egiteko deia egin diote Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.
Elkarrizketa eta akordioa aldarrikatuz, gutuna kaleratu dute biek El País egunkarian. 'Irabaz dezala elkarrizketak, erabaki dezatela boto-kutxek' izenburupean, 'Eskoziako bidea' defendatu dute idatzian: "Erresuma Batuak eta Eskoziak akordioa erdietsi zuten erreferenduma deitzeko eta baimentzeko, borondate politikoa egon zelako. Politikoki konpon zitekeena ez zen epaitegien esku utzi".
Horri kontrajarriz, Espainiako Gobernuak "irrika populista eta sinplista izan du ezberdintasunari debekuarekin, harresiekin eta diskriminazioarekin erantzuteko".
Kataluniako Exekutiboaren jarrera hizpide, "adostutako erreferenduma" defendatzen dutela azpimarratu dute bi buruzagi katalanek. "Hainbatetan proposatu dugu, eta gaur, zantzu eskasak eta Espainiako Gobernuaren arbuioa gorabehera, berriro egiten dugu", nabarmendu dute.
Aldebakarreko erabakia
Eskoziako eredua eta Kataluniako prozesuaren judizializazioa alderatu dituzte Puigdemontek eta Junquerasek. Biek deitoratu dutenez, "Espainian negoziazio mahairik ere ezin da osatu Kataluniako Gobernuaren eta Espainiakoaren artean", eta horren errua Rajoyren gobernuarena dela azpimarratu dute.
Hala ere, horien esanetan, akordioa dute helburu, "ezberdintasun politikoa gainditzeko adostasuna lortzeak" beti hurbiltzen dituelako bi aldeak.
"Gu elkarrizketaren mahaian jesarrita gaude jada. Askoz denbora gehiago beharko dute gainerako gonbidatuek? Etorriko al dira?", galdetu dute. Ituna defendatzen badute ere, halakorik gertatuko ez balitz, aldebakarreko erabakia hartuko dutela ohartarazi dute: "Kataluniaren etorkizuna ez du Espainiako Gobernuak erabakiko". Beraz, akordiorik izan ezean, galdeketa egingo dute.
"Estatuak abandonatu egin ditu katalanak"
Espainiako Gobernuaren jarrera ez ezik, PSOE eta Ciudadanos alderdiena ere kritikatu dute Puigdemontek eta Junquerasek; izan ere, bi agintari katalanen iritzian, bat egin dute Katalunian galdeketa egitearen kontra.
Gutunaren egileen aburuz, "Estatuak abandonatu egin ditu katalanak, baita independentziaren alde ez daudenak ere".
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri