maiatzak 7
Gorde
Kendu nire zerrendatik

% 25,52ko parte-hartzea izan da Gure Esku Dagoren galdeketetan

Gure Esku Dago plataformak emandako datuen arabera, 63.237 pertsonak eman dute botoa igandeko galdeketetan.
Durangaldea hauteslekuetako bat. Argazkia: Gure Esku Dago
Durangaldea hauteslekuetako bat. Argazkia: Gure Esku Dago

Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko herri plataforma herri-galdeketak egin ditu igande honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 udalerritan. 2017an, beste bi hitzordu egin dituzte gaurkoaren aurretik: bata martxoaren 19an (35 udalerri); bestea, apirilaren 2an (18 udalerri).

Parte-hartze datuen arabera, herritarren % 25,52k eman dute botoa egunaren amaieran galdeketa horietan. Hartara, parte-hartzera deituta zeuden 16 urtetik gorako 247.812 herritarren artetik 63.237 lagun bertaratu dira boza ematera.

Horrenbestez, eskualdeka banatuz gero, era honetan geratu da parte-hartzea: Debabarrena (% 18,74), Durangaldea (% 22,25), Lea-Artibai (% 41,63), Uribe Butroe (% 25,92), Uribe Kosta (% 19,57) eta Urola Kosta (% 31,34).

52 udalerrietan jasotako emaitzek diotenez, boto-emaileen % 96,24k baiezkoarekin erantzun diote galdetutakoari; % 2,28k, berriz, kontrako boza ema dute.

GEDren balorazioa

Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak azaldu duenez, "datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauza dadin".

Gainera, ekainaren 10ean Bilbon izango den hitzordua gogora ekarri dute. Egun hartan Herritarron Ituna aurkeztuko dute, "euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoa", hain zuzen ere.

BIDEOA: Gure Esku Dago: 'Olatu handi bat bazetorrela ikusten genuen':

18:00 - 20:00

 

52 udalerri

Honako eskualde eta udalerritan izan dute hautetsontziekin hitzordua: Debabarrena (Deba, Eibar, Elgoibar, Itziar, Mutriku, Soraluze), Durangaldea (Abadiño, Durango, Elorrio, Zaldibar, Zornotza), Lea-Artibai (Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar), Uribe Butroe (Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Jatabe, Laukiz, Meñaka, Mungia), Uribe Kosta (Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz) Urola Kosta (Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia), Lasarte-Oria, Legutio, Orozko, Urkabustaiz, Usurbil, Zeanuri eta Zubieta.

Galdetutakoari dagokionez, herritarrek itaun desberdinei erantzun beharko diete, zein galdeketatan parte hartu duten arabera. Galderek ñabardura txikiak izan dituzten euren artean, baina funtsean herritarrei galdetzen zitzaien ea euskal estatu burujabe, libre edota independente bateko herritarrak izan nahi zuten.

Honako hauek izango dira galderak:

ARABA

Legutio: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? »

Urkabustaiz: «Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi al duzu?»

BIZKAIA

Durangaldea

Durango: «Bere etorkizuna modu librean erabakiko duen euskal estatu bateko herritarra izan nahi duzu?»

Elorrio: «Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?»

Zornotza: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»

Abadiño: «1) Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritarra izan? 2) BAI aukeratu baduzu: Nahi al zenuke euskal estatu hori independentea izatea?»

Zaldibar: «Nahi duzu Euskal Herria independentea izatea?»

Lea-Artibai: «Nahi dozu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»

Orozko: «Izan gure dozu Euskal Herri independente bateko herritarra?»

Uribe Butroe: «Gura dozu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»

Uribe Kosta: «Euskal herri burujabe bateko herritarra izan gura dozu?»

Zeanuri: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan gore dozu?»

GIPUZKOA

Debabarrena

Eibar: «Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?»

Elgoibar: «1) Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2) Nahi al duzu euskal estatu independentea?»

Mutriku: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?»

Deba: «1) Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2) Nahi al duzu euskal estatu independentea?»

Soraluze: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?»

Itziar: «Euskal Herri independente bat nahi duzu?»

Lasarte-Oria: «1) Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi duzu interes publikoko gaietarako? 2) Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra?»

Urola Kosta: «Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?»

Usurbil: «Nahi al duzu Euskal Herria Estatu independentea izatea?»

Zubieta: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?»

Orain arte egindako galdeketetan izandako emaitzak

Orain arte, "91 herritan eraman dute praktikara erabakitzeko eskubidea" eta 300.000 izan dira botoa ematera deituak.

Herriak: 91

Galdeketara deituak izan diren herritarrak: 301.245

Parte hartzea: 83.350 (% 27,66)

Bai: 79.502 (% 95,38)

Ez: 2.554 ( %3,06)

Zuri: 867 (% 1,04)

Baliogabeak: 433 (% 0,51)

Aurten bertan beste bi galdeketa-olatu egin dira: bata martxoaren 19an (35 udalerri); bestea, apirilaren 2an (18 udalerri).

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X