Rajoy: 'Nire erantzukizuna politikoa zen, ez kontabilitate arlokoa'
Mariano Rajoy Espainiako presidentea 10:07an hasi da Gurtel auziko epaiketan lekuko gisa deklaratzen. Mariano Benitez de Lugo Europako Abokatu Demokraten Elkarteko (ADADE) abokatuaren galderei erantzuten hasi da aurrena. Hain justu, elkarte horrek eskatuta deitu dute deklaratzera presidentea, Gurtel auziko lehen atala, 1999 eta 2005 bitarteko jarduna aztertzen ari dena, argitzeko epaiketan.
Alderdi Popularraren ustezko B kutxaz galdetuta, garai hartan bere erantzukizuna politikoa zela nabarmendu du, "ez kontabilitate arlokoa". Izan ere, azpimarratu du ez dela inoiz kontuez arduratu.
Ustezko gainsoldatez itaunduta, Rajok esan du PPko kargudunek "osagarri bat" zutela, baina Ogasunean deklaratzen zela.
Ia bi orduz izan da deklaratzen Espainiako presidentea, eta akusazio guztien abokatuen, Fiskaltzaren eta defentsako hiru abokatuen galderei erantzun die. Bere deklarazioan (ordubete eta 50 minutu iraun du), PPren ardura politikoa zuela azpimarratu, Lapuerta eta Barcenas diruzainen lana goraipatu, eta PPk B kutxa zuela ukatu du. "(Barcenasen) paperak faltsuak dira erabat", esan du une batean. Urduri agertu da Rajoy, batez ere lehen zatian.

Rajoy, epaimahaiaren eskuinaldean deklaratzen. EFE
Eten ugari eta tentsioa nagusi, lehen zatian
Espainiako presidentearen deklarazioaren lehen minutuetan tentsio handia izan da. ADADE elkarteko abokatuaren eta auzitegiko presidentearen artean ika-mika sortu da, eta hainbat galdera egitea debekatu dio. Horrez gain, Luis Barcenasen abokatuak PPren ustezko B kutxaren inguruko galderak egitea saihesteko protesta egin du hainbatetan, Benitez de Lugoren galdeketa hamaika aldiz etenda. Auzitegiko presidenteak gai horri buruzko galderaren bat edo beste baimendu ditu, baina gainerakoak debekatu egin ditu, auzi hori beste pieza batean epaitzen ari direlako.
Rajoyk ironia erabili du bere erantzun batzuetan. Benitez de Lugo abokatuak hainbatetan galdetu dio Francisco Correa Gurtel sareko ustezko buruaren inguruan, eta, une batean, hauxe erantzun dio presidenteak: "Ez dakit lekukoarekin nahastu zaren". Beste itaun bati emandako "erantzun galiziarraz" kexatu da Benitez de Lugo abokatua, Rajoyk familiarekin Kanarietara egindako bidaia PPk ordaindu ote zuen galdetuta, "nik dakidanera arte, bai" erantzun duelako. Kexuaren aurrean iruzkin hau egin du Espainiako presidenteak: "Nire erantzunak galiziarra behar du izan, ezin baitu errioxarra izan".

Benitez de Lugo, ADADEko abokatua, galderak egiten. EFE
'Diruzain izan zen artean, ez nuen kexarik izan Barcenasen lanarekin'
Alderdi Popularraren bi diruzain ohiren lanaz galdetu diote Rajoyri; Alvaro Lapuertaren eta Luis Barcenasen jardunaz. Rajoyren esanetan, ez zuen inoiz bien lanaren inguruko kexarik izan, "ez diruzain izan ziren artean", zehaztu du.
Luis Barcenas PPko diruzain ohiarekin, Rosalia Iglesias horren emaztearekin eta Javier Arenas ministro ohiarekin bere bulegoan 2010ean egindako bileraz ere mintzatu da Rajoy. Batzarra "oso ondo" gogoratzen duela zehaztu du. Rajoyk esan duenez, Barcenasek 30 urte zeramatzan PPren kontuak eramaten, eta "arrazoizkoa" iruditu zitzaion kaleratzea. Rajoyren hitzetan, Barcenasek esan zion "bere defentsa prestatzen" hasiko zela, eta "bere paper eta dokumentuak" gela batean sartu eta alderdiaren auto bat erabiltzeko baimena eskatu zion; eskaera hori "arrazoizkoa" iruditu zitzaion presidenteari.
Francisco Correa Gurtel sareko ustezko burua ezagutzen ote zuen galdetuta, Rajok erantzun du posible dela "ekitaldi publikoren batean agurtu" izana, baina hori ere ez duela argi nabarmendu du.
Zehaztu duenez, berak erabaki zuen 2004an PPk Correarekin zuen harremana etetea. Horren hitzetan, Alvaro Lapuerta diruzainak esan zion Madrilgo udal batzuetako hornitzaileen lanarekin zalantzak zituela. Rajok galdetu omen zion legez kanpoko konturen bat zegoen tarteko, eta Correarekin lanik ez egitea komeni ote zen. Lapuertak emandako erantzunaren harira erabaki zuen harreman oro etetea. Correa PPren egoitzan ote zebilen itaundu diotenean, honakoa erantzun du presidenteak: "Ez daukat ideiarik ere".
Barcenasekin izan zuen SMS trukea
Wilfredo Jurado Madrilgo PSOEren abokatuak ere Barcenasi buruz galdetu dio Rajoyri, baina kasu honetan diruzain ohiarekin 2012an trukatu zituen SMS mezuei buruz itaundu dio. Besteak beste, hau idatzi zion: "Eutsi, Luis"; "Ezer ez da erraza"; "Ahal duguna egiten dugu"... Azken horrekin zer esan nahi zuen eta PPk zer egin zuen galdetu dio abokatuak.
Rajoyk azaldu duenez, mezuak bidaltzen dizkioten pertsonei erantzuteko ohitura du, eta horixe egin zuen kasu horretan ere. Bere mezua Barcenasek bidalitakoari erantzuteko bidali zuela esan du: "Hori da dena. Esaldi hori erabil nezakeen edo beste edozein. Ez du esanahi berezirik. Ahal duguna egiten dugu esaldiak horixe esan nahi du, ahal duguna egiten dugula". Eta hau erantsi du: "Gauza bakarra esango dut: ez genuen ezein auziri kalte egingo liokeen ezer egin. Ez nion deitu ere egin".
Ikusmin handia
09:47an heldu da Auzitegi Nazionalera, auto ofizialean, eta alboko atetik sartu da. Bertan bildutako kamerek ez dute iristen grabatu. Ikusmin handia zegoen deklarazioaren inguruan, eta 83 hedabidetako (21 atzerrikoak) 312 kazetarik, argazkilarik eta teknikarik jaso dute agerraldia jarraitzeko akreditazioa.

Presidentearen autoa, Auzitegi Nazionalera heltzen. EFE
Demokrazian lehen aldiz deklaratu du Espainiako presidente batek Auzitegi Nazionalean. Bere garaian, Felipe Gonzalezek Auzitegi Gorenean deklaratu zuen GAL auziagatik, baina ordurako ez zen presidente.
Segurtasun neurri zorrotzen eta protesten artean egin da Rajoyren deklarazioa Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan.
Epaiketa honetan, Gurtel auziko lehen atala (1999 eta 2005 bitarteko jarduna) bakarrik aztertzen ari dira, hau da, PPk Francisco Correa Gurtel sareko buruzagia omen zenaren enpresei esleitutako zerbitzu eta ekitaldien ingurukoa. Dena dela, Barcenasen ezkutupeko ustezko kontabilitatearen paperen inguruko galderak ere egin dizkiete akusatuei.
Ehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute Auzitegi Nazionalaren egoitzaren aurrean, I25 Koordinakundeak deituta.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiak muga-kontrolak berrezarri dizkie Italiatik datozen bidaiariei
Portu eta aireportuetako kontrolak irailaren 7ra arte egongo dira indarrean, eta ausaz egingo dituzte, Italiako migrazio-presioaren aurrean.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.