Koxka tabernako jabeak eta zerbitzariak ez zuten liskarrik ikusi
Koxka tabernako zerbitzarietako batek Auzitegi Nazionalean Altsasu auziko epaiketan gaur esan duenez, liskarra gertatu zen gauean "giroa ez zegoen gaiztotuta", berak ez zuen "liskarrik ikusi, edo ezer arrarorik sumatu". "Ziur nago horretaz", erantsi du.
Saioa 10:00etan hasi da. Epaiketaren hirugarren saioa da, eta horretan gau hartan aritu ziren Foruzaingoko agenteek eta Koxka tabernako jabeak eta zerbitzariak euren testigantzak eskainiko dituzte. Astelehenean hasi zen epaiketa, zortzi akusatuen deklarazioarekin (bertsio ofiziala ukatu zuten), eta asteartean guardia zibilek eta euren bikotekideek deklaratu zuten.
Naiara Koxka tabernako zerbitzarietako bat, gau hartan lanean egon zenetako bat, izan da deklaratzen lehena. Azaldu duenez, gau hartan "giroa ez zegoen gaiztotuta" eta berak ez zuen "liskarrik" ikusi. Bere nagusiak, Koxka tabernako jabeak, eman zion borrokaren berri.
Lekuko normal gisa egindako deklarazioan, zerbitzariak kontatu du Koxka taberna ez dela oso handia, eta gauez argiak itzalita egoten direla, "afariak amaitzen direnetik, 00:30-01:00ak aldera". Zerbitzariaren hitzetan, gau hura "arraroa" izan zen, lokala ez baitzen guztiz bete; horregatik, ez zen harritu taberna erabat hustu zenean.
Nabarmendu duenez, barratik taberna guztia ikus dezake, baita atearen ingurua ere, "argia duen leku bakarra" delako. Horren hitzetan, lokalak duen ate bikoitzeko tartean —lau bat metro koadroko eremua— gehienez 10 pertsona sartzen dira, "oso estu".
Tabernako jabearen deklarazioa
Zerbitzariaren ostetik, Josu Muñoa Koxka tabernako ugazabak hitz egin du, horrek ere lekuko normal gisa. Argitu duenez, ostiral gau hartan ez zuen lan egin, eta tabernara kutxako dirua jasotzera joan zen. Ez zuen liskarrik ikusi, eta gertatutakoaren berri tabernatik ateratzean izan zuen, etxera zihoala: "Irten nintzenean tenientea ikusi nuen espaloian etzanda. Maria Jose bere bikoteak putasemea deitu ninduen. Tenienteari altxatzen lagundu nion, baina hankan min zuela esan zidan, eta ezin zuela. Nire jaka jarri nion gainetik. Larrialdietara deitu behar ote nuen galdetu nien, baina jakinaren gainean zeudela esan zidaten".
Horren ostean, esan duenez, tabernara sartu zen berriro eta Naiara zerbitzariari kontatu zion jazotakoa.

Muñoa, bere deklarazioaren une batean.
Fiskalak egindako galderei erantzunez, Muñoak esan du igandeak deklaratu zuela berak Foruzaingoaren aurrean, eta ez astelehenean, Ministerio Publikoak dioen moduan. Atestatuan jasotako bere adierazpen batzuk berak egindakoak ez direla azpimarratu du tabernariak (erasotzaileek "jotzen zekitela" edota erasoa aurrez prestatua zela).
Urriaren 15 hartatik, tabernan pintaketak eta mehatxuzko telefono deiak jaso dituela aitortu du Koxka tabernako jabeak: "'Cara al sol' kantatzen deitu didate", azaldu du.
Akusatuetako baten bat tabernan ikusi ote zuen galdetuta, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz Koxkan ikusi zituela onartu du; Ainara Urkijo ere ikusi zuen, baina ez bere tabernan. Ez zuen Adur Ramirez de Alda eta Iñaki Abad ikusi, ez Koxkan, ez kalean.
Foruzainen deklarazioa
Ondoren, hasiera batean bertaratu ziren bi foruzainek deklaratu dute, baita geroago hurbildu ziren istiluetarako agenteek ere. Era berean, argiketak eta eginbideak bideratzeko ardura izan zuten foruzainek euren bertsioa eman dute.
Koxka tabernako inguruetara joan ziren lehen bi foruzainek ziurtatu dutenez, bertaratu zirenean tenientea lurrean etzanda topatu zuten “zorabiaturik, hankan mina zuela eta konortea erdi galduta”, eta sarjentua eta haien bikotekideak “negarrez eta nahiko urduri”. Foruzainaren ahotan, tokian 40 bat lagun zeuden, eta “tentsio handia” zen. Zenbait pertsona (“dozenaka”, baten arabera eta “bat edo bi”, bestearen esanetan) mugikorrarekin grabatzen ari ziren.
Azaldu dutenez, “sarjentuak jendea seinalatzen zigun, esanaz: ‘honek eraso egin dit, eta horrek eta beste horrek…’ Norbait identifikatzea oso zaila zen, ondorioz, hazpegi nabarienak zituztenak atxiki genituen: bat bizarra eta txano batekin –Jokin Unamuno- eta beste bat elastiko more-arrosa batekin”.
Pertsona taldeak guardia zibilak zirela bazekiela onartu du foruzain batek, Guardia Zibilari laguntzea aurpegiratu zietelako. Gainera, sarjentua zergatik ez zuten atxilotzen galdetu zieten. Zehaztu duenez, guardia zibila eta haien bikotekideak kenduta, inor ez zen kolpeak salatzera gerturatu. “Jipoi bat izan zen, eta kito”, adierazi du.
Biek jakitera eman dutenez, halako batean, Jokin Unamuno autoan atxiloturik zutenean, inguruko jendeak atxilotua ibilgailutik atera zuen, eta “berriz sartzea asko” kostatu zitzaien.
Bestalde, Oihan Arnanz ukabila itxita eta jarrera oldarkorrarekin hurbildu zitzaiela azaldu dute, baina aurre egin eta “desagertu” zen. Fisikoa arriskuan ikusi zutela onartu dute bi foruzainek.
Bitartean, ikerketaren foruzain instruktoreak egindako txostena berretsi du. Erasoa biktimak guardia zibilak zirelako gertatu zela adierazi du: “Zalantzarik gabe”.
Gainera, biktimak Koxka tabernara sartu zirenetik erasoa gertatu zen arte, Unamunoren eta Adur Ramirezen arteko telefono deiak izan zirela baieztatu du instruktoreak. Horrela, aldez aurretik pentsatutako eraso bat izan zela frogatu nahi dute.
Istiluetarako foruzain batek baieztatu duenez, askok gertatutakoa mugikorrekin grabatu zuten. Erasoa gertatu eta 20 minutu geroago bertaratu zen. Mozkor, “nahiko oldarkor eta esan txarreko” zeudela erantsi du.
Zehaztu duenez, nahiz eta galdetu, inork ez zion gertatutakoa azaldu, ezta tenientea edo sarjentua akusatu ere: “Inork ez zidan ekarpenik egin”. Aldi berean heldu zen Guardia Zibilak ez zuen esku hartu behar izan, ez tabernaren kanpoaldean, ezta ondoren polizia-etxean ere, non jendeak atxilotuei babesa eman zien, nabarmendu duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Hitz gogorrak izan dituzte Feijook eta Patxi Lopezek Kongresuan
PPko buruak PSOEren bozeramailearen aita aipatu du oholtzan, eta hark erantzun dio alderdiaren sortzailea "torturatu eta erbesteratu zuen diktadurako gobernuaren" parte zela.
Begoña Gomezek pasaportea eman du epaitegian, epaileak eskatuta
Epaileak kautelazko neurri gisa kendu dio, bere aurkako ahozko epaiketa ireki baitu, lau delitu posiblerengatik, negozioetako ustelkeria barne.
EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute enplegu publikoaren legearen erreforma aurrera ateratzeko
EH Bilduk abstentzioa emango du bihar, osteguna, Legebiltzarrean. Modu horretara, EAJk bultzatutako legearen aldaketa onartzea ahalbidetuko du. Horrez gainera, hiru urteko epean, legearen aplikazioari eta eraginkortasunari jarraipen bateratua egitea ere adostu dute bi taldeek.
Feijook hauteskundeak deitzeko eskatu dio beste behin Sanchezi: "Zu zara ustelen arteko lotura politikoa"
Euren agerraldietan, EH Bildu eta EAJ kritiko agertu dira Espainiako Gobernuarekin, eta legealdiari zentzua emateko eskatu diote Pedro Sanchez presidenteari.
Sanchezen esanetan, ustelak ezin dira zigorgabe geratu, "edonor izanda ere"
Espainiako Gobernuko presidenteak errespetua agertu du asteazken honetan Auzitegi Gorenak Jose Luis Abalos ministro ohiaren aurka emandako epaiari, eta ziurtatu du "inoiz ez" zuela izan Gobernuko eta alderdiko zenbait kideri eragiten dieten praktika ustelen berri, eta jakin izan balu, ez lituzkeela onartuko.
Moncloak azpimarratu du batzuek "huts egin" diotela Sanchezi eta ez duela dimisioa eman beharrik
Astelehen honetan, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatu zuen berriro ere, Auzitegi Gorenak Abalosi 24 urteko kartzela-zigorra ezarri ostean.
Froga batzuen abal judiziala egiaztatzen ez bada, kasua baliogabea izatea planteatu du Zapaterok
Espainiako Gobernuko presidente ohiak hainbat idatzi igorri dizkio epaileari, Plus Ultra airelinearen erreskatearen inguruko eraginen trafikoko sare baten ustezko buruzagi moduan ikertu gisa deklaratu ostean.
Pradales: "Asko dago egiteko; bide orriak euskal agendan sakontzea dakar"
Lehendakariak agintaldiaren lehen erdiaren balantzea egin du Ajuria Enean, ekitaldi instituzional batean. Bere hitzaldian, Euskadin lantzen den egonkortasuna nabarmendu du, "oso ezegonkorra" den testuinguru globalean aurrerapena, ongizatea eta autogobernua bermatzeko faktore erabakigarri gisa.
Sanchezek 6.200 milioi euroko inbertsioa iragarri du dependentziaren alorrean
Neurriak 1,6 milioi pertsonari eragingo die, eta diru-laguntzak handitzea ekarriko du. Dekretu bidez onartuko du Espainiako Gobernuak.
EAJk onartu egin du Espainiako Gobernuarekin harremana izan duela Tubos Reunidosen egoera bideratzeko, baina adierazi du Leire auziarekin ez duela loturarik
Alderdi jeltzalearen esanetan, Arabako enpresaren egoeraz arduratzeko egindako bilerak konpainia estrategikoei laguntzeko egindako lanaren parte izan ziren. Bestalde, PPk galdetu du PSOErekin zuten harreman horrek "baldintzatzen" ote duen "Pedro Sanchezi laguntzen jarraitzea".