Ortuzarrek Semperri: 'Madrildik deitzen didatenean, Kanbokoa naizela esango diet?'
Borja Semper Euskadiko PPk legebiltzarrean duen bozeramaileak jeltzaleen proposamena 'Kanboko Estatutua' dela esan zuen, "ETAren ibilbide-orria" jarraitzea leporatzeaz gain, eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak "astakeriatzat" jo du hori. Halaber, datorren ostean "Madrilgo bere buruek" alderdiari "atea joko" diotela gogorarazi dio Estatuko Aurrekontu Orokorrentzako botoak eskatzeko. "Zer esango diet nik? Kanbokoa naizela? nola esertzen diren ETAkoekin?", galdetu du EAJko buruak.
Radio Popular-Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du PPkoek "polemika erabat artifizala eta aurrefabrikatua" sortu dutela, estatutu berrien hitzaurrearen inguruan, jeltzaleek "izaera konfederaleko eta menderatu gabeko" Estatutu batekin "bi aldeko" harremana proposatu ostean. Halaber, "erabakitzeko eskubidea" babestu dute, eta "izaera propioa duen eta zazpi lurraldetan kokatuta dagoen Euskal Herriaren" onespena eskatu dute, Nafarroa eta Iparralde barne.
Ortuzarren hitzetan, Semper "traketsa eta baldarra" izan zen; eta "bere buruari harrika egin" diola uste du. “EAJ eta ni, Andoni Ortuzar, EBBko burua, Rajoyrekin hitz egin duten, Kanbora joan diren eta astelehenean paper hori bidaltzea erabakitzen duten EAJ eta Andoni Ortuzar bera gara. Gu pertsona berberak gara, ez gara Madrilen gaudenean aldatzen, ez Kanbora joatean, ezta Legebiltzarrean gaudenean ere", esan du.
Ortuzarren ustez, "EAJrekin harremanetan arazo bat duela PP, Semper jauna edo Euskadiko PP da", "popularrek ez dakitelako nora jo, ez dakite haizeak nondik jotzen dien, Euskadin parlamentuz kanpoko alderdia izateko arriskuan daudela ikusten ari dira, eta huts egiten ari dira".
"Ez dakit zertara datorren istilu hau guztia, polemika hain artifiziala, luzea izango den prozesu baten (Euskadiko Estatutu berria) hasieran gaudenean; EAJ akordio-nahi handiarekin doa", adierazi du.