Espetxe politika aldatzea eskatu dute 85.000 pertsonak, Bilbon eta Baionan
85.000 bat lagunek, antolatzaileen datuen arabera, Sare plataformaren 'Orain Presoak' ekimenak deitu dituen manifestazioetan hartu dute parte, Bilbon eta Baionan, presoen eskubideen alde. Bilbon, 17:25ean hasi da martxa, atzerapenarekin. 17:00etarako zeuden deituta bi hiriburuotan.
Bilboko Udaltzaingoaren arabera, 70.000 pertsona izan dira Bizkaiko hiriburuko martxan. Lapurdiko hiriburuan, bestalde, 9.000 pertsona izan dira, antolatzaileen arabera.
Bilboko martxa Orain presoak lemadun pankarta batekin hasi dute. Besteren artean, Sara Majarenas preso ohiak, Juan Carlos Iglesias Chouzas 'Gadafi'-ren alaba Olatz Iglesiasek eta Quim Forn Kataluniako kontseilari ohiaren bikote Laura Masvidalek eraman dute pankarta.
Javier Sadaba filosofoak eta Pili Kaltzada kazetariak irakurri dituzte Bilboko manifestazioaren bukaerako adierazpena. “Presoen giza eskubideak” errespetatzeko ordua dela nabarmendu dute.
"Euskal gizarteak ez du etsiko. Ez du nahi presoen eta espetxe politika zuzenean jasaten duten senideen eskubideak urratzea. Gizarteak berriz erakutsi du iritzi politiko desberdinak ez direla oztopo giza eskubideen alde elkarrekin borrokatzeko", esan dute.
"Indarkeria eta errepresio zikloa ixtea bilatzen dugu, bakearen, elkarbizitzaren eta demokraziaren zirkuluan sartzea gure herrialdean", esan dute.
Testuinguru horretan, gogorarazi dute 2011ko Aieteko Adierazpenaren 3. puntuak "elkarbizitzan aurrera egitea" eskatzen zuela, eta azpimarratu dute ezin dela "adiskidetzerik izan ankerkeriatik edota aldebakarreko kontakizunagatik". "Oroimena, biktimei arreta eta presondegien auzia elkarbizitzarako eta normalkuntzarako baldintzak dira", ohartarazi dute.
Era berean, PSOEren Gobernua, hasieran, "zenbait baketzeren eta elkarbizitzaren aldeko neurri hartzeko prest" agertu zela esan dute, "milaka pertsonari itxaropena emanez", baina orain "luzamendutan dabil, konponbidearen erantzukizuna presoei zinikoki helarazten eta indarkeria eta errepresio zikloa ixteko eskakizunen maila altxatzen".
Modu honetan, 250 presotik gora Espainiar eta Frantziar estatuetako eta Portugaleko 70 kartzelatan egotea kritikatu dute. Espetxe politikan, "mendekuak gizatasun eta legezkotasun aztarna guztiak ordezkatu zituen". "Salbuespen erregimen hori ezkutuko biziarteko kartzela-zigorra da benetan", esan dute.
Adierazpenean, estatus politiko berrian "euskal presoek zigorrak etxetik gertuen dagoen kartzelan betetzeko eskubidea" sartzea ere eskatu dute.
Politikarien ordezkarizak
Manifestarien artean izan dira EH Bilduko koordinatzaile orokorra, Arnaldo Otegi; koalizioko parlamentariak diren Maddalen Iriarte, Oskar Matute eta Pello Urizar, eta Ahal Duguko ordezkaritza bat, Andeka Larrea Antolakuntza idazkariak buru duena. Horiekin batera, LABeko idazkari orokor Garbiñe Aranburu eta ELAren idazkari orokor laguntzaile Amaia Muñoa ere daude. Lehenengo aldiz, sindikatu guztiek babestu dute manifestazioa.
EAJk ez du zuzenean manifestazioa babestu, eta ez da aurreko postuetan buruzagirik edo kargu publikorik ikusi.
Kataluniatik ordezkaritza bidali dute alderdi independentistek. ERCko Joan Tarda eta CUPeko Natalia Sanchez Bizkaiko hiriburuan ikusi dira.

Tarda, Otegi eta Matute, Bilbon. Irudia: EFE.
EH Bildu: "Elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ekarpena"
Martxaren aurretik egindako adierazpenetan, Arnaldo Otegik "presoak eta iheslariak etxera itzultzea" eskatu du, "elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ekarpen gisa".
EH Bilduko koordinatzaile nagusia pozik agertu da Bizkaiko hiriburuan berriz "milaka pertsona" egoteagatik, "euskal preso politikoen askatasuna eta iheslarien itzulera eskatzeko".
Zentzu horretan, "Estatuko hedabideetan dagoen eztabaida bat" aipatu du, "Zaplana jaunaren auziari" erreferentzia eginez. "Nik neuk esan dut gu ez garela haiek bezala, eta Zaplana jauna, sendagaitza den gaixotasuna duen preso bat izanda, kalean egon beharko litzatekeela, familiarekin", esan du.
Koalizioko liderrak "aldi berean eta irmotasun berarekin" eskatu du "euskal preso politikoak kalean, familiarekin, egotea". "Adin batetik aurrerako euskal preso politiko guztiak familiarekin egon behar dira; sakabanaketa bukatu behar da", gehitu du.
Ahal Dugu: "Preso guztiek euskal presondegietan bete behar dituzte zigorrak"
Ahal Duguko Andolakuntza idazkariak, Andeka Larreak, presoek zigorrak euskal kartzeletan betetzea eskatu du, eta presoen taldeari "eragindako min bidegabea onartzea" galdegin dio, "bizikidetzaren" eta "biktima guztien erreparazioaren" alde.
Bere alderdia martxan egotea "giza eskubideekin daukaten konpromisoaren erakusgarria" dela esan du Larreak.
Argitu duenez, "legea eta giza eskubideak betetzea oinarri duen beste espetxe politika bat eskatzeko" egin du bat Ahal Duguk Bilboko martxarekin.
"Horrek esan nahi du preso guztiek bete behar dituztela zigorrak euskal presondegietan, eta justiziaz tratatzeko eskubidea dutela, bereziki gaixorik edo oso gaixorik daudenek, baita graduak emateari dagokionez", defendatu du.
Sindikatu guztiek bat egin dute
Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusi laguntzaileak, erakunde eta pertsona "desberdinak kalean" mobilizatzeko beharra azpimarratu du, presoen "egoera onartezina" salatzeko eta "euren eskubideak errespetatuak izan daitezen" aldarrikatzeko, "demokrazia" kontu bat delako.
Nabarmendu duenez, "erakunde eta pertsona desberdin asko" egon dira Bilbon, "baina denek zerbait konpartitzen dute: demokrazia, presoen eskubideak errespetatzeko eta egoera onartezina errespetatzeko beharra. Izan ere, Espainiako eta Frantziako Gobernuek, inolako arrazoirik gabe, legea beteko ez dutela eta presoen eskubideak errespetatuko ez dituztela erabaki dute", esan dute.
LABeko idazkari nagusiak, Garbiñe Aranburuk, Espainiako Gobernuak oraindik "presoei ezartzen dieten salbuespen politika ez aldatzea" kritikatu du, eta “langile guztiak” hori salatzera deitu ditu.
Aranbururentzat, euskal alderdi gehienak eta "sindikatu guztiak aldarrikapen hauekin bat datoz", baina "errealitate hori ez dator bat Gobernuak izaten ari diren jarrerarekin".
CCOO Euskadiko Alfonso Riosek esan duenez, "guztiz beharrezkoa" da Espainiako Gobernuak sakabanaketa bukatzeko "urratsak" ematea, eta "guztion erantzukizuna da bizikidetza bidegabea" lortzea. Bere iritziz, gaixotasun larriak dituzten presoak "kartzeletatik kanpo egotea" ere "guztiz beharrezkoa" da.

Bilboko manifestazioa. Irudia: EiTB.
Askotariko babesa Baionako martxari
9.000 pertsona inguru bildu ditu Lapurdiko hiriburuko manifestazioak, Paix en Pays Basque. Maintenant, les prisonnier.e.s (Bakea Euskal Herrian. Orain, presoak) lelopean.
Babes politiko eta sindikal zabala jaso du Baionako manifestazioak. Ipar Euskal Herriko kulturako aurpegi ezagunek ireki dute martxa. Gero, hautetsiak eta presoen senideak etorri dira.
"Salbuespen neurriekin bukatzea" eskatu dute martxan, eta "edozein pertsonaren giza eskubideak errespetatzea". Frantziako Justizia ministerioari berriz euskal ordezkaritzarekin harremanak izatea galdegin diote. Zentzu horretan, espetxe politikari buruzko agenda bat eta bide-orri bat ezartzea eskatu dute.

Baionako manifestazioa. Argazkia: Sare.
Zure interesekoa izan daiteke
Ibone Bengoetxea: “Lege honen espiritua segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea da, exijentzia gehiago ezarri gabe”
Lehendakariordeak, EAJk eta EH Bilduk euskararen segurtasun juridikoa bermatzeko akordioaren balioa nabarmendu dute; PSEk, PPk, Sumarrek eta Voxek, berriz, lege-aldaketa zalantzan jarri dute.
Eusko Legebiltzarrak lan eskaintza publikoetan euskararen babesa indartzeko erreforma onartu du
Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketak, EAJk bultzatua, hizkuntza eskakizunen segurtasun juridikoa indartu nahi du. Testua aurrera atera da EAJren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, eta PSEk, Eusko Jaurlaritzako EAJren bazkideak, kontrako botoa eman du.
Polizia gehiegikerien legea erreformatzeko eskatu du Egiari Zor elkarteak, biktima bakar bat ere "baztertuta" gera ez dadin
Epez kanpo izapidetzeagatik ezetsi zituzten 500 onarpen-eskaera helarazi dizkio fundazioak Eusko Jaurlaritzari.
Hitz gogorrak bota dizkiote elkarri Feijook eta Patxi Lopezek Kongresuan
PPko buruak PSOEren bozeramailearen aita aipatu du oholtzan, eta sozialistak erantzun dio Alderdi Popularraren sortzailea aita "torturatu eta erbesteratu zuen diktadurako gobernuaren" parte izan zela.
Begoña Gomezek pasaportea eman du epaitegian, epaileak eskatuta
Epaileak kautelazko neurri gisa kendu dio, bere aurkako ahozko epaiketa ireki baitu, lau delitu egin dituelakoan, negozioetako ustelkeria barne.
EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Enplegu Publikoaren Legearen erreforma aurrera ateratzeko
EH Bilduk abstentzioa emango du bihar, osteguna, Legebiltzarrean. Modu horretara, EAJk bultzatutako legearen aldaketa onartzea ahalbidetuko du. Horrez gainera, hiru urteko epean, legearen aplikazioari eta eraginkortasunari jarraipen bateratua egitea ere adostu dute bi taldeek.
Feijook hauteskundeak deitzeko eskatu dio beste behin Sanchezi: "Zu zara ustelen arteko lotura politikoa"
Euren agerraldietan, EH Bildu eta EAJ kritiko agertu dira Espainiako Gobernuarekin, eta legealdiari zentzua emateko eskatu diote Pedro Sanchez presidenteari.
Sanchezen esanetan, ustelak ezin dira zigorgabe geratu, "edonor izanda ere"
Espainiako Gobernuko presidenteak errespetua agertu du asteazken honetan Auzitegi Gorenak Jose Luis Abalos ministro ohiaren aurka emandako epaiari, eta ziurtatu du "inoiz ez" zuela izan Gobernuko eta alderdiko zenbait kideri eragiten dieten praktika ustelen berri, eta jakin izan balu, ez lituzkeela onartuko.
Moncloak azpimarratu du batzuek "huts egin" diotela Sanchezi eta ez duela dimisioa eman beharrik
Astelehen honetan, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatu zuen berriro ere, Auzitegi Gorenak Abalosi 24 urteko kartzela-zigorra ezarri ostean.
Froga batzuen abal judiziala egiaztatzen ez bada, kasua baliogabea izatea planteatu du Zapaterok
Espainiako Gobernuko presidente ohiak hainbat idatzi igorri dizkio epaileari, Plus Ultra airelinearen erreskatearen inguruko eraginen trafikoko sare baten ustezko buruzagi moduan ikertu gisa deklaratu ostean.