Bozketa kongresuan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kongresuak Aurrekontuak baztertu ditu, hauteskundeak aurreratzeari atea irekiz

Kongresuak atzera Sanchezen Gobernuari itzuli dizkio Aurrekontuak. Aurkeztutako sei osoko zuzenketak aurrera atera dira aldeko 191 botorekin, kontrako 158rekin eta abstentzio batekin.
18:00 - 20:00
2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak atzera bota ditu Kongresuak

2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak atzera bota ditu gaur Diputatuen Kongresuak, hauteskundeak aurreratzeko aukerari atea irekiz. Gaurko bozketan eskuinak (PP, Ciudadanos, Foro Asturias eta Coalicion Canaria) eta Kataluniako ERC eta PDeCAT alderdiek bat egin dute Espainiako Gobernuaren kontuak atzera botatzeko.

Aurrekontuei aurkeztutako sei osoko zuzenketak aurrera atera dira aldeko 191 botorekin, kontrako 158rekin eta abstentzio batekin. Demokrazian gertatzen den bigarren aldia da. 1995ean Kongresuan Felipe Gonzalez orduko Espainiako presidentearen Aurrekontuak errefusatu zituen eta, ondorioz, hauteskundeak aurreratu zituen.

Kataluniako alderdi independentistez gain, osoko zuzenketen alde egin dute PPk, Ciudadanosek, EH Bilduk, UPNk, Foro Asturiasek, Coalicion Canariak eta En Mareako bi diputatuek. Zuzenketen kontra, berriz, honakoek bozkatu dute: PSOEk, Unidos Podemosek, EAJk eta Compromisek. Nueva Canariasek zuri bozkatu du.

Nolanahi ere, hauteskundeak aurreratzearen erabakia Pedro Sanchez Espainiako presidenteari dagokio. Aurreikuspenen arabera, gaur egunean zehar hitz egingo du Pedro Sanchezek. Kongresuko bozketa amaitutakoan, ostera, hitzik esan gabe atera da Moncloara bidean.

Apirilaren 28a, aukera gehien dituen data

Kontuak baztertuta, hauteskundeak aurreratzeko aukerak indarra hartu du, eta Espainiako Gobernuak apirilaren 28ko data lehenetsi omen du. Dena dela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak egin behar du iragarpen hori. Hainbat Ministeriotako erdibideko kargudunek hala diote behintzat. Espainiako Gobernuko kideak ere data horren aldekoak omen dira, eta ez diote garrantzirik eman hauteskunde kanpaina Aste Santuan abiatu behar izateari. Izan ere, argudiatu dutenez, kanpainako azken egunak oporrak bukatuta daudela izango lirateke. Egun horietan erabakitzen dute askok botoa.

Mahai gainean egon diren beste datak baztertuta omen daude. Hala, bozak ez dira apirilaren 14an izango. Maiatzaren 26an, udal, foru eta Europako hauteskundeekin batera, egitea ere ez dute bideragarri ikusten.

PSOEko baroi batzuek —Javier Lambany eta Emiliano Garcia-Page Aragoiko eta Gaztela-Mantxako presidenteek, tarteko— errotik baztertu dute data hori, baina EAJk, Compromisek eta Coalicion Canariak ez dute gustuko, Estatu mailako kanpaina batek udal eta foru hauteskundeetan kalte egin diezaielakoan.

Bozketa osteko adierazpenak

Eztabaida bukatuta, Espainiako Gobernuaren izenean mintzatu da Maria Jesus Montero Ogasun ministroa. Aitortu duenez, aurrekontuak aurrera ez ateratzeak, "bistan denez", legegintzaldia laburtuko du, baina tramitazioan dauden legeak onartzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du. "Egiteke dugun lana bukatuko dugu", erantsi du.

Bien bitartean, hauteskundeak aurreratzeko deia egin diote Espainiako presidenteari Pablo Casado eta Albert Rivera PP eta Ciudadanoseko buruek. Casadoren berbetan, "presidenteak ezin du atzeratu hauteskundeak deitzeko erabakia, gaurkoan inflexio puntua izan delako: Sanchezen ibilbidearen azken eguna izan beharko luke".

Rivera ere uste berekoa da. Nabarmendu duenez, "gaurko porrotak hauteskundeak ekarri behar ditu. Herritarrek bozkatzen dutenean Sanchez botako dut gehiengo konstituzionalista batekin".

Joan Tarda ERCko bozeramaileak esan du Sanchezek bozak aurreratu nahi baditu "bere intereserako une hau egokiena" dela uste duelako izango da; "legitimoa da hori", erantsi du.

Elkarrizketaren eta politikaren aldeko apustua egin du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Nahiz eta “guztiak erabat ez asebete” bitarteko bideak aurkitzen saiatzea aldarrikatu du jeltzaleak.

Irene Montero Podemoseko bozeramailearen hitzetan, Diputatuen Kongresuak Estatuko Aurrekontu Orokorrak atzera bota ondoren, Espainiako Gobernuak hauteskude orokorrak deitzea “beste erremediorik ez du, PSOEk bakarka gobernatzeko muga argiak dituela agerian geratu baita”.

Muturreko eskuinak “herrian toki bat” egin duela ohartarazi du Monterok, eta eskuin muturraren besarkada onartu duten” taldeek “erantzuna hautestontzietan jasoko dute”.

Espainiako Exekutiboa azken egunetan aurrekontua onartzeko “batere saiatu ez” izana deitoratu du Carles Campuzano PDeCATeko diputatuak. Bestalde, Sanchezek udaberrirako hauteskundeak deitu ahal izatea “eztabaidagarria” dela uste du Campuzanok, baina edozein kasutan erabakia berari dagokiola azpimarratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X