ETAren lehergaiak aurkitu dituzte Arraia-Maeztun
Herritar batek abisua eman ondoren, Ertzaintzak zulo bat aurkitu du Arraia-Maeztuko (Araba) baso batean, Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez. Konkretuki, bi bidoi topatu dituzte, eta barruan lehergaiak, detonagailuak, tenporizadoreak eta detonazio-haria.
10:00ak aldera gordelekuaren berri eman diote Ertzaintzari. Herritar batek ustekabean aurkitu du. Informazioaren arabera, zuloa basoko toki malkartsu batean zegoen.
Berehala Guardiako ertzain-etxeko baliabideak bertaratu dira, eta lurperatutako bi bidoi zirela baieztatu dute. Bidoien barruan pentrita, amonio nitratoa, amonala, zortzi detonagailu, bi tenporizadore, detonazio-haria, baskula bat eta ETAren anagrama bat topatu dituzte.

Zuloa. Argazkia: Ertzaintza
Gainera, lehergaiak erabiltzeko jantzi bereziak atera dituzte bidoietatik. Ertzaintzako artezilariek materiala atzeman dute. Ertzaintzako txakurrek eta zientzialariek ere operazioan parte hartu dute. Aurreneko azterketa baten arabera, atzemandako materialak 10 urte baino gehiago izan ditzake.
Ertzaintzak ikerbidea hasi du, eta aurkikuntzaren berri eman dio Auzitegi Nazionalari.

Bidoiak. Argazkia: Ertzaintza
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"