Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

JxCAT, ERC eta CUPek autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpena adostu dute

Roger Torrentek azpimarratu du ez dituela Parlamentuko taldeak zentsuratako eta erabakia horren ondorioak bere gain hartzeko prest dagoela erantsi du.
Quim Torra, Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu independentistaren harira emandako epaia salatuz, monarkia arbuiatuz eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, JxCATek, ERCk eta CUPek ebazpen bat onartu dute gaur goizean Kataluniako Parlamentuko Mahaian.

Adierazpen bateratu horrek 15 puntu biltzen ditu guztira. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak horrelako ebazpenik bozkatu ezin duela ohartarazi zion Kataluniako Parlamentuari, baina, hala ere, talde independentistek aurrera egitea erabaki dute. Oraingo ez dute zehaztu bozketa noiz izango den.   

Autodeterminazio eskubideari dagokionez, ebazpenak dio "1989tik autodeterminazioari buruzko dozenaka adierazpen politiko” onartu direla Kataluniako Ganberan, "eta Estatuaren aldetik inoiz ez da jazarpenik edo zentsurarik izan". "Aurrerantzean ere gauza bera egiten jarraituko dugu, diputatuen borondatea hori baldin bada", erantsi dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia errefusatuta, Kataluniako buruzagi independentisten askatasuna eta politikari erbesteratuen itzulera eskatzen dute. Halaber, errepresioaren amaiera exijitzen dute.

Ildo horretan, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen kasuari aipamen berezia egiten diote. Eskandalutzat jotzen dute Forcadelli 11 urteko kartzela-zigorra ezarri izana, "Parlamentuan edozein gairi buruz eztabaidatzea ahalbidetu zuelako".

Joan den asteko protestei eta istiluei aipamen zehatzik egin gabe, mugimendu independentista baketsua dela azpimarratzen dute eta Gorenaren epaiak edozein protesta mota –etxegabetzeen kontrako bilkura bat, osasun zentro batean sartzea edo kale bat moztea- sediziotzat jotzea ahalbidetuko duela ohartarazten dute.

Gauzak horrela, Espainiako Estatuak "disidentzia politikoa kriminalizatu" nahi duela salatu dute talde independentistek. "Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka politikoa da eta gatazka hori ez da auzitegietan konponduko", ohartarazi dute.

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bere ebazpenekin Kataluniako Parlamentua "zentsuratu" nahi duela kritikatu dute.  "Autonomia baten eskumenek ezin dezakete zehaztu Parlamentu batean zertaz eztabaidatu daitekeen eta zertaz ez", gaineratu dute.

Ildo horretan, gogora ekarri dute beste Parlamentu autonomiko askotan onartu direla ebazpenak haien eskumenetatik kanpo dauden gaien inguruan, eta aurrerantzean ere hala behar duela izan nabarmen dute.

Amaitzeko, "Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ekimen politiko, sozial eta instituzionalak" abiarazteko eskatzen diote Generalitateari, "Katalunian, Estatuan nahiz nazioartean".

Zentsurarik eta inposaketarik ez duela onartuko esan du Torrentek

Auzitegi Konstituzionalaren ohartarazpenei entzungor eginez, Roger Torrentek esan du ez dituela talde parlamentarioak zentsuratuko eta erantsi du prest dagoela erabaki horren ondorioak bere gain hartzeko.  

"Diputatuen ordezkaritzarako eskubidea eta adierazpen askatasuna bermatuko ditut; izan ere, zentsura onartzea parlamentarismoa mugatzea eta Ganbera isilaraztea izango litzateke", azaldu du.

"Nahikoa da. Ez dugu zentsura saiakerarik onartuko, ezta Parlamentuan zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez inposatzerik ere. Ez dut zentsurarik onartuko. Ez dut diputatuen adierazpen askatasuna mugatzea onartuko", azpimarratu du.

Torra: "Herriak nahi duen tokiraino joango gara"

Bestalde, Quim Torra Generalitateko presidenteak pozik hartu du hiru alderdi independentistek Parlamentuko Mahaian adostutako adierazpena.

"Oso adierazgarria da Auzitegi Konstituzionalak autodeterminazio eskubideaz hitz egite galarazi digunean, Generalitatea autodeterminazioaz aritzea eta Parlamentuko Mahaiak ildo horretan ebazpen bat onartu izana", azpimarratu du.

"Inork ez dezala pentsa herritarrek eskatzen diguten ildotik jarraitzeari utziko diogunik. Herritarrek nahi duten tokiraino iritsiko gara. Beti defendatuko dugu autodeterminazio eskubidea", ziurtatu du.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X