Jordi Sanchez: 'Gobernu egonkor bat eratzen denean dena errazagoa izatea espero dut'
Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak bi urte baino gehiago darama kartzelan, ‘proces’ auziaren epaian sedizioa leporatuta. Lledonersko espetxetik, Radio Euskadik egindako galdera guztiei erantzun die. Katalunian hauteskundeak aurreratzea baztertu du, oposizioko alderdien helburu bakarra agintea eskuratzea bada.
1- Eraginik izan al du espetxeak zure gogoan? Eta zure ideologia politikoan?
Orain arte espetxearen gogortasunak ezin izan nau desanimatu, ezta nire uste politiko eta etikoak baldintzatu ere. Irmo jarraitzen dut autodeterminazio eskubidearen defentsan Estatuaren jardun eta lege bidegabeen aurrean, eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintza politikoak beharrezkoak direla uste dut. Eta ziur naiz epaileen togak alde batera utzi eta politika berrezarriko dela Espainiak eta Kataluniak bizi duten gatazka politikoa konpontzeko orduan.
2- Epaia irakurri eta aztertu ostean, ulertzen al duzu zigorra?
Logika politikotik aztertuta bakarrik uler dezaket, ez zuzenbidearen ikuspuntutik. Oinarrizko eskubideen aurka egiten duen botere judizialak ezarritako zigor politiko baten amaiera da epaia. Amnistia Internazionalak kaleratu berri duen txostenak ez du zalantzarik uzten horren inguruan.
3- Mugimendu independentistak itxurakeria besterik ez zuela egin esatera dator epaia, non dena kartoi-harrizkoa zen. Horrela izan zen? Inprobisazioa eta presioa nagusitu ziren kalean eta erakundeetan, negoziazioa bilatzeko?
Hautetsontzietan botoa eman zuten 2,3 milioi herritarrak ez dira kartoi-harrizkoak. Konstituzionalak 2010ean Estatutua murriztu zuenetik Katalunian bizi den etengabeko mobilizazioa inoiz Europan bizi izan den handiena da. Eta etorkizuna erabakitzeko erreferendum bat eskatzea ez da itxurakeria, inola ere ez.
Hori esanda, ukaezina da independentismoak elkarrizketarako duen borondatea. Urriaren 1a negoziatzeko aukera bat izan zen, eta oraindik ere horrela izaten jarraitzen du. Ia 2.000 hauteslekutan banatutako 6.000 hautetsontzi eta milioika boto-paper, hautesleku guztietan eratutako errolda eta mahaiekin, poliziaren presentzia handiak hori guztia eragotzi ezinik, ezin da egun batetik bestera inprobisatu.
4- Kataluniako egoera politikoak Katalunia ezegonkortu du lehenik, eta Espainia gero, bere sistemak karraska egin baitu, eta oso zigor gogorrak ezarri ditu. Nola bideratu daiteke egoera?
Elkarrizketa eta negoziazioa, errespetu demokratikoko esparru batean. Ez dago sekretu gehiagorik. Mundu guztiak daki konponbidea bilatzeko hori ezinbestekoa dela. Zeren zain gaude elkarrizketaren erronka geure gain hartu eta aurkariaren arrazoien ukazioaren erosotasunetik ateratzeko?
5- Katalunia egonkorrik gabe, ez dago Espainia egonkorrik. Madrilen oraindik ulertzen ez den zerbait da. Gainera, eskuin muturreko indar bat (Vox) goraldian dago, eta beste bat (Ciudadanos), jatorri katalanekoa, 1978ko itunen parte sentitzen ez dena. Egoerak ‘eztanda’ egin dezake?
78ko sistemak eztanda egin du dagoeneko. Orain ikusi behar da nola eta noiz berritzen den Espainia hori, erabakitzeko eskubidea onartu ondoren. Irteera hori zenbat eta beranduago bere gain hartu, orduan eta kostu politiko, ekonomiko eta sozial handiagoak izango dira Espainia osorako.
6- Espainiako Gobernuko presidenteak autokritika eta errektifikatzea eskatu dio Kataluniako independentismoari, baina Madrilen ez dago autokritikarik. Horrela infinituraino?
Negoziatzeko, alde guztiek egin behar dugu autokritika. Baina hauteskunde-kanpaina etengabean eta hauteskundeen menpe egoteak ezinezkoa egiten du beharrezkoa den autokritika hori. Espero dut gobernu egonkor bat eratzen denean dena errazagoa izatea.
7- Kataluniak 155. artikulua berriro ezartzea jasan lezake? Torra presidentearen erabakiak ikusita, batzuek esaten dute berarentzat erakundeak bigarren mailakoak direla. Erakundeak gauza guztien gainetik zaindu behar dira?
Zalantzarik gabe, autogobernu-erakundeak zaindu behar dira, baina ez edozein preziotan. Ezin zaio inposatu, orain Konstituzionalak nahi duen bezala, eztabaida parlamentarioari etengabeko zentsura. Parlamentari batek ezin badu edozein gairen aurrean hitz egin eta erabaki bat hartu, parlamentarismoa hiltzen ari da, demokraziaren esentzia.
8- Azken hilabeteetan indarkeria eta intolerantzia gertakariak ikusi ditugu. Batzuetan, kanpotik ikusita, jendea kalean elkarri eraso egiteko pauso batera dagoela dirudi. Egoera gehiago zaildu dezakeen 'txinpartaren bat' egon daiteke?
Aitortzen dut ez dudala kalean bizi den egoera zehatz-mehatz ezagutzen, 25 hilabete daramatzat kartzelan. Baina, egia esan, ez dut uste haustura horren existentzia baieztatzen duen kontakizunean. Polarizazioa hausturarekin nahastea larria da. Gainera, istiluak, kezkagarriak izan arren, ez dira gehiegi nabarmendu behar, eta indarkeriarekin eta istiluekin Estatuak etxean jokatzen duela uste dut, irabazteko aukera guztiak baititu.
9- Zer da bideragarriagoa, independentzia edo Katalunia Espainian berriz eroso sentitzea ahalbidetuko lukeen akordio bat?
Bata edo bestea, herritarrek aukeratu beharko dute, erreferendum batean bozkatuz. Erreferendumik gabe ez dago konponbiderik. Inkestei kasu egiten badiegu, ez da agerikoa herritarren gehiengoaren lehentasuna zein den. Nirea independentzia da.
10- Komenigarria litzateke Katalunian hauteskundeak deitzea?
Bi urte falta dira legealdia amaitzeko. Bakarrik dago justifikatuta hauteskundeak deitzea hauteskundeak aurreratu nahi dituenak zer egingo lukeen azaltzen badu eta hori orain egin ezin bada. Uste dut inor ez dagoela tesitura horretan. Beste gauza bat da hauteskundeak eskatzen dituztenek agintea eskuratzeko grina izatea. Jarrera hori zilegi da, baina ez da nahikoa hauteskundeak aurreratzeko.
11- Noizko espero duzu espetxetik ateratzeko lehen baimena?
Otsailetik aurrera, zigorraren laurden bat betetzen dudanean. Ordurako, 28 hilabete emango ditut preso. 48 orduko baimenak izango dira, urtean gehienez 36 egunekoak. Ez da inolako pribilegiorik, preso ororen eskubidea da. Espainiako eskuinak ere gezurra esaten du gai horretan. Batzuek espetxe iraunkorra betetzen ikusi nahiko gintuzkete!
12- Indultua eskatuko zenuke?
Ez. Indultua neurri pertsonala da, eta ni ez nago kartzelan kontu pertsonal batengatik. Zigor politiko bati bidezko irtenbidea emateko amnistia behar da.
13- Zuk egindakoari erreparatuta, merezi izan dizu? Berriro egingo zenuke?
Kartzela oso gogorra da, bereziki senideentzat. Inork ez dizkigu itzuliko lapurtutako urteak. Baina ez naiz damutzen nire jarduera sozial eta politikoaz. Balantzea egiteko, denbora gehiago pasatzen utzi behar da. Eskubideen konkista demokratikoak epe ertain eta luzera lortzen dira. Horren kontzientzia izatea da garrantzitsuena, eta borroka demokratiko eta indarkeriarik gabekoan jarraitzea. Eta Kataluniako gizartearen erantzuna ikusita ez dut zalantzarik merezi izan duela. Kartzelatik ateratzen naizenean herritar bat gehiago izango naiz, sartu aurretik nituen pentsaera berdinekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Berdintasunaren alde borroka egiteko deia egin du Anduezak
Gizarte askeago baten alde egindako lana aitortzen duten Bidegileak sariak banatu ditu Euskadiko Alderdi Sozialistak. Ekitaldian "berdintasunaren alde borrokatzeko" deia egin die sozialistei Eneko Anduezak.
Hauteskundeak egingo dituzte Gaztela eta Leonen igandean, eta PP da faborito
Alderdiek Gorteetan duten ordezkaritza handitu nahi dute, aurrerantzean 82 prokuradore izango baitituzte (orain baino bat gehiago), eta 42 beharko dira gehiengo absolutua izateko.
Hauteskundeak Iparraldean: Baionako bataila, abertzaleen erronkak eta ezkerraren zatiketa
Ipar Euskal Herriko 160 auzapez aukeratuko dira igande honetan eta, bigarren itzulia bada, hilaren 22an. Ezkerra zatituta aurkeztu da, EH Baik azken urteotako emaitza onak berretsi nahi ditu, eta EAJk bere eragina handitu nahi du.
Eusko Jaurlaritzak eta EHUk 2027-2030rako unibertsitate-plan berriaren oinarriak adostu dituzte
Lehen bilera horretan, Unibertsitate Sistemaren Planean jaso nahi diren bost ardatz nagusiak finkatu dituzte. Datozen hilabeteotan, ekintzak eta azpiegitura egokiak bermatzeko plangintza zehaztuko dituzte.
Euskadik ordezkari bana izango du Unescon eta Munduko Turismo Erakundean
Euskadirentzat aukera da interes berezia duten arloetan (kulturan, hizkuntzan, ondarean, hezkuntzan, zientzian, turismoan eta jasangarritasunean) solaskide izateko eta eragina izateko gaitasuna handitzeko.
Hauteskundeen eraginez ezin dituela presidenteak bildu esan die Espainiako Gobernuak Pradalesi eta Clavijori
Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak azaldu duenez, "Presidenteen Biltzarrak arau bat du: presidente guztiek egon behar dute, eta ez dira baldintzak betetzen". Izan ere, igande honetan hauteskundeak egingo dituzte Gaztela eta Leonen, eta inbestiduraren zain daude Extremaduran eta Aragoin.
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Euskadik Unescon eta Turismoaren Mundu Erakundean parte hartzeko akordioa sinatu dute
Estaturik gabeko nazioak diren Flandria, Quebec edo Katalunia bezala, Euskadi Unescoren eta Turismoaren Mundu Erakundearen (UNWTO) kide elkartu izango da aurrerantzean.
Muskizko EAJk alkatearen kontakizun "partziala eta lerratua" salatu du, bentzeno isuriaren egunean
Jeltzaleen arabera, lehendabiziko orduetan "tentsio eta nahasmen uneak" izan ziren, "osasun-agintarien informazio eguneratuaren zain zeuden bitartean".
Eusko Legebiltzarreko talde gehienek bat egin dute euskararen doako irakaskuntza lortzeko bidean
Talde gehienek, PPk eta Voxek izan ezik, euskararen doako irakaskuntza apurka aurrera egitearen alde egin dute. Halere, EH Bildu, EAJ eta PSE ez datoz bat egutegiari dagokionez, eta sektore pribatuan ikaskuntza nola bultzatu behar den ere ez datoz bat.
Pradalesek hamar neurri proposatu dizkio Sanchezi, gerrak enpresetan eta etxeetan eragingo duen kaltea arintzeko
Lehendakariak elektrizitatearen BEZa % 5era jaistea, elektrizitatea sortzeko zerga kentzea eta enpresek ordaintzen dituzten garraioko bidesariak murriztea proposatu du, besteak beste. Iragarri du, gainera, Eusko Jaurlaritzak neurri propioen lehen sorta onartuko duela laster.