PSOEren atzerapausoak zalantzan jarri du lan-erreformaren indargabetzea
EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek lan-erreforma osorik indargabetzeko sinatu duten akordioak hautsak harrotu ditu eta eskuineko alderdien eta patronalaren haserrea eragin du.
Koalizio subiranistak, baina, ituna publiko egin du, eta testua behin irakurtzea nahikoa da hiru alderdiek "Alderdi Popularrak 2012an martxan jarritako lan-erreforma osotasunean indargabetzeko konpromisoa" hartu dutela jakiteko. Dokumentua Adriana Lastrak (PSOE), Pablo Echeniquek (Unidas Podemos) eta Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) sinatu dute.
Koalizio subiranista eta Unidas Podemos bat datoz. Akordioaren helburua oso argi dagoela eta sinatutakoa bete egin behar dela azpimarratu dute. Alabaina, azken orduetan sozialistek egindako zehaztapenak zalantzan jarri du lan-erreformaren indargabetzea noraino iritsiko den.
Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagi eta Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du baliogabetzea erabatekoa izango dela, eta Irene Montero Berdintasun ministroa ildo beretik mintzatu da. "Sinatutakoa sinatuta dago", adierazi du TVEn.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Mertxe Aizpuruak ziurtatu du ituna indarrean dagoela eta PSOEk ñabardura bat egin duela, baina "forma kontua" dela "mamia baino".
Ildo horretan, esan du EH Bilduko ordezkariek jakin badakitela lan-erreforma ezin dela "egun batetik bestera" indargabetu eta hori gauzatzeko irizpideak ezarri beharko direla. Edonola ere, baikor agertu da.
Bestalde, Arnaldo Otegik azpimarratu du "akordioak betetzeko" egiten direla eta azaldu du ohar argigarriak "itunaren dokumentuari erantsi" behar zaizkiola, eta bestela ez dutela baliorik. "Agian norbaitek bere burua behartuta ikusi du interpretazio hori egiteko", erantsi du.
EH Bilduk adierazi du asteazkenean sinatutakoa "akordio handia" dela, eta orain itun hori garatu eta ezarri egin behar dela. Beraz, baztertu egin du beste akordio bat egitea.
Alabaina, PSOEk bestelako ideia zabaldu du. Adriana Lastra sozialisten bozeramaileak esan du Espainiako Gobernuak lan-erreformaren artikulu kaltegarrienak soilik kendu nahi dituela.
Jose Luis Abalos Garraio ministroak ere gauza bera adierazi du: "Indargabetzea partziala izango da, absentismoagatik langileak kaleratzeko aukera eta lan-hitzarmenetan ezarritako hainbat muga kenduko ditugu".
Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako ministroak, berriz, gehiago hoztu du ituna, alarma-egoera honetan lan-erreformari buruzko eztabaida abiatzea "zentzugabea" litzatekeela iritzita eta balizko aldaketak gizarte eragileekin adostuta egingo liratekeela esanda.
"Egungo errealitatearekin zentzugabea eta kaltegarria izango litzateke horrelako eztabaida sakon bat hastea, berme juridikorik gabe", esan du. Aurrez, Espainia alarma-egoera dagoela, 27.000 pertsona hil direla, BPGaren jaitsiera % 9koa izango dela aurreikusten dela, hiru milioi langile lan-erregulazioan daudela eta pobrezia-maila nabarmen hasiko dela ohartarazi du.

EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek sinatu duten dokumentua.
PP, Vox eta Ciudadanosen presioa
Itunaren sinatzaileek azalpenak ematen zituzten bitartean, eskuineko eta eskuin-muturreko alderdiek Pedro Sanchezen Gobernuari kontra egiteko baliatu dute egoera.
Voxek iragarri du ez duela parte hartuko koronabirusaren osteko berreraikitzeari buruz eztabaidatzeko Kongresuan sortu berri den lantaldean. Ana Pastor PPko bozeramaileak, berriz, EH Bildurekin "ezkutuko itun gehiago ez egiteko" exijitu du.
Pablo Casado harago joan da, eta Mariano Rajoyren Gobernuak ezarritako lan-erreforma kenduz gero "gosetea" egongo dela esan du.
Ciudadanosen iritzian, akordio horrek "zalantzaz beteko ditu herritarrak" eta egoera ekonomikoari ere eragingo dio.
Patronala, haserre
Antonio Garamendi CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko presidentearen arabera, patronalak bertan behera utzi du elkarrizketa soziala, lan-erreforma deuseztatzea jada hitzartuta dagoelako.
Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk egin duten akordioa "astakeria eta arduragabekeria itzela" dela esan du, eta ekonomian "ondorio kalkulaezinak" izango dituela ohartarazi du.
Akordioa "oso larria" dela eta enpresariak nahiz sindikatuak "ezustean" harrapatu dituela gaineratu du.
Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiari ez zaio gustatu ituna. Lan-erreformari buruz elkarrizketa sozialerako mahaian hitz egin behar dela azpimarratuta, eta foro hori ez uzteko eskatu dio patronalari.
Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusia ere ildo beretik mintzatu da. "Osasun krisiagatik eten genuen eztabaida berreskuratu behar dugu elkarrizketa sozialerako mahaian, jakinda lan-erreforma indargabetzeko Kongresuan gehiengoa izatea ezinbestekoa dela", esan du.
ELA eta LAB pozik agertu dira, baina ez dira fidatzen
Bien bitartean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak albiste ontzat eman du lan-erreforma indargabetzeko ituna, "langileentzako garaipena" dela nabarmenduta.
Alderdi Popularrak 2012an martxan jarritako lan-erreforma ez ezik, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak egindako erreforma ere bertan behera uzteko eskatu du ELA sindikatuak.
"PSOEk, UPk eta EH Bilduk sinatutakoa betetzea oso albiste ona litzateke, baina Pedro Sanchezen alderdiaren bilakaera txarrak aurrerapauso gutxi iragartzen ditu", adierazi du ohar batean.
LAB sindikatuak ituna betetzeko eta lan-erreforma osorik baliogabetzeko eskatu du, "azken zortzi urteotan langileen baldintzak okertzeko erabili duten tresna nagusietako bat izan baita".
"Itun hori langile guztientzako garaipena da", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Alkatetzak argituta, Euskal Hirigune Elkargorako lehia irekitzen da orain
Apirilean erabakiko da zein izango den Ipar Euskal Herriko erakunde administratiboaren lehendakari berria. Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea izan da 2017tik karguan, baina Iriart zein Etxeleku ere hautagai izan daitezke.
Baionako auzapez izaten jarraituko du Etchegarayk, Blanco estreinatuko da Biarritzen, Etxeleku Kanbon, eta EH Baik babesten duen Horn Bokalen
Orain arteko auzapezek errepikatuko dute Hendaian, Donibane Lohizunen, Azkainen, Maulen eta Beskoitzen. EH Baik Urruña galdu du.
Chivitek, UPNk eta PPk gogor gaitzetsi dute Korrikan ETAren aldeko ikurrak erakustea
Korrika Txantreatik (Iruñea) igaro denean, lekukoa zeramaten bi lagunek ETAko bi presoren argazkiak erakutsi dituzte, eta horrek UPNren, PPren eta Maria Chivite Nafarroako presidentearen haserrea eragin du.
Egiari Zor Fundazioak Pasaiako sarraskiko biktimak omendu ditu, hil zituztenetik 42 urte bete direnean
Estatuko Segurtasun Indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztela 42 urte bete dira gaur, eta horren kariaz Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin du Azpeitian, biktimen jaioterrian, haien lagun eta senideekin batera.
Otxandianok "bakearen ekonomiaren aldeko lidergo politiko sendo baten falta" leporatu dio Pradalesi
Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak kritikatu egin du Mikel Torres Ekonomia sailburuak "armagintza-industria babestu eta garatzearen alde" egin zuela.
Pradalesek Agirreren ondarea aldarrikatu du haren heriotzaren urteurrenean: "Bake gizona, letra larriz"
Lehendakariak Jose Antonio Agirre ekarri du gogora, haren heriotzaren 66. urteurrenean, eta haren balioek nazioarteko egungo testuinguruan duten indarra azpimarratu du.
Abian da udal hauteskundeen bigarren itzulia Ipar Euskal Herriko 11 herritan
Baionan eta Biarritzen aliantzak lortu dituzte aste honetan bigarren itzulirako txartela lortu duten zerrendetako batzuek. Kanbon, Donibane Lohizunen, Hendaian, Urruñan, Maulen, Bokalen, Beskoitzen eta Azkainen, ordea, ez dute adostasunik lortu, eta hautagaitza bakoitzak bere bidea egingo du.
Ione Belarrak "zitala" deitu dio Josu Jon Imazi
Irango gerraren harira, deigarria izan da gaur Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuaren kontra erabili dituen hitzak: "Gerra hau Josu Jon Imazek ordaindu dezala, zitalki joan zen-eta Donald Trumpengana".
PSNko zinegotzi batek eraman du Korrikako lekukoa Milagron, eta ikusleen artean Santos Cerdan izan da
Erriberan ibili da larunbat honetan Korrika eta Milagron, PSNko zinegotzi sozialista batek eraman du lekukoa Udalaren izenean (UPNk eta PSNk osatzen dute udalbatza). Euskadin ez bezala, alderdi sozialista normaltasunez ari da Korrikan parte hartzen Nafarroan. Milagro, bestalde, Santos Cerdan PSOEren antolakuntzako idazkari ohiaren herria da eta ETBk jaso duenez, terraza batean harrapatu du Korrika. Handik, irribarretsu agurtu ditu korrikalariak.
ETAk hil zuen Juan Priede Orioko zinegotzi sozialista gogoratu dute
Jose Ignacio Asensiok esan du apartheid politikoa gauzatzea ekidin zutela Priede bezalako pertsonek. Urte gogor haietan askatasunaren alde pauso bat eman zutela nabarmendu du, eta haien memoria politikoki ez erabiltzeko eskatu dio eskuinari eta ultraeskuinari.