Elkarrizketa Radio Euskadin
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Urkullu: "Badugu sarea, egoera latzago bati aurre egiteko prest gaude"

Lehendakariaren arabera, asteazkenera edo ostegunera arte itxaron beharko da "neurrien lehen 10 egunen emaitzak aztertzeko". "Aukera guztiak ditugu mahai gainean", aitortu du.
18:00 - 20:00
Eusko Jaurlaritzak aste honetan erabakiko du neurri zorrotzagoak ezarriko dituen

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du koronabirusaren hedatzea geldiarazten saiatzeko hartutako azken neurriek izan dituzten emaitzen zain egon behar direla neurri berriak hartzeko, eta asteazkenera eta ostegunera arte (orduan bilduko da lurralde arteko batzordea) itxarongo dutela adierazi du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Urkulluk ez du baztertu etxeko konfinamendua: "Neurri guztiak aztertzen ari gara. Dena dela, orain halakorik iragartzen badut, alarma gisa ulertuko da, etxeko konfinamendua etorriko dela".

Lehendakariak gogorarazi duenez, egun indarrean dagoen alarma egoeraren dekretuak ez du aurreikusten erkidegoek erabateko isolamendua ezartzeko aukera, eta erantsi du halako muturreko neurri batek "eragina" izan lukeela ekonomian eta "aurrekontuetan moldaketak" egin beharko liratekeela; dena dena, "murrizketak" baztertu ditu.

Hori horrela, etxeko konfinamendua ezarri baino lehen "osasuna eta ekonomia babesteko" beste neurri batzuk har daitezkeela nabarmendu du, hala nola, etxeratze aginduaren ordua aurreratzea edo "ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomikoak ordu jakin batean etetea". Urkulluren iritzian, "egoera kezkagarri honetan ditugun baliabideak aztertu behar ditugu".

Erietxeetan den presioari dagokionez, lehendakariak argitu du ZIUetan 97 ohe dituztela beteta eta ondorioztatu du "sarea" badagoela, "egoera latzago bati aurre egiteko prest" dagoela Euskadi. 

Lehendakariak adierazi du Europan hartzen ari diren neurriak aztertzen ari direla, "gurean ezar daitezkeen ereduak ikusten". Horren ildoan esan du beste jarduera batzuk bertan behera geratu arren, aurrez aurreko hezkuntzari eutsi ahal zaiola.

Osakidetzako egoera

Osakidetzako sindikatuek egindako kritika eta aldarrikapenei erantzunez, datuak plazaratu ditu Urkulluk. Zehaztu duenez, iazko datuekin alderatuta, Euskal Osasun Sistemaren langileria % 8,3 hazi da, eta gaur gaurkoz 38.000 behargin daude. "Koronabirusaren lehen olatuan baino hobeto prestatuta gaude", erantsi du, baina gogorarazi du aurrekontuak ez direla "mugagabeak". Horren harira, argitu du 340 milioi euro bideratu dituztela COVID-19ak eragindako osasun gastuetara.

"Pandemia honek luze joko du, berarekin bizitzen jakin behar dugu", azpimarratu du. Urkulluren ustez, lehen olatuaren ostean "gehiegi erlaxatu ginen bai modu indibidualean zein kolektiboan".

Ostegunean zein asteburuan izandako istiluak ere hizpide hartu ditu lehendakariak. Ostiralean "terrorismotzat" jo zituen, baina gaur zehaztu du ez zela "zigor kodearen interpretazioaz" ari, bere asmoa gertatutakoaren larria azpimarratzea zela. Istiluon atzean nortzuk dauden galdetuta, Urkulluk argitu du "estrategiak" badaudela eta ikerketa zabalik dagoela, baina aipatu du "eskuin muturreko, eta mugimendu antisistemako eta muturreko ezker mugimenduetako" jendea dagoela gertakariekin lotuta.

____________________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X