Orive: "Orain ezin gara azkar joan. Ezin dugu lehengo akatsa berriro egin"
Agintari politikoek COVID-19aren hedapenari aurre egiteko neurriak ezartzen dituzten arren, pandemiaren tamainari buruzko kontzientzia argia ez badago eta herritar bakoitzak ez baditu norbera babesteko neurri pertsonalak hartzen, ezinezkoa izango da arazo hau konpontzea. Horregatik, pedagogia funtsezkoa da herritarrak oso nekatuta dauden testuinguru honetan. Agintari politikoen erantzukizuna da informazio argia eta gardena helaraztea.
Horiek dira Gorka Orive EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak eta ikerlariak bota dituen mezuak, ETBko zerbitzu informatiboei eskainitako elkarrizketan. Hona laburpen bat:
· Egungo egoeraren analisia
Gure gaurko egoera ez da ona. Intzidentzia tasa oso altua da Euskadi osoan, eta egoera txar horren aurrean, orain, neurri batzuk hartu dira. Neurriak gogorrak dira, baina inguruko beste herrialde batzuetan hartu dituztenekin alderatuta, gogorragoak izan daitezke. Hemendik bi edo hiru astera ikusiko ditugu neurri hauen emaitzak, eta horiek erakutsiko digute neurri zorrotzagoak ezarri behar diren edota hauekin ondo goazen.
· Zergatik heldu gara puntu honetara?
Hasteko, pandemia egoera batean gaude eta oso kutsakorra den birus baten aurrean gaude. Goiko arnasbideak kaltetzeko ahalmen handia duen birus bat da, eta hori kritikoa da birusa kutsatzeko eta transmititzeko orduan. Bigarrenez, logikoki, uda txarra izan dugula esan behar da. Ez dugu deseskalatze prozesua modu egokian egin, oso azkar egin dugu, eta horrek eragin du ezin mantentzea maila baxuetan udako kutsatze kopuruak. Abuztuan ia 800 kasu izan genituen egun bakar batean. Beraz, egoera txar batetik abiatu gara.
Neurriak hartu dira, baina beti da posiblea neurri gehiago hartzea. Zalantzarik gabe, ahalegin handia egiten ari da PCR probak egiteko, baina ezin dugu ahaztu, neurriei dagokienez, ezin dugula semaforoa gorri egon arte itxaron.
Zentzu horretan, herritarrek ere badute erantzukizun indibiduala eta kolektiboa. Pandemiak guztiok eragiten gaitu, agintariei zein herritarrei. Beharrezkoa da mundu guztia honen jakitun izatea: neurriak egon arren, nik ez badut nire burua babesteko neurririk hartzen, ezinezkoa izango da hau konpontzea.
· Neurrien egokitasuna eta eraginkortasuna
Martxotik hona krisi honek zerbait irakatsi badigu zer da: neurriak lehenago hartzen, murrizketak lehenago ezartzen dituena egoera hobeto kontrolatzen duena da. Hau da, birusak aurrea hartzea ekiditen saiatzen dena da gero emaitza hobeak dituena. Hemen hartu diren neurrien gaineko galdera hurrengoa da: Kutsatzeen argazkiari dagokionez neurri egokiak dira? Niri, pertsonalki, agintariek informazio hori pedagogikoki transmititzea gustatuko litzaidake. Zergatik hartu dira neurri hauek eta ez beste batzuk?
Beste galdera litzateke neurriak egokiak diren denboran zehar, norbaitek pentsatu baitezake neurri hauek semaforoa horiz zegoenean hartu ahalko zirela, eta ez gorriz dagoenean. Pandemiak utzi digun beste lezioetako bat da. Orain ezin gara arin ibili, ezin ditugu epe motzean helburuak ezarri. Aurrekoan ikusi genuen, oso konfinamendu eraginkor batekin, baina oso mingarria zentzu askotan. Ezin dugu akats bera errepikatu.
· Mezua Gabonetara begira
Pandemia baten barruko Gabonak izango dira. Arnas birus bat oinarri duen osasun krisi batean gaude eta, beraz, harreman sozialak ekidin behar dira, ahal den heinean.
Batzuentzat mingarria izango den arren, Gabon kontrolatuak izan beharko dira, eta burbuila txikietan igaro beharko ditugu, neurri guztiekin: musukoa, eskuak garbitzea eta distantzia. Horrekin, espero dezagun datorren urteari modu hobean ekitea. Ziur aski, lehenengo txertoak ikusi ditugun urtea izango da.
· Zer ikasi dugu?
Asko ikasi dugu azken hilabeteetan, maila zientifikoan eta maila sozialean. Birusaren eta gaixotasunaren inguruan gehiago dakigu orain, baita transmisio bideen inguruan ere. Eta arrisku puntuak non dauden ere lehen baino hobeto dakigu. Oso argi daukagu ingurune itxiko birusa dela.
Txertoari eta medikazioaren inguruan ere asko ikasi dugu. Entsegu kliniko asko jarri dira martxan denbora oso laburrean eta zoritxarrez, oraindik, sendagai asko ez dugu. Medikuntzan asko erabili den dexametasona botikak bakarrik eman ditu emaitza eraginkorrak koronabirusaren aurrean; hainbat gaixo salbatu ditu.
Azken hilabeteotan ikusi dugu pandemiari aurre egiteko erabili diren estrategia ezberdinek emaitza ezberdinak eman dituztela; jendearen mugimendu eta harremanak guztiz eteten badira, infekzio iturria jaitsi egiten da.
Ikusi da, baita, zenbait herrialdek, Hego Koreak edota Japoniak, esaterako, birusa errotik desagerrarazteko ahaleginak egin dituztela, neurri eta kontzientzia lan oso zorrotzekin. Emaitza oso onak lortu dituzte. Beste herrialde batzuetan, Europako gehienetan eta Estatu Batuetan, egin den aukera beste bat izan da: birusarekin elkarbizitzen egotea. Bigarren aukera honek emaitza txarragoak eman ditu.
· Etorkizun hurbila
Zaila da zer etorriko den jakitea. Argi dagoena da oso egoera txar batetik abiatuko garela, gure egoera adierazten duen semaforo bat dugun arren, ezin dugu ahaztu semaforo hori gure neurrira eginda dagoela. Helburua litzateke semaforoaren parametroak jaistea, adibidez, gorria 100.000 biztanleko 50 kasuetara. Gaur egun ditugun datuekin, gauzak txarrera badoaz, uste dut berehala agertuko dela etxeko konfinamenduaren mamua. Ez dakit orokorra, partziala ala asimetrikoa izango den. Herrialde batzuetan erabaki hori hartu dute bigarren olatu honetan.
Edozein kasutan, oso garrantzitsua iruditzen zait, konfinamendua bezalako neurri handi bat hartu behar badugu, dena pedagogiaz eta gardentasunez egitea. Garrantzitsua azaltzea zergatik eskatzen diguten ahalegin gehigarri hau. Letra txiki gutxia azaltzea zaila izango den egoera bat izango da.
Oso egoera aldakor batean gaude, eta herritarrak oso nekatuta daude. Gutako bakoitzak pentsatu behar duena da nola moldatu dezaket nire bizitza testuinguru honetara eta kutsatzeko aukerak gutxitzea. Gutxitzea izan daiteke, adibidez, espazio irekiak bultzatzea eta itxiak ekiditea.
Argi dago gaur egungo kutsatze mailarekin, hemendik bi astera ospitaleratzeek gora egingo dutela. Ikusiko dugu kutsatzeak murrizteko gai garen.
· Txertoa
Txertoa izango dugu, inolako zalantzarik gabe. 300 bat hautagai edo txerto-aukera lantzen ari dira mundu osoko laborategietan, eta horietatik 30-45 inguru entsegu klinikoetan daude, eta 10, jada, 3. fasean. Urtea amaitzerako baliteke txertoa izatea. Hain denbora laburrean, txerto baten inguruan horrelako emaitzak izatea izugarria da.
Baina, orain, txertoak izango ditugunez, oso inportantea da mezu egokiak helaraztea biztanleei: zer den txertoa, zertarako den, zer espero beharko dugun txerto honengandik… Askok, akaso, pentsatuko dute txertoa iristen denean dena konponduko dela, hau da, musukoak kendu eta lehengo bizitza errekuperatuko dutela. Ez da horrela.
Txertoak ez du desagerraraziko infektatzeko arriskua. Ahalbidetuko du infektatu den pertsona horren sintomatologia arintzea.
Txertoari buruz inportantea da esatea ez direla % 100 eraginkorrak. Gutxi gorabehera, 10etik 7k lortuko dute immunitatea eta 3k, agian, ez. Hori esan egin behar da.
Eta noski, esan behar da, baita ere, merkaturatuko diren txerto guztiak oso seguruak eta eraginkorrak izango direla. Izen handiko laborategiak ari dira txerto horiek garatzen, eta erregulazio prozesu zorrotzak pasatu behar dituzte merkaturatu aurretik.
Zure interesekoa izan daiteke
Milaka euskaltzaleren bultzadaz hasi dira gaur Senperen geroa eraikitzen
Urtero bezala, milaka euskaltzale bildu dira gaur Senpereko lakuaren bueltan, aurten helburu zehatz bat jomugan: Donapaleun lizeo berria izan dezaten laguntzea. Jai giroa izan da nagusi goizetik arratsera, baina aldarrikapenak ere izan du lekua.
Pertsona bat atxilotu, beste bat ikerketapean jarri eta hainbati espedientea ireki diete Gasteizko bi diskotekatan egindako kontroletan
Ertzaintzak bost arma zuri eta objektu arriskutsuak konfiskatu ditu gaur goizaldean bi diskotekatan ezarritako segurtasun-dispositiboetan egindako kontroletan.
Zumaiako flyschean harrapatuta geratu diren 40 bat lagun erreskatatu behar izan dituzte
Algorri hondartzan ez atzera eta ez aurrera geratu dira, mareak ezustean harrapatu baititu txangoa egiten ari zirenean.
"Manifestazio erraldoi batek" zaintza sistema eraldatzea eskatuko du 2027ko apirilaren 17an, Bilbon
Denon Bizitzak Erdigunean dinamikatik deitu du mobilizazioa. Izan ere, azaldu dutenez, oraindik ere badaude zaintza sistemaren "gabeziak" salatzeko nahikoa arrazoi, 2023ko azaroaren 30eko greba orokor feminista eragin zuten berberak, hain zuzen ere.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Gasteizko Alde Zaharrean botila hautsi batekin eraso egin baitu
Ertzaintzako kalez jantzitako patruila batek gizon bat atxilotu du Gasteizko Alde Zaharrean, beste bati botila hautsi baten lepoarekin erasotzea egotzita. Barne ikerketa abiatu dute poliziaren jarduna aztertzeko.
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, Arrotxapean emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzea egotzita
Erasoa goizaldean gertatu da, Trinitarios inguruan, Iruñean. Hiru gaztek biktimaren oihuak entzun dituzte, eta horiek geldiarazi dute erasoa. Biktima sexu-erasoetarako protokoloari jarraituz artatu dute, eta atxilotua beharrezko izapideak betetakoan eramango dute epaile aurrera.
132 salaketa jarri dituzte Igorreko errugbi taldeak saldutako Gabonetako loteria txartelen auziagatik
Arratiko Zekorrak Rugby Taldeak onartu zuen 90.693 zenbakiaren partizipazio gehiegi saldu zituela, behar zuena baino 225 gehiago hain zuzen ere. Kaltetuek, hala ere, diote 286 direla kobratu gabeko txartelak, eta ia 2,8 milioi euroko zuloa dela hori.
Angelun bukatu da gaskoiaren aldeko lasterketa, 2.000 kilometro baino gehiago eginda
Apirilaren 30az geroztik, lekukoak bide luzea egin du eta milaka lagunek hartu dute parte lasterketan.
ELAk, LABek eta Steilasek ausardia eskatu diete alderdi politikoei eta euskaldunen hizkuntza eskubideak aldarrikatu dituzte
Lakuntzak (ELA) adierazi du milaka pertsona batu dituen gaur arratsaldeko mobilizazioaren asmoa zela "euskarak bizi duen erasoaldi politiko eta judizialari erantzun antolatu bat ematea". Aranburuk (LAB), bestalde, iritzi dio "gaztelania inposatu nahi dutela eta administrazioko langileei euskaraz lan egiteko eskubidea zaildu nahi dietela.
Bi adingabe eta haien aita atxilotu dituzte Gasteizen ikaskide ohi bati estortsioa egiteagatik
Antza denez, dirua eskatu zioten bere argazki batzuk (biluzik ageri zen horietan) ez zabaltzearen truke. Mutilak ordainketa egin zuen, baina handik bi astera berriro jarri ziren berarekin harremanetan, sare sozialen bidez, diru gehiago eskatzeko. Biktimari makila batekin eta labana batekin ere egin zioten eraso.