Egiari Zor Fundazioak legea baliatzeko deia egin die polizia-indarkeriaren biktimei
Egiari Zor Fundazioak polizia-indarkeriaren biktimak babesteko Eusko Legebiltzarrak onartu zuen legea baliatzeko deia egin du, "giza-eskubideen urraketak jasan dituen inor babesik gabe gera ez dadin".
Fundazioko ordezkariek agerraldia egin dute goizean Azpeitian, 1984an Poliziak Pasaian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistak erakundeko lau kideen oroimenez antolatu dituen ekimenen berri emateko.
Tasio Arrizabalaga bozeramaileak Estatuaren indarkeriaren "biktima guztiak ofizialki aitortzea" ezinbestekoa dela esan du, eta hala aldarrikatuko dute datorren martxoaren 24an, Egia jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunean.
"Egun hainbat tresna ditugu erabilgarri, tartean Eusko Jaurlaritzaren 12/2016 Legea. Estatuak, zuzenean edo zeharka, erabilitako indarkeriak Euskal Autonomia Erkidegoan, 1979 eta 1999 urteen artean, eragin zituen biktimak aitortzeko eta juridikoki babesteko legea da", azaldu du Arrizabalagak. Halaber, babesa jasotzeko eskabideak aurkezteko epea abenduan bukatuko dela zehaztu du.
Lege horren babesa eskatu dute, besteak beste, Pasaiako sarraskian Poliziak eraildako lau lagunen senideek.
"Oso garrantzitsua da eskura ditugun bitarteko guztiak erabiltzea Estatuak Euskal Herriko gatazka politikoan erabili dituen indarkeria mota ezberdinak azalerazteko eta gehiegikeria horien biktimarik babesik gabe ez geratzeko", azpimarratu du.
Agerraldian, Peio Aizpuruk ere hartu du hitza. Pasaian hil zuten Dioni Aizpururen anaia da. Eraso hura polizia-indarkeriaren inpunitatearen adibiderik garbienetako bat dela adierazi du.
Bertsio ofizialaren arabera, Pedro Maria Isart, Dionisio Aizpuru, Jose Maria Izura eta Rafael Delas tiroketa batean hil zituzten. Alabaina, handik bizirik atera zen Joseba Merino Komando Autonomo Antikapitalistetako kide izan zenak "enboskada bat" izan zela defendatu du beti, bertsio ofiziala gezurtatuta. Hamarnaka tiro emanda hil zituzten laurak.
Lau militante horien omenez lore-eskaintza egingo dute gaur Azpeitian, eta ekitaldi nagusia larunbatean egingo dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Denis Itxaso: “Kaleratze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Gaur egingo dira Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"